Mondragon Unibertsitateak pausu bat gehiago eman nahi du First Lego League 2020 edizioaren antolakuntzan

Otsailaren 8an jokatuko da Arrasate txapelketa ofiziala eta MONDRAGON Korporazioko kooperatibek berebiziko garrantzia izango dute antolakuntzan.
2019/12/12

2019an MicroFLL-a arrakastaz antolatu eta gero, Mondragon Unibertsitateak FLL Euskadi-MONDRAGON lehiaketa ofiziala jasoko du datorren otsailaren 8an, eta honi begira lanean dihardute jada.

Innobasqueren egoitzan izandako FLL Euskadiren aurkezpenean Nekane Errastik, Mondragon Unibertsitateko koordinatzaile akademikoak “oraingoan pausu bat gehiago eman nahi dugula” adierazi zuen. Errastik azaldu zuenez, 2020an Mondragon Unibertsitateak First Lego League ofizialaz gain FLL Junior-a jasoko du, honek ikasle kopurua handiagoa eramanez Iturripeko Campusera. 

Ekitaldiaren antolaketan unibertsitatez gain, MONDRAGON Korporazioko zenbait kooperatibek hartzen dute parte, eta Errastik adierazten duenez “hauek erabat lerrokatuta daude gazteriaren etorkizuneko lanketan".

Leire Bilbao, Innobasqueko zuzendari orokorra: "MONDRAGONekin batera STEAM heziketa lantzea oso garrantzitsua da Innobasque erakundearentzat".

Bestalde, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari orokorrak, MONDRAGONekin batera STEAM heziketa lantzea beraientzat oso garrantzitsua dela nabarmendu du, bertako kooperatibek eskaintzen dituzten aukerak bide horretan baliatu behar direla azpimarratuz. 

Boluntarioei deia

Aurkezpen ekitaldia bukatuta, Nekane Errasti eta Leire Bilbaok otsailak 8an boluntario bezala parte hartu nahi duen orori deia luzatu nahi izan die. Beraien esanetan, behin First Lego League ekimenean parte hartzen duen edonork esperientziaz gozatuko du, ikasleen motibazioa eta parte hartzeko grina ikusgarriak baitira.

Beraz, gorde data, otsailak 8an Iturripen itxaroten zaituztegu!

 

Irakaskuntza unibertsitate zentroa