Mondragon Unibertsitateak ingeniari teknikoei zuzendutako sei egokitzapen-ikastaro eskaintzen ditu

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ingeniari teknikoentzako sei egokitzapen-ikastaro jarriko ditu abian datorren ikasturtean, Gipuzkoako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin. Ikastaroak jardunean dauden profesionalei zuzenduta daude eta gaztelaniaz emango dira, formatu erdipresentzialean eta online.
Card image cap
2014/08/27

Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparru berria indarrean jarrita, aurreko unibertsitate-sisteman ingeniari teknikoen eta goi-mailako ingeniarien artean zegoen banaketa desagertu egin da, ikasketa horiek guztiak ingeniaritzako graduetan bildu direlako.  Alabaina, bategite horrek ez die eragiten aurretiaz ingeniaritza teknikoko titulua zutenei (horietako gehienak gaur egun lanean ari dira), oraindik ere ingeniari tekniko izaten jarraitzen baitute, graduatu gabe. Lanpostu zehatz batzuk eskuratzeko, ordea, goi-mailako titulazioa (gaur egun graduatu bihurtu dena) lehenesten da, diplomaturaren aurretik. Horixe gertatzen da, adibidez, Administrazioan, gradu-ondoko bat egiteko edo atzerrian lanpostua eskuratzeko, Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparrura egokitutako titulazioa lehenesten baita.

Premia horretaz jabeturik, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak, Gipuzkoako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin, ingeniari teknikoei zuzendutako sei egokitzapen-ikastaro (‘zubi-ikastaroak’ ere esaten zaie) jarriko ditu abian 2014-2015 ikasturtean. Ikastaro horiei esker, ingeniari teknikoak bitarteko karrera zahar bateko titulatuak izatetik europar graduatua izatera pasatuko dira urtebeteko ikasketen ondoren. Prestakuntza erdipresentziala edo online jasoko dute, moodle plataformaren bidez teknologia berrietan oinarrituta, eta hainbat irakasgai jarraitzeaz gain, gradu amaierako lan bat ere egingo dute.

Zehazki, sei egokitzapen-ikastaro eskainiko dira, Ingeniaritza Mekanikoa, Industria Elektronika, Industria Diseinua eta Produktuaren Garapenena, Informatika, Telekomunikazio Sistemen Ingeniaritza eta Industria Antolakuntza tituluen baliokidea eskuratzeko.

Ikastaroak formatu erdipresentzialean eta online emango dira, gaztelaniaz, batzuk irailean hasiko dira eta besteak otsailean, eta ikastaro bakoitzerako leku mugatuak daude.

Europar ingeniariak

Gainera, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ACREDITA PLUSen parte hartzen du. Programa horren helburua Ingeniaritza Graduko titulu ofizialaren akreditazioa berritu eta EUR-ACE europar/nazioarteko zigilua eskuratzea da. Ingeniaritza Mekanikoko Graduak zigilu hori lortu duen euskal unibertsitate bakarra da. Madrilgo Carlos III Unibertsitateak ere eskuratu du. Hortaz, biak dira europar ziurtagiria lortu duten Estatuko lehen bi ingeniaritzak

ENAEEk (European Network for Accreditation of Engineering) baimendutako agentzia batek ematen duen ziurtagiria da. Hori jasotzen duen ingeniaritza-tituluak Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparruak aurreikusitako kalitateari, garrantziari, gardentasunari, aitorpenari eta mugikortasunari lotutako printzipioak bete behar ditu.

Datorren ikasturtean ikasketak hasten dituzten ikasleek ez ezik, 2011n gradua Mondragon Unibertsitatean ezarri zenetik lortu duten ia 300 ingeniariek ere onura aterako diote zigiluari. Graduaren enplegagarritasuna % 90ekoa da.

Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Ingeniaritza Elektronikoko egokitzapen-ikastaroak.

Hurrenez hurren, Mekanikako eta Elektronikako ingeniari teknikoei zuzenduta daude. Formatua ONLINE izango da, Moodle plataformaren bidez, eta gaztelaniaz.  Horrela, lanean dauden profesionalek ikastaroa egiteko aukera izango dute, beraiek baitira prestakuntzaren helburu nagusia. Ikastaroa amaitutakoan, ikasleek gradu-amaierako lan bat egin beharko dute. Izena emateko epea urriaren 15ean amaituko da.  Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu telefono honetara: 943 794 700, edo bidali mezu elektronikoa helbide honetara: curosingenieria@mondragon.edu.

Ingeniaritza Mekanikoko Gradura egokitzeko ikastaroa egiten dutenek EUR-ACE akreditazioa lortuko dute, Europako ospetsuena ingeniaritzaren arloan

Informatika Ingeniaritzako, Telekomunikazio Sistemen Ingeniaritzako eta Industria Diseinuko eta Produktuaren Garapeneko Ingeniaritzako egokitzapen-ikastaroa

Hiru ikastaro horiek Kudeaketa Informatikako eta Sistemen Informatikako, Telekomunikazioetako eta Industria Diseinuko ingeniari teknikoei zuzenduta daude, eta urritik uztailera bitartean emango dira Arrasaten, formatu erdipresentzialean, ostiral arratsaldeetan eta gaztelaniaz. Ikastaroa amaitutakoan, ikasleek gradu-amaierako lan bat egin beharko dute. Izena emateko epea urriaren 15ean amaituko da.  Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu telefono honetara: 943 794 700 edo  bidali mezu elektronikoa helbide honetara: cursosingenieria@mondragon.edu.

Industria Antolakuntzako egokitzapen-ikastaroa

Ikastaro hori ingeniari tekniko mekanikoei nahiz industria-ingeniari guztiei zuzenduta dago eta, ikasleei aholkuak emateko batzuetan bertaratu beharra izan ezik, online da erabat, plataforma birtual baten bidez ematen baita. Norberaren erara egin daitekeen ikastaroa da gainera, ikasle bakoitzaren erritmora egokituko da, urte batean (full-time), bi urtetan (part time) edo hiru urtetan (10 ECTS/lauhileko) egin baitaiteke.  Ikastaro hori urrian hasiko da.

Ikastaro horren bidez, ikasleak Industria Antolakuntzako Ingeniaritzan graduatuak izango dira. Besteak beste, haien zereginen artean hauek egongo dira: industria- eta zerbitzu-jarduerak lehiakor eta iraunkor bihurtzea; produktu, zerbitzu eta prozesu teknologikoen nahiz antolakuntza-ereduen hobekuntza eta berrikuntza sustatzea; lan-taldeak zuzentzea; eta ikuspegi orokor eta estrategiko batetik abiatuta erabakiak hartzea. Izena emateko epea urriaren 15ean amaituko da.  Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu telefono honetara: 943 794 700 edo bidali mezu elektronikoa helbide honetara: cursosingenieria@mondragon.edu.

Mondragon Unibertsitateko ingenieritza fakultatea