Mondragon Unibertsitateak Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroa aurkeztu du

Nafarroan ikus-entzunezkoen sektorea indartzea da tituluaren helburua, eta negozio-eredu berriak sustatzea. Nafarroako eta beste erkidego batzuetako profesionalei zein graduatu berriei dago zuzenduta, eta Lekarozen eskainiko da.
Card image cap
Arturo Cisneros, Nafarroako Ikus-Entzunezkoen Klusterraren (CLAVNA) kudeatzailea; Izaskun Goñi, Nafarroako Gobernuko Enpresa Politikako, Nazioarteko Proiekzioko eta Laneko zuzendari nagusia; Nagore Ipiña, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa; eta Amaia Pavon, Mondragon Unibertsitateko etengabeko prestakuntzaren arduraduna.
2022/11/07

Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroa aurkeztu dute Izaskun Goñik, Nafarroako Gobernuko Enpresa Politikako, Nazioarteko Proiekzioko eta Laneko zuzendari nagusiak, eta Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak, Noainen. Ikastaroa Mondragon Unibertsitateak emango du 2023ko urtarriletik aurrera, online modalitatean, baina aurrez aurreko saioak ere egingo dira Lekarozeko enpresa-campusean.

Ikastaroaren aurkezpenean izan dira, halaber, Amaia Pavón, Mondragon Unibertsitateko etengabeko prestakuntzaren arduraduna eta Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroaren koordinatzailea; Arturo Cisneros, Nafarroako Ikus-Entzunezkoen Klusterraren (CLAVNA) kudeatzailea, eta Roberto Elizalde, erakunde horretako prestakuntza-koordinatzailea.

Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreari ezagutza bereizgarria eta espezializatua emateko beharraren ondorioz sortu da titulua

Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreari ezagutza bereizgarria eta espezializatua emateko beharraren ondorioz sortu da titulua, eta helburu argia du: foru-erkidegoko ikus-entzunezkoetako enpresa-sarea sendotzea, negozio-eredu berrien bidez. Aspaldi honetan, ikus-entzunezkoen sektorea garrantzi eta proiekzio handia ari da hartzen foru-erkidegoan. Horren erakusgarri da Nafarroako Gobernuak arlo hori sustatzeko egindako apustua.

Nafarroako eta beste erkidego batzuetako profesionalei zein graduatu berriei dago zuzenduta

Izan ere, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren laguntza jasotzen du sektoreak. Arlo horretako prestakuntza sustatze aldera, ikastaroaren lehen edizioak % 55eko hobaria jasoko du Nafarroako Gobernuaren eskutik. Hortaz, 1.980 € kostatuko zaie ikasleei (hobaririk ez balego, 4.400 euroko kostua izango luke ikastaroak). Lekarozeko ostatua eta jatorduak barne hartuta daude ikastaroaren matrikularen kostuan. Titulua online emango da; baina, hilean behin, lantegiak ere izango dira (ostiral arratsaldean eta larunbatean), Lekarozeko enpresa-campusean. 2023ko urtarrilaren 11n hasi eta ekainaren 17an bukatuko da, eta Nafarroako eta beste erkidego batzuetako profesionalei zein graduatu berriei dago zuzenduta. 

Sektorea bultzatzea

Premia jakin batzuek sorrarazi dute titulua. Alde batetik, gaur egun Nafarroan eskaintzen ez den ezagutzaz hornitu nahi da ikus-entzunezkoen sektorea, arlo horretako enpresa-sarea indartzeko. Izan ere, Nafarroako eskualde batzuetan —hala nola Baztanen— gero eta munta handiagoko filmaketak egiten dira gaur egun. Dena dela, titulua Nafarroako ikus-entzunezko sektorearen testuinguruan kokatzen bada ere, euroeskualdeko pertsona interesdun guztientzat egongo da zabalik, betiere ikus-entzunezkoen sektorean ekiteko edo berritzeko asmoa badute. Beste aldetik, Lekarozeko enpresa-campusean kalitate handiko unibertsitate-irakaskuntza eskaintzea da ase beharreko bigarren premia. Ildo horretan, espazio horren historiari lotuta, ikus-entzunezkoen eta bioteknologiaren sektoreak garatuko dira bertan.

Ikasturtean zehar ikus-entzunezkoen alorreko edukiak jorratuko dira, sektorearen egoera ezagutzeko eta egungo merkatuaren joerak identifikatzeko; horrez gain, ekintzailetzaren eta berrikuntzaren estrategietan sakonduko da, sektoreak aurrean dituen erronkei ikuspegi dibergente baina, aldi berean, integraletatik erantzuteko.

Graduondoak 5 modulu, asteburuko 4 lantegi eta proiektua hartuko ditu barne. Eduki horiek guztiak ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalek mentorizatuko dituzte. 

  • Ikus-entzunezkoen sektorearen egoera eta erronkak.
  • Ikus-entzunezkoak aro global eta digitalean.
  • Negozio-ereduetako berrikuntza.
  • Ekintzailetza eta proiektuen kudeaketa.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko komunikazioaren arloko irakasleak ez ezik, ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat profesional ere arituko dira ikastaroan, hain zuzen ere gaur egun esku artean proiektu arrakastatsuak dituztenak, hala nola Itziar García Zubiri, Elena Neira eta Eva Patricia Fernández (Camilo José Cela unibertsitatea), baita Mondragon Unibertsitatearen ikaskuntza-sarekoak ere (Mondragon Team Academy).

Era berean, sektoreko beste zenbait profesionalek ere jardungo dute ikastaroan. Haiekin guztiekin, ibilbide profesional arrakastatsua lortzeko estrategiak aztertuko dira, bai eta negozio-ereduak berritzeko nahiz ikus-entzunezkoen enpresen dimentsioa handitzeko gakoak ere.

Ikastaroa aurkezteko egindako ekitaldian, Nafarroako Enpresa Politikako, Nazioarteko Proiekzioko eta Laneko zuzendari nagusiak berri ontzat eman du foru-erkidegoan laugarren unibertsitatea abian jartzea, Nafarroako ikus-entzunezko sektoreari kalitaterik goreneko prestakuntza eskaini ahal izatea eta Lekarozeko enpresa-campusaren garatzen aurrera egitea.

Bestalde, unibertsitateen eta erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak. Horrez gain, hauxe azpimarratu du: «Ikastaroak bultzada bat emango dio sektoreari berrikuntzaren aldetik, eta ezagutza espezializatua sorraraziko du goraka doan sektore honen hazkundea errazteko. Tituluak sektoreko enpresa-sarea indartzeko aukera emango du, eta negozio-eredu berriak asmatzeko. Zentzu horretan, Mondragon Unibertsitatearen esperientzia eskaini nahi dugu, urteak baitaramatza enpresekin elkarlanean, gizartearen erronkei erantzuteko».

Azkenik, honela mintzatu da Mondragon Unibertsitateko etengabeko prestakuntzaren arduradun eta Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroaren koordinatzaile Amaia Pavón: «Ikastaroa praktikoa izango da funtsean, eta bateragarria parte-hartzaileen lan-jarduerarekin. Bai moduluak bai proiektuak ekarpen handia izango dira jarduneko profesionalen gaitasuna nahiz ikus-entzunezko lanbidean hasi berri direnena handitzeko».

Esteka honetan jaso daiteke ikastaroari buruzko informazio gehiago:

https://www.mondragon.edu/cursos/eu/aditu-ikastaroa-ikus-entzunezko-ekintzailetzan-berrikuntzan

Irakaskuntza unibertsitate zentroa