Mondragon Unibertsitateak Hezkuntza Dualeko Europako Unibertsitate Aliantzaren biltzarra egin du

Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea prestakuntza dualaren bidez hobetzea da helburua, eta prestakuntza duala Europako erronkei erantzuteko erabiltzea.
Card image cap
2022/03/04

Mondragon Unibertsitateak, EU4DUAL Hezkuntza Dualeko Europako Unibertsitate Partzuergoko buruak, erakundearen I. biltzarra antolatu zuen atzo, osteguna, Donostian. Biltzarraren helburua Europako goi-mailako hezkuntzaren kalitatea eta lehiakortasuna hobetzea da, erronka globalak konpontzeko prestakuntza duala erabiliz.

Prestakuntza dualean aitzindari diren Europako 9 unibertsitatek munduko hezkuntza dual integratuko erakunderik handiena sortu nahi dute, maila akademikoa eta enpresa-maila ezin hobe uztartzeko.

EU4DUAL Hezkuntza Dualeko Europako Unibertsitate Aliantza honako hauek osatzen dute: Duale Hochschule Baden-Württemberg (Alemania), Mondragon Unibertsitatea (Espainia), FH JOANNEUM Gesellschaft mbH (Austria), Savonia UAS (Finlandia), ESTIA Institute of Technology (Frantzia), Neumann János Egyetem (Hungaria), PAR University College (Kroazia), Malta College of Arts, Science and Technology (Malta) eta Koszalin University of Technology (Polonia). Goi-mailako hezkuntza-erakunde akademikoak dira horiek guztiak, industrializazio-maila handiko eskualdeetan daude, eta konpromiso sendoa dute eskualde horietako enpresa-inguruneekin. Izan ere, beren hezkuntza-eredu kooperatibo edo dualak garatu dituzte haietan. Eredu horietan, ikasleek ikastaldi praktikoak —enpresetan eta erakundeetan— eta ikastaldi akademikoak konbinatzen dituzte.

MUAlianzaUniersitariaEuropea2.JPG

Biltzarra Mondragon Unibertsitateko Orona Ideo campusean egin zen eta amaieran, Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak, Jon Altunak, ondorioak irakurri zituen.

Europako erronkei erantzutea

Aliantzaren helburua prestakuntza duala erabiltzea da Europako gizarte-erronkei aurre egiten laguntzeko, aliantzako unibertsitate guztiek esperientzia handia baitute horietan. Hona hemen erronka horietako batzuk: klima-aldaketa, deskarbonizazioa, digitalizazioa eta zahartze osasuntsua.

EU4Dual aliantza ezagutzak sortzen saiatuko da, hezkuntzaren eta I+G+B jardueren bidez etorkizun jasangarriagoa lortzen eta gizartea eta enpresak arduraz garatzen laguntzeko. Horretarako, adituak prestatuko dituzte unibertsitateek, gai hauetan, besteak beste:

  • 5.0 industria. Horretan, gizakiek, makinek eta errealitate areagotuak gero eta hurbilago egingo dute lan, mundu interkonektatu batean.
  • Zahartze osasuntsua. Pertsonak ahalduntzea du helburu, bizimodu hobea izan dezaten, osasuna, nutrizioa eta teknologia hobeto konbinatuz.
  • Ekonomia berdea. Haren helburua karbono gutxiko ekonomietarako eta baliabide eraginkorretarako trantsizioa babestea da.

2025erako, aliantzak helburu hauek ditu:

  1. Lankidetza-mekanismo bat ezartzea, mugak gaindituz irakaskuntzan, ikerketan eta dibulgazioan lankidetzan aritzeko, gizarte-erronka handiak ardatz hartuta.
  2. Unibertsitate dualak eskaintzen dituen programa gehienetan gutxienez erakundeko bi kideren ikerketa-, irakaskuntza- edo praktika-jarduerak sartzen direla bermatzea.
  3. Mikroegiaztagirien baterako atari bat martxan jartzea, erronka handiekin lotutako garapen profesional jarraitua eskaintzeko.
  4. Helburuak lortzen lagunduko duten proiektuak batera ikertzeko ekosistema bat sortzea.
  5. Nazioz gaindiko lanean oinarritutako ikaskuntza-programa bat sortzea, tokiko eta nazioarteko enpresen laguntzarekin.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa