Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Mondragon Unibertsitateak hamar titulu berri eskainiko ditu hastear den ikasturtean
Mondragon Unibertsitateak eskaintza akademikoa zabalduko du 2024-2025 ikasturtean, hamar titulu berrirekin —lau master, gradu bat, aditu-ikastaro bat eta lau espezializazio-ikastaro—, ingeniaritzaren, enpresa-kudeaketaren, ekintzailetzaren, hezkuntzaren, humanitateen eta gastronomiaren jakintza-arloetan. Gainera, lehendik dauden tituluetako bat beste campus batzuetan eta beste modalitate batzuetan ere emango du unibertsitateak. Eskaintza berri horren helburua da gizartean izandako aldaketek ekarri dituzten beharrei erantzutea eta aldaketa horien araberako lanpostuak betetzea, prestakuntza berrien bidez.
Eskaintza berri hori, beraz, gehitu egin zaie unibertsitateak ikasturte honetan eskaini dituenei: graduko 18 titulu —horietako 12, dualak—, 21 unibertsitate-master eta doktoregoko 4 programa, bai eta hainbat graduondoko, titulu propio eta aditu-ikastaro ere zortzi arlo horietan.
Goi Eskola Politeknikoa
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Mekatronikako Gradua eskainiko du Galarretako campusean, 2024-2025 ikasturtean. Orain arte, gradu hori Arrasaten eta Bilbon eman da, eta, datorren ikasturtetik aurrera, Galarretako campusean ere emango da. Titulu horretan, produktuen, makinen, ekipamenduen eta abarren bizi-zikloaren garapena, optimizazioa, muntaketa, automatizazioa, prestaketa eta mantentzea landuko dituzte ikasleek. Karrera amaitutakoan, industria-sektorean, osasun-arloan (industria mediko eta farmazeutikoan) eta irakaskuntzan lan egiteko gai izango dira, besteak beste. Gradu berri hori Goi Eskola Politeknikoak ematen dituen hamar graduei eta bederatzi graduondokoei gehituko zaie.
Eskaintza berriak 18 gradu (12 dualak), 21 unibertsitate-master eta doktoregoko 4 programa, hainbat graduondoko, titulu propio eta zortzi aditu-ikastaro izango ditu
Enpresagintza Fakultatea
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak hiru berrikuntza ekarriko dizkio unibertsitatearen datorren ikasturteko eskaintza akademikoari. Zehazki, bi master berri eta onlineko etengabeko prestakuntzako ikastaro bat izango ditu.
Ekintzailetzako eta Berrikuntza Irekiko Unibertsitate Masterra da, gaur egungo aldaketa-uneari erantzun nahi diona, eta etorkizuneko eraldaketa- eta sorkuntza-prozesuetan liderrak izango diren pertsonak prestatzea du xede. Master horrek ekintzailetza eta barne-ekintzailetza bultzatu nahi ditu, eta irtenbide praktiko eta bideragarriak bilatu, egungo erronka sozial, ekonomiko, ingurumeneko, teknologiko, hezkuntzako edo sozio-sanitarioei aurre egiteko, testuinguru errealetik eta diziplina anitzeko lantaldearen barruan betiere.
Negozioari aplikatutako datuen alorrean, Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako onlineko Masterra eta Datuen Gobernu eta Kudeaketa Estrategikoko Etengabeko Prestakuntzako onlineko Ikastaroa emango dira. Horien helburua da profesionalak prestatzea, erabaki informatuak har ditzaten, datuetan oinarrituta, ez intuizioetan. 0Ingurune ekonomiko global honetan, izugarri lehiakorra eta dinamika aldakorrekoa izaki, lehiarako abantaila izateko aukera ematen die erakundeei sortutako datuen bolumeneko eztanda aztertzeak.
Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako Masterra programa berritzailea da Espainiako unibertsitate-agertokian, eta espezializazio-izaera dauka. Programa integratzailea eta diziplinartekoa da, eta ikasleei ezinbesteko tresnak eskaintzen dizkie negozioen ikuspegi garrantzitsuak ateratzeko eta antolakuntza-arlo ezberdinetan aplikatutako analisi-ereduak erabiltzeko, hala nola marketina, finantzak, eragiketak eta pertsonen kudeaketa, besteak beste. Master horiek Enpresagintza Fakultateak eskaintzen dituen bederatzi graduondokoei eta hiru graduei gehituko zaizkie.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak hiru titulu berri izango ditu; Hezkuntzaren arloko master bat da nabarmentzekoa.
Hezkuntza Berrikuntzarako Ikerketako Unibertsitate Masterra % 100 online emango da, eta ikasleak hezkuntzaren arloan berrikuntza-ildo berriak identifikatzeko gai izateko prestatzea du helburu. Ikasleak ikertzaile izan ahalko dira, eta doktorego-programan sartu. Titulua euskaraz zein gaztelaniaz emango da. Ikasleek, gainera, bi ikasketa-erritmo izango dituzte aukeran, urte batean edo bi urtean egiteko aukera izango baitute.
Bestalde, urrian, Euskararen normalizazioa eta normatibizazioa XXI. mendean espezializazio-diploma hasiko da, Euskaltzaindiaren eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen arteko elkarlanari esker. Espezializazio-diploma horrek prestakuntza sendoa eskaintzen du euskararen XXI. mendeko normalizazioaren eta normatibizazioaren alderdirik garrantzitsuenen inguruan, eta espero da graduondoko ikasleek etorkizunean Euskaltzaindiaren proiektuetan parte hartzea. Espezializazio-diplomaren saio presentzialak astearte eta ostegunetan izango dira, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan, eta VICOMTECH eta UZEI erakundeak ere elkarlanean arituko dira. Titulu berri horiek Unibertsitateak eskaintzen dituen lau graduei eta bi masterrei gehituko zaizkie.
Gastronomia Zientzien Fakultatea
Gastronomia Zientzien Fakultatea – Basque Culinary Centerrek prestakuntza-eskaintza handituko du eta Food Design: Berrikuntza Produktu, Zerbitzu eta Esperientzia Gastronomikoetan Masterra eskainiko du. Master horren lehen edizioa 2025eko urtarrilean hasiko da, formatu hibridoan. Merkatuko prestakuntza-eskaintzari ikuspegi berritzaile eta sortzaile batetik erantzuteko beharraren ondorioz sortu da, eta elikagai-industrian aldaketa nabarmenak bultzatzea du xede, erronkei aurre eginez, aukerak sortuz, eztabaidak piztuz eta narratiba jasangarritasunera bideratuz, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren integrazioan eta kulturarekiko errespetuan oinarrituta, gastronomiaren eta diseinuaren arteko sinergiak bilatuta.
Graduondoko hori Fakultateak gaur egun ematen dituen hamar ikastaroei gehituko zaie, eta, Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako Graduari, Gastronomia Zientzietako Doktoregoari eta sektoreko profesionalentzako espezializazio-ikastaroei. Gainera, Basque Culinary Centerrek beste hiru espezializazio-ikastaro ere emango ditu laster: sukaldaritzan metodologia zientifikoarekin berritzeko ikastaroa, chef ikertzaile gisa aritzen diren edo aritu nahi duten pertsonei zuzendua, sukaldaritzan berritzeko metodologia zientifikoa nola aplikatu ikasteko oinarriak ematen dituena; Molecular Cooking ikastaroa, tutoretzapeko onlineko lehen ikastaroa, ingelesez, eginez ikasi (learning by doing) ikuspegian oinarritua, gastronomiaren esparruan sukaldaritza molekularra ardatz hartuta abangoardiako sukaldaritzako produktuen eta tekniken funtzionamendua ulertzeko beharrezko oinarriak ematean datzana, eta Gastronomy tourism experience design ikastaroa, ingelesez, bidaiariak liluratzeko eta gastronomiaren eta turismoaren industrian arrakasta lortzeko esperientzia paregabeak diseinatzen eta zuzentzen lagunduko duena. Orobat, berrikuntza gisa, Basque Culinary Centerrek Gastronomiako Prestatzaileen Diploma jarriko du martxan. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin batera diseinatu da, eta online emango da eta sukaldaritza- eta ostalaritza-eskoletan edo lanbide-heziketako ikastetxeetan jardunean dauden irakasleei zuzenduta dago.
18 Gradu
INGENIARITZAK
Industriari Aplikatutako Ingeniaritza Fisikoa (DUALA)
Ingeniaritza Mekatronikoa (DUALA)
Ingeniaritza Mekanikoa (DUALA)
Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza (DUALA)
Industria Antolakuntzako Ingeniaritza (DUALA)
Industria Elektronikako Ingeniaritza (DUALA)
Informatika Ingeniaritza (DUALA)
Energiaren Ingeniaritza (DUALA)
Prozesu Industrialetako Ekoteknologien Ingeniaritza (DUALA)
Ingeniaritza Biomedikoa (DUALA)
ENPRESEN KUDEAKETA
Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza – myGADE (DUALA)
Business Data Analytics
EKINTZAILETZA
Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza – LEINN
HEZKUNTZA
Haur Hezkuntza (4 aipamenekin)
Lehen Hezkuntza (6 aipamenekin)
HUMANITATEAK
Humanitate Digital Globalak – HDG
KOMUNIKAZIOA
Ikus-entzunezko Komunikazioa (DUALA)
GASTRONOMIA
Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetako Gradua
21 UNIBERTSITATE-MASTER
INGENIARITZAK
Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoa
Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritza
Industria Ingeniaritza
Energia eta Potentzia Elektronika
Teknologia Biomedikoak
Robotika eta Kontrol Sistemak
Datuen Analisia, Zibersegurtasuna eta Hodei-konputazioa
Energia Sistema Adimendunak
Operazio Logistiko eta Produktiboen Zuzendaritza
KOOPERATIBISMOA
Kooperatibismoa eta Kudeaketa Sozioenpresariala
ENPRESEN KUDEAKETA
Kontabilitate eta Finantza Zuzendaritza
Marketin Digitala
Erakundeen Nazioartekotzea
Pertsonen Talentuaren Kudeaketa Estrategikoa
Negozio Adimenerako Datuen Analisia/Business Analytics
EKINTZAILETZA
Ekintzailetzako eta Berrikuntza Irekiko Unibertsitate Masterra ** Berria 2023-2024 ikasturtean
HEZKUNTZA
Derrigorrezko bigarren hezkuntzan, batxilergoan, lanbide-heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan irakasle izateko gaikuntza (aipamen berria Heziketa Fisikoan)
Ikaskuntza Errazteko eta Berrikuntzako Unibertsitate Masterra (LIT)
Hezkuntza Berrikuntzarako Ikerketako Unibertsitate Masterra
GASTRONOMIA
Gastronomia Zientziak
Gastronomiako Irakasle Prestakuntza