Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Mondragon Unibertsitatearen ekintzailetza berritzailearen eredua Dubain erakusten da
Mexikon, Txinan, Hego Korean eta Alemanian ekintzailetza-laborategiak ezarrita, Mondragon Unibertsitatearen ekintzailetza-ereduak mugak gainditu ditu, eta parekorik ez duen unibertsitateen arteko nazioarteko esportazioaren erakusgarri bakarra da. Espainiako Goi Komisarioak Dubaiko Erakusketa Unibertsalean programatu dituen ekintzetan parte hartzea jauzi kualitatiboa da, eta Mondragon Unibertsitatearen lidergoa eta «learning by doing» (eginez ikasten) ekintzailetza-ereduaren arrakasta islatzen ditu. Unibertsitateak aste honetako ostegun eta ostiralean aurkeztuko du bere prestakuntza-eredua Spain Entrepreneurial Nation Summit (Espainiako Nazio Ekintzailearen goi-bilera) izeneko ekitaldian, Espainiak Dubaiko Expon duen pabiloian.
Hain zuzen ere, Mondragon Unibertsitateak gaur osteguna, 12:30ean, hartu du parte ekitaldian, Aitor Lizartza Martín solaskide dela. Mondragon Team Academyren sortzaileetako bat da Lizartza, eta MTA ekintzailetza-koordinatzailea Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean. Mondragon Team Academy Mondragon Unibertsitatearen nazioarteko ekintzailetza-sarea da, eta ekintzailetza sustatzen du graduko eta graduondoko prestakuntza-programa berritzaileen bidez. Hizlariak Mondragon Unibertsitatearen «eginez ikasten» ekintzailetza-eredua azalduko du, eta, gainera, hizpide izango ditu unibertsitatearen ekintzailetza-ekosistema, ikasleen artean talentu ekintzailea sustatzea xede duten coachen rola —lehengo irakasleak entrenatzaile dira orain— eta prestakuntza-eredu horri aplikatutako berrikuntza.
LEINN, kasu arrakastatsua
LEINN – Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua dago eredu arrakastatsuaren erdigunean.
LEINN efektua oso deigarria da, eta munduan zehar izan duen hedapena ezohiko fenomenoa da esparru akademikoan. Martxan jarri eta hamahiru urte igaro ostean, mundu osoko gaztek egin dute Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak 2009. urtetik eskaintzen duen Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua (LEINN), ekintzailetzarako, lidergorako eta berrikuntzarako ezagutzak biltzen dituen nazioarteko gradu bakarra.
LEINN formulak sekulako arrakasta izan du, eta, horri esker, gradua mundu osoan zehar hedatu da, Mondragon Unibertsitateak Europan, Amerikan eta Asian dituen berrikuntzarako 10 laborategien bitartez (horietako 8tan garatzen da LEINN). Prestakuntzari aplikatutako berrikuntzaren adibide paregabea da. Taldean «eginez ikasten» metodologian oinarritutako gradua da, eta ikasleek eurek zehazten dute ikaskuntza-ibilbidea, zalantzak argitzen laguntzen dien talde-entrenatzaile batekin —lehengo irakaslea da, baina, orain, teamcoach-eginkizuna betetzen du—. Metodologia horren bidez, lehenengo egunetik, benetako enpresa bat sortu behar dute ikasleek, benetako bezero, produktu eta zerbitzuekin, eta diru-sarrerekin. Mondragon Team Academy nazioarteko komunitateak 3.000 ekintzaile baino gehiago biltzen ditu, eta LEINNen sortutako taldeek 120 enpresa baino gehiago dituzte.
Expo Dubai eta Spain Entrepreneurial Nation Summit
«Gogoak konektatu, etorkizuna sortu» goiburuarekin, Expo Dubaik COVID-19aren osteko lehenengo munduko topagune handia izan nahi du, mundu eta etorkizun hobeak eraikitzeari buruz eztabaidatzeko.
Planetaren etorkizunaren inguruan hausnartzeko asmoz, 190 herrialde baino gehiagoko ordezkariak Dubain bilduko dira 6 hilabetez, aurrez aurre, martxoaren 31ra arte. Spain Entrepreneurial Nation Summit goi-bilera otsailaren 3an eta 4an egingo da, Dubaiko Erakusketa Unibertsalean Espainiaren eguna ospatu eta biharamunean.
Ekitaldiaren bidez, erakusketa unibertsalaren barruan gune berezi bat sortu nahi da Espainiak herrialde-marka jakin bat gara dezan, garapen ekonomikoa eta soziala bultzatuko duten ekintzailetzaren eta berrikuntzaren aldeko apustuarekin lotura sendoa duen marka, alegia. Horretarako, agenda bat diseinatu dute, apustu hori ondoen islatzen duten Espainiako enpresak eta proiektu eraldatzaileak ardatz hartuta. Enpresa eta proiektu horientzat, halaber, onuragarria izango da euren ikuspegia aukeraz betetako ingurune estrategiko batean partekatzea, erakusketa unibertsal batean eta Arabiar Emirerri Batuetan. Izan ere, gero eta enpresa gehiago ari dira herrialde horretara begira, euren negozioa garatzeko eta inbertsioa erakartzeko, eskualderako elkargune bilakatzen ari baita.