Mondragon Unibertsitateak eta TeamLabsek «Chief Learning Officer» izateko programa sortu dute

Bere beharra gero eta nabariagoa da sozietate anonimoetan zein enpresa kooperatiboetan.
Card image cap
2019/10/18

Profesionalak etengabe aldatzen diren testuinguruetan bizi dira, etengabe sortzen baitira denetatik eta une oro ikasteko eta egokitzeko premia dakarten erronkak. Hala, gero eta beharrezkoagoa da enpresek ikaskuntza errazteko arduradun bat izatea, aldaketarako, eraldaketa digitalerako, ikaskuntzarako eta berrikuntzarako prozesuen lidergoa hartzeko testuinguru aurreikusezin batean.

Datorren azaroaren 4an hasiko da eta helburua lanbide berri hau finkatzea da, izan ere puntako enpresak hasi dira profil hau lanpostuen zerrendan barneratzen.

Zuzendari-postu berri horri Chief Learning Officer (CLO) deritzo ingelesez, eta nabaria da haren eskaria, bai sozietate anonimoetan, bai enpresa kooperatiboetan. Esate baterako, Teléfonican, Correosen eta Mapfren jada badute halako kargu bat. AEBn ere, enpresa gehienetan sortu da figura hori. Facebookek, PwC-k eta EYk 140.000 dolar inbertitzen dituzte urtean beren erakundeetarako CLOetan.

Testuinguru berri honetan, Mondragon Unibertsitateak eta TeamLabs ikaskuntza-laborategiak elkarrekin diseinatu dute programa disruptibo berri bat: Ikaskuntzaren Kudeaketa Enpresan Espezializazio Diploma (Chief Learning Officer, CLO), 30 ECTS kreditukoa. Azaroaren 4an hasiko da lehen edizioa; plaza kopurua mugatua izango da, eta helburua gero eta gehiago eskatzen den lanbide bat eraiki eta finkatu beharrari erantzun bat ematea da. Diplomaren ardatz nagusia testuinguru korporatiboetan ikaskuntza- eta berrikuntza-prozesuak erraztea izango da.

Edozein diziplinatako profesionalei zuzendua da: nahikoa da beren ibilbidea aldatu eta ikaskuntza eta berrikuntza errazteari buruzko esperientzia eta metodologia berriak ikasteko gogoa izatea. Era berean, enpresetako, startupetako eta hirugarren sektoreko erakundeetako berrikuntza, giza eskubide, talentu eta prestakuntza arloetako profesionalei zuzendua ere bada.

Edukiak online-moduluen bidez landuko dira, eta, horretaz gainera, aurrez aurreko sei workshop egingo dira, Bilbon eta Madrilen, baita adituen saioak eta mentoreen kontraste-faseak eta pareen artekoak ere.

Programako adituen artean izango ditugu Elizabeth Pastor, New Yorkeko Humantific-en sortzaileetako bat, sensemakingean eta berrikuntzan aditua; Marta Lago, Human Centric Innovation arloan edo Europako Amgen munduko enpresa bioteknologiko handienetako bateko Customer Experience Lead-ean aditua; Antonio Rodríguez de las Heras, Lifelong Learning-ean aditua, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Humanitateetako katedraduna eta, 2019az geroztik, emeritua; Daniel Suárez, Zapiens Technologies-eko sortzaile eta CEOa, eta enpresa-munduko ezagutzaren kudeaketaren arloko ikertzailea; eta Antonio Lafuente, Giza eta Gizarte Zientzien Zentroko (CSIC) ikertzaile zientifikoa (besteak beste, teknologiaren eta prokomunaren arteko lotura ikertzen du).

Heziketa eta prestakuntza kudeatzeko

CLOa Learning Advisor-aren figuratik sortua da, eta enpresa bateko heziketa antolatzeaz arduratzen den prestakuntza-kudeatzailea da. Enpresako ikaskuntza-prozesua garatzen du, maila guztietan: ezagutza-lerroak ikuskatu, eta teknologia berriak enpresaren estrategian txertatzen ditu, Randstad enpresaren artikulu batean nabarmendu dutenez. Zehazki, korporazio barruan jarduten duen erraztaile bat da. Erraztaileak beren lana egiteko eta egokitze-gaitasun berriak garatzeko erreminta-kaxa eskura jarri behar die inguruko profesionalei, eta, hori dela eta, enpresetan hasiak dira lankidetzazko ikaskuntza sortzeko figura berri hau eskatzen.  

LinkedIn-en ikerketa baten arabera, 1.000 langiletik gorako enpresen % 35ean eta 1.000tik beherakoen % 44an, gaitze-programen helburua langileei trebetasun berriak eskuratzen laguntzea da.  Pricewatherhouse Cooper-en arabera, «emakume gehien dauden zuzendari-postuetako bat CLOarena da AEBn (% 45)».

Alde horretatik, José Antonio Marina Torres espainiar filosofo, saiakeragile eta pedagogoak adierazi du CLOa «goi-kargu bat dela enpresa handien egitura hierarkikoan» eta haren misioa «erakundeko ikaskuntza kudeatzea dela, hau da, estrategia bat gidatzea langileek beharrezkoa duten guztia ikas dezaten, betiere proiektu korporatiboen barruan». Marinarentzat, kargu «zaila» da, «askotariko konpetentziak eskatzen baititu», baita «enpresaren gaitasunak ezagutzea, ingurunea nola mugitzen den aztertzea eta lehiatzeko trebetasunak aurkitzea» ere.

Ildo horretan, General Electric-eko CEOak berak, Jack Welch-ek, azpimarratu du «korporazio guztiek behar dutela CLO bat», hau da, enpresek beharrezkoa dutela rol berri hori beren egituran txertatzea.

 

Informazio gehiago:

Eunate Escandon

eescandon@mondragon.edu

615 745 341

 

Webguneko informazioa:

Irakaskuntza unibertsitate zentroa