Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Mondragon Unibertsitateak urtarrilean estreinatuko du Zorrotzaurreko As Fabrik erakin berrira
Bilboko Udalak Zorrotzaurreko uhartean Bilbao As Fabrik campusa hartuko duen eraikin nagusia amaitu du. Proiektuak, garatzeko bidean dagoenak, EGEF funtsetako 12,4 milioi euroko finantzaketa du: 5,8 milioi euro, % 80an finantzatua, Hiri Jarduera Berritzaileetako programako UIA Bilbao As Fabrik proiektuaren bidez; eta 3,6 milioi euro, %50ean finantzatua, Hiri Garapen Iraunkor eta Integratuaren Estrategiako DUSI Zorrotzaurre proiektuaren bidez.
Eraikinak 5 solairu ditu: 0. solairua, solairuartea, 1., 2. eta 3. solairua. Hasieran, 0. solairua, solairuartea eta 1. solairua bakarrik okupatuko dira. Ikasgelak, hiri-laborategia eta makery delakoa (prototipoetarako espazioa) daude horietan.
Horrela, Mondragon Unibertsitateak datorren urtarrilaren 7an irekiko ditu ateak, hau da, Gabonak igaro bezain laster. Hara lekualdatuko dira As Fabrik-en ekosistemako unibertsitate-tituluetakoren bat egiten ari diren 228 ikasleak. Irailetik abendura bitartean, Bilbao Berrikuntza Faktoriaren campusean eta Zabalguneko Bilboko Udalaren eraikinean eman dira titulu horiek.
AS-FABRIK europar proiektutik sortu zen Zorrotzaurreko Bilbao As Fabrik proiektua, Bilboko Udala du buru, eta lankide-sare zabal baten babesa du (Mondragon Taldea, Deusto Foundation-Orkestra, EIKEN, GAIA, IDOM eta Bilbao Ekintza).
As Fabrik proiektuaren helburu nagusia da Bilboko zerbitzu aurreratuen eta 4.0 industriaren sektorea sustatzea eta horien lehiakortasuna hobetzea.
Ekintzailetza- eta berrikuntza-ekosistema bat izateko xedez sortu da Bilbao As Fabrik. Izan ere, unibertsitate-prestakuntza eta enpresa-ekimen berritzaileen eragileen komunitatea uztartuko ditu.
Hala, prestakuntza akademikoa ez ezik, honako hauek ere barneratuko ditu proiektuak: zerbitzu aurreratuen arloko startupen inkubazioa eta azelerazioa; ekipamendu teknologikoz hornitutako hiri-laborategiak, prototipoekin esperimentatzeko; eta Bilbao As Fabriken inguruko prestakuntza- eta ekintzailetza-ekosistema garatuko duten enpresak.
Mondragon Unibersitatea Zorrotzaurren
Hasieran, urtarrilaren 7an, Mondragon Unibertsitateko graduetako eta unibertsitate-masterretako ikasleak hasiko dira bertan; ondoren, startup-ak eta gainerako jarduerak gehituko zaizkie pixkanaka.
Eskaintza berritzailea eta praktikoa bilduko du Mondragon Unibertsitateak Zorrotzaurreko campusean, Bilbao AS Fabriken, enpresen eta gizartearen eraldaketetara eta benetako premietara ondo egokitua. Guztira 5 unibertsitate-titulu eskainiko ditu, hasiera batean, Bilbao AS Fabriken campusak bere eraikinean: Ingeniaritza Mekatronikoko gradu duala, Business Data Analytics gradua, Humanitate Digital Globalak gradua, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza gradu duala, eta Ikaskuntza Erraztea eta Berrikuntza unibertsitate-masterra. Ondoren, unibertsitate-titulu propioak gehituko zaizkio eskaintzari.
Bilbao As Fabriken eskaintza
- Mondragon Unibertsitateak Bilbon martxan jarri duen lehen ingeniaritza-gradua da Ingeniaritzako gradu duala. Urtarriletik aurrera, Zorrotzaurren emango du. Somorrostro Prestakuntza Zentroarekin elkarlanean ematen du Mondragon Unibertsitateak titulu hori. Hortaz, lanbide-heziketaren eta unibertsitatearen arteko lankidetza bultzatzen dute bi erakundeek. Horixe da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Unibertsitate Sistemaren 2019-2022 aldirako Planaren ardatz estrategikoetako bat. Mondragon Unibertsitatea estatu-mailako erreferentzia da lankidetza horretan.
- Era berean, Bilbon bakarrik ematen den gradu berri bat hasiko da Bilbao As Fabriken: Humanitate Digital Globalak gradua. Hirueleduna eta presentziala da, eta gizarte-fenomenoen eta erronka globalen gaineko ulermen sakona du helburu. Ikasketa globaletan eta humanitate digitaletan espezializatzeko aukera ematen du graduak.
- Joan den ikasturtetik Bilbon ematen den Business Data Analytics (BDATA) gradua ere Bilbao As Fabrikera eramango da. Datuen analisiari buruz Euskadin ematen den lehen gradua da. Era integralean bateratzen ditu enpresa-kudeaketaren, matematikaren, estatistikaren eta teknologiaren arloetako ezagutzak.
- Duela bi urte Bilbora heldu zen beste gradu bat ere eskainiko du Bilbao As Fabrikek, gainera: Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan gradu duala (myGADE). Gradu horrek lau urteko lan-esperientzia (DUALA) nabarmena eskaintzen du prestakuntza-aldian zehar. Hori dela eta, aukera erakargarria da praktikan oinarritutako prestakuntza-esperientzia baten bila ari diren ikasleentzat.
- Azkenik, unibertsitateak Ikaskuntza Errazten unibertsitate-masterra eskainiko du Bilbao As Fabriken. Prestakuntza hori erdi-presentziala izan daiteke, eta ikaskuntza- eta berrikuntza-prozesuak sustatzea xede duen titulazio bakarra da Estatuan. Aurten emango da lehen aldiz, Bilbon eta Madrilen.