Mondragon Unibertsitateak hitzarmena sinatu du La Caixarekin

La Caixa Gizarte Ekintzak 40.800 euro bideratuko ditu Mondragon Unibertsitateko LEINNeko ikasleek sortzen dituzten enpresak finantzatzen laguntzeko.
Card image cap
2016/11/16

Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoak eta Joan Pedro Badiola CaixaBankeko EAEko eta Kantabriako lurralde-zuzendariak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, Mondragon Unibertsitateko LEINNeko ikasleei enpresak abian jartzen laguntzeko.

Hitzarmenaren arabera, “la Caixa” Gizarte Ekintzak 40.800 euro bideratuko ditu  unibertsitateko eta unibertsitatetik igarotako ikasleei laneratzen laguntzeko.  Zehazki, 1.200 € emango ditu ekintzailetza-proiektu bakoitzerako, edozein dela ere haren adar akademikoa.

Jon Altunak hitzarmena sinatzeko ekitaldian adierazi duenez, Mondragon Unibertsitatea unibertsitate kooperatiboa da, ekimen eta bokazio soziala duena eta onura publikokoa izendatua. Prestakuntza, ikaskuntza, ikerkuntza zientifiko eta humanistikoa eta garapen tekniko eta kulturala helburu dituen unibertsitatea da, eta "haren bokazioa gizartea eraldatzen laguntzea da, kalitateko prestakuntza integralaren bidez eta, ezagutza zientifiko-teknikoak ez ezik, esperientzia kooperatibotik eratorritako gaitasun eta balioak ere eskainiz. Horrela, ikasleak gizartea eraldatzeko eragile aktiboak izango dira eta aurrerapen humanistiko, teknologiko eta ekonomiko iraunkorra bultzatuko dute, besteak beste enpresak edo erakundeak eta ekintzailetza garatuz”.  

Bestalde, Juan Pedro Badiolak azpimarratu duenez, “CaixaBankeko EAEko eta Kantabriako Lurralde Zuzendaritzak gazteen langabeziaren kontra borrokatzeko 2014an erabakitako estrategiaren esparruan kokatzen da lankidetza hau. Hori dela eta, hitzarmenak sinatu ditugu lurraldeko eragile nagusiekin, hala nola merkataritza-ganbarekin, ADEGI, CEBEK eta SEA patronalekin, Tknikarekin eta Hetelekin, lanbide-heziketako ikastetxeetara heltzeko, baita euskal unibertsitateekin ere, gaur aurkezten dugun kasuan bezala”.    

Hitzarmenaren gakoak

Hitzarmenaren helburua ikasleen ekintzailetza sustatu eta haien enpresa-ekimenak sortzen laguntzea da.

“la Caixa” Gizarte Ekintzako eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariek osatutako batzorde bat sortuko da, hitzarmenaren jarraipena egiteko eta ekimen zehatzak gauzatzeko. Batzorde horrek proiektuen garapena zaindu eta horiek ezartzean sor litezkeen premiei erantzuna emango die.

Horrez gain, helburuen ebaluazioa eta proiektu eta emaitzen kontrola eta jarraipena ere egingo dituzte.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa