Irakurriena
- 1. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 2. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 3. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 4. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 5. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 6. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 7. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 8. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 9. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 10. Zorionak mende erdiko bideagatik!
'Mendeberri 2025' hezkuntza eredu berritua aurkeztu da
Unibertsitateak inguruan dituen enpresen, instituzioen eta gizartearen beharrei erantzuteaz harago, beharrei aurrea hartzen ere jakin behar du, egresatuen bidez aldaketaren eragile aktibo bihurtzeko, are gehiago etengabe aldatzen den egungo gizartean. Duela 75 urtetik hona Mondragon Unibertsitatearen ildoa gidatu duen baieztapen hori indar handiagoz azaleratu da gaur Orona Ideo campusean, Unibertsitateak Mendeberri 2025 hezkuntza-proiektua aurkeztu duenean. Proiektu berriak indarrean dagoen Mendeberri hezkuntza-eredua birdiseinatu eta berreraiki egin du, egungo eta etorkizuneko gizartearen aldaketek eskatzen duten beharrak aintzat hartuta. Unibertsitatea liderra den hezkuntza-berrikuntzako eredu disruptiboa dakar Mendeberri 2025ek. Unibertsitarien belaunaldi berrietara egokituta dago, eta graduko nahiz graduondoko ibilbide akademiko malgu eta pertsonalizatuetan oinarritzen da, egresatuek pertsona nahiz profesional gisa erantzuteko etengabeko aldaketak dakartzan etorkizun ezezagun baina zoragarriari. Esparru pedagogiko hori abiapuntu gisa proposatzen da; hau da, gerora curriculuma zabaltzea eta zehaztea eskatuko duen bide-orritzat.
Proiektu berriak indarrean dagoen Mendeberri hezkuntza-eredua birdiseinatu du eta egungo gizartera egokitu da
Hezkuntza-eredu berria eta Unibertsitatearen etorkizuneko erronkak aurkezteko ekitaldian hitz egin dute Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak, Unibertsitate bereko errektoreorde Jon Altunak eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaile Iñaki Larreak, baina beraiekin batera izan da, gainera, Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua ere. Orobat, jardunaldian hitzaldia eman du Xavier Aragarayk, esparru berriaren diseinuan Unibertsitatearekin elkarlanean aritu den hezkuntza-berrikuntzako adituak.
Mendeberri 2025
Jon Altunak, Mondragon Unibertsitateko Errektoreordeak, hezkuntza-eredu berriaren gakoak aurkeztu ditu, eta azaldu du gaur egungo irakaskuntza-ikaskuntza-ebaluazioa paradigma berrikustea ekarri duela, azken 30 urteetan unibertsitate-munduan izan diren aldaketa zorabiagarriak aintzat hartuta, eta etorkizun hurbilean are sakonak izango direla aurreikusita. Eredua hezkuntza-berrikuntzan oinarritzen da, informazioaren teknologien pean jaio eta hazi diren egresatu berriek, T belaunaldia edo Teknologiaren belaunaldia osatzen duten horiek, osoko prestakuntza baten bidez lagun dezaten etengabe aldatzen den gizartearen etorkizuneko erronkei aurre egiten.
Hausnarketa horien ondorioz hezurmamitu da, hain zuzen, Mendeberri 2025. Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak horren harira adierazi duenez, «unibertsitateak ikaslearen garapen integralean ardaztu nahi du, haren alderdi profesionalean nahiz pertsonalean, pertsona gisa eta herritar gisa hartuta, konpetentzietan trebatzeko eta bizitza osorako prestakuntza emateko, Unibertsitatearen beraren balioekin bat: lankidetza, partaidetza berrikuntza, pertsona gizartea eraldatzeko garatzea eta gizarte-erantzukizuna».
Horiek horrela, Mendeberri 2025ek beste urrats bat dakar Mondragon Unibertsitatea hezkuntza-berrikuntzaren aitzindari izateko bidean, eta gizartean, enpresetan eta instituzioetan gertatzen diren eraldaketei erantzuteko helburuan. Mondragon Unibertsitatearen aurreko hezkuntza-proiektua, Mendeberri, 2004an jarri zen abian eta, besteak beste, unibertsitateko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak eraldatu zituen hezkuntza-iraultza eragin zuen. Izan ere, Mendeberri ezarriz, Mondragon Unibertsitatea ia automatikoki egokitu zen Europako Goi-mailako Hezkuntza Esparrura. Horri esker, Europaren eskakizun berrietara egokitu zen lehen unibertsitatea izan zen Euskal Herrian, eta lehenetako bat Estatuan. Orain, Unibertsitatea hezkuntza-prozesuetan aitzindari izateko eginkizunean beste urrats bat ekarri du Mendeberri 2025ek.
Mendeberri 2025en hiru esparru nagusiak nabarmendu ditu Jon Altunak hitzaldian: modulu-bidezko diseinua eta prestakuntzaren ebaluazioa; pertsonalizazioa eta malgutasuna; eta diziplinartekotasuna eta prestakuntza-esperientzia. Hiru esparru nagusi horietatik abiatuta moldatu dira Mondragon Unibertsitateko etorkizuneko ikasle eta egresatuen profila definituko duten sei ardatzak.
Lehen esparrua modulu-bidezko diseinua eta prestakuntzaren etengabeko ebaluazioa da, ikasleak metodologia aktiboen bidez garatzeko konpetentzietan oinarritutako ikaskuntzarekin bat. Hor kokatzen dira, adibidez, ikaskuntza autonomoa eta kooperatiboa, erronketan oinarritutako eta bizitza osoko ikaskuntza (ikasten ikastea), bai eta ikasleek ezagutza barneratzeko irakasleen estrategiekin bateratuko den ikaskuntza ere. Horri guztiari esker, ikaslea ikaskuntza-prozesuaren erdigunean kokatuko da, eta, hartara, aldatu egingo dira irakaslearen zeregina eta ikasleen pentsaera.
Ikaslea ikaskuntza-prozesuaren erdigunean kokatuko da, eta, hartara, aldatu egingo dira irakaslearen zeregina eta ikasleen pentsaera.
Bigarren esparruak ibilbide akademikoaren pertsonalizazioari eta malgutasunari begiratzen dio; izan ere, konektagarritasuna, digitalizazioa, autoerregulazioa eta prestakuntzaren pertsonalizazioa izango dira gako nagusiak.
Eta hirugarren esparrua diziplinartekotasunean oinarritzen da: ikaskuntza integratuagoa sustatu eta diziplinen eta prestakuntza-esperientziaren arteko aberasgarritasuna bultzatzen du.
Etorkizuneko ikaslea
Hiru esparru horiek eta ikasleek lan-inguruneetan ezinbestean behar izango dituzten konpetentziak eta trebeziak aintzat hartuta, Mondragon Unibertsitateak sei ardatzen bidez garatu ditu Mendeberri 2025ek berak eta etengabe aldatuko den etorkizuneko gizarteak behar izango duen eta Unibertsitatetik irtengo den egresatuak izango dituzten ezaugarriak. Ildo horretan, etorkizuneko profesionalen prestakuntza ez ezik, beraien giza garapena eta herritar garapena ere azpimarratzen ditu.
1. Munduko herritarra: Bere sustraiak ezagutzen ditu; baina, aldi berean, munduko herritar sentitzen da. Munduko arazoez kezkatzen da, eta gizarte-erantzukizuneko eta elkarrekiko ikaskuntzako lankidetza-jarrera du.
2. Identitatea eta helburu pertsonalak: Bere burua ezagutzen du eta badaki hobetzeko zer aukera dituen. Erronkak jartzen dizkio bere buruari, eta aktiboki ahalegintzen da erronka horiek lortzen. Horren ondorioz, gero eta libreagoa eta independenteagoa da.
3. Ikastun malgua: Aldaketa eta berrikuntza onartzen ditu, sortzailea da eta ilusioz gainezka dago. Jarrera erresilientea du, sor daitezkeen ziurgabetasunezko testuinguruei aurre egiteko.
4. Ikastun aktiboa: Bere prozesuko protagonista da. Badaki zein diren bere ikaskuntza-estrategiak, eta jarrera proaktiboa du bizitzan zeharreko ikaskuntzarekiko.
5. Komunikatzailea eta komunikazioaren bideratzailea: Hizkuntzak, teknologiak eta komunikazio-bideak ezagutzen ditu. Horri esker, hainbat kulturatako pertsonekin komunika daiteke; gainera, erronka konplexu eta askotarikoak uler ditzake, eta gauza da haiei aurre egiteko.
6. Kooperatibismoa: Komunitate bateko kide sentitzen da, eta haren printzipio eta balioak hartzen ditu bere gain. Denen ongia norberaren ongiaren aurretik jartzen du, eta gizarte-eraldaketa lortzeko egiten du lan, justiziaren eta pertsonen duintasunaren onerako.
Mondragon Unibertsitateko errektoreordearen hitzetan, «jauzi kualitatiboa egin nahi da; ikasleengan eta profesional gisa izango duten etorkizunean arreta jartzen jarraituko da, baina ikuspegi integralago batetik: pertsona gisa hartuta. Orobat —jarraitu du Errektoreordeak— testuingurua zabaldu egiten da; gaur egun, lan-esparrua ez da unibertsitate-prestakuntzaren xede bakarra, gizartea eta mundua zentzu zabalean ere hartzen baititu aintzat, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren testuinguruan, bizitzarako eta bizitzan zehar garatzeko».
Xavier Aragayren hitzaldia
Unibertsitateak hezkuntza-eraldaketaren inguruko aditu bat ere bildu du jardunaldira: Xavier Aragay, Mendeberri 2025 hezkuntza-proiektuaren diseinuan lagundu duen aditua, 25 urtetik gorako esperientzia duena hezkuntza-sektoreko lidergoan eta kudeaketan. Aragayk metodologia propioa jorratu du berrikuntza disruptiboko prozesuen bidezko hezkuntza-aldaketetan espezializatzeko, eta «Reimaginar la educación, reimaginar la universidad» («Hezkuntza berrasmatu, unibertsitatea berrasmatu») izeneko hitzaldia eman du, pertsonarengan ardaztutako hezkuntzaren ikuspegi berria eskaintzeko.
Aragayk Reimagine Education Lab bultzatzen du. Talde sortu berria da, esperientzia praktikoa eta aldaketaren ikuspegia duena, eta haren helburua da hezkuntza-erakundeetan berrikuntza disruptiboko prozesu eta esperientziak bultzatu eta gauzatzea. Horretarako, hezkuntza berrasmatzeko eredu propioak, originalak eta kontrastatuak erabiltzen ditu.
Azkenik, Iñaki Larreak, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileak, Eragin ikerketa-proiektua aurkeztu du. Hauxe da proiektuaren helburua: Mondragon Unibertsitateko tituluek pertsona bakoitzarengan izan duten inpaktua neurtzeko tresna bat sortzea. Horretarako, ikaskuntza-prozesu osoan zehar neurtu beharreko alderdiak zehaztu dira. Honako hauek, hain zuzen: pertsona sortzailea eta eraldatzailea, kooperatiboa, kontzientea eta konprometitua, kritikoa eta analitikoa, bizitza osoan ikasten jarraitzen duena, begirada globala duena eta erresilientea.
Mondragon Unibertsitatea hasita dago graduko lehen mailako 800 ikasleen artean neurketak egiten, eta beste neurketa bat egingo du lehenengo kurtsoa amaitzen dutenean.