Irakurriena
- 1. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 2. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 3. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 4. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 5. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 6. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 7. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 8. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 9. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 10. Zorionak mende erdiko bideagatik!
Mondragon Unibertsitateak eta SENERrek akordioa lortu dute
Mondragon Unibertsitateak eta ingeniaritzako eta eraikuntzako SENER etxeak lankidetzarako esparru hitzarmena sinatu dute, ikerketako eta teknologiaren transferentziako proiektuetan, etengabeko prestakuntzan, ingeniari gazteen prestakuntzan eta talentuaren erakarpenean batera lanean aritzeko.
Hitzarmenak iraungo duen lau urte hauetan teknologia arloko ikerkuntzan eta ezagutzaren transferentzian sakonduko dute bi erakundeek.
Praktikan, akordioak zera dakar: bi erakundeak batera arituko dira lanean teknologia arloko ikerkuntzan eta ezagutzaren transferentzian, SENERren jardueraren berezko teknologiak garatzeko, bai eta teknikarien, espezialisten eta SENERreko beste lanpostu batzuen etengabeko prestakuntzan ere, eta teknologia horietan espezialista diren ingeniari gazteen prestakuntzan. Azken helburu horrekin, SENERrek urrats sendoa egin du talentua erakartzeko. Horretarako, bultzada eman du Mondragon Unibertsitateak euren jardueran eta ezagutza-arloan espezializatutako ingeniari gazteei prestakuntza eman diezaien, gazte horiek enpresaren harrobia izan ahalko baitira.
Esparru-akordioa sinatu dute Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eta SENERreko zuzendari nagusi Jorge Undak, unibertsitateak Bilbon dituen instalazioetan, zehazki Bilbao Berrikuntza Faktorian, unibertsitateak Bilbon ikasketarako, berrikuntzarako eta ekintzailetarako duen ekosisteman. Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak horri buruz dioenez, “ikerketa, transferentzia eta prestakuntza batzea enpresekin elkarlanean aritzeko modu naturala da, eta akordio honi esker, Mondragon Unibertsitateko eta SENERreko ikasleek gaurtik aurrera tresna hobea izango dute lehiakorragoak izateko eta profesionalik onenak eskura izateko”.
Jorge Undak, bere aldetik, zera nabarmentzen du: “guretzako guztiz harro egoteko modukoa da hain helburu zabalak dituen akordio hau sinatzea Mondragon Unibertsitatearekin. SENERren beharrizana da berarekin lotutako pertsonek prestakuntzako eta lanbide-gaitasuneko maila handi-handiak izatea. Badakigu hori oinarria dela ideia berritzaileak sortzeko, non eta munduan lehiatzeko abantaila nagusia teknologia arloan besteengandik bereiztea den enpresa batean”.
Lehiakortasuna finkatu
Akordioa, hain zuzen ere, Euskadin lehiakortasuna finkatzeko aukera gisa sortzen da. Horri dagokionez, Vicente Atxak zera azaldu du: “Mondragon Unibertsitateak enpresa darama bere ADNan, eta horregatik bere jarduera guztiak enpresen beharrizanekin lerrokatzen ditu. Unibertsitateak eragile aktiboa izan nahi du Euskadiren lehiakortasuna hobetzeko, eta horretarako modurik onena onenekin elkarlanean aritzea da; hori da hain zuzen ere SENERren kasua, erreferentziako ingeniaritza Euskadin eta Estatuan”.
SENERren zuzendari nagusiak zera dio: “SENERren iritziz, elkarlan hori aukera eztabaidaezina da berez daukan talentu naturala indartzeko, bizigarria ekartzeko, eta azken batean, pertsona askoren lanbide-karrera aberasteko. Beraz, aukera paregabea da gure gizartea hobetze aldera benetako baterako ekarpena egiteko”.
Hitzarmenak aurreikusten dituen jarduera espezifikoak egiteko (ikerketa, teknologiaren garapena, etengabeko prestakuntza eta talentuaren kudeaketa), esparru-hitzarmena lankidetza-akordio partzialekin osatzen da. Akordio horietako bakoitzari esker, Goi-mailako Eskola Politeknikoarekin Ikerketarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Programa abian jarri ahalko da. Hala, ikerketa-talde bati prestakuntza eman ahalko zaio, hark SENERrentzat etorkizunean ikertzaileei gaitasuna eman diezaien zientzia eta teknologiako ikerketaren eremuan. Bigarren akordioa gauzatzeko, etengabeko prestakuntzarako akordioa sinatuko da, SENERreko profesionalak xede direla. Akordio horretan Goi-mailako Eskola Politeknikoak eta unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultateak parte hartuko dute.