Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak gradu-amaierako euskarazko proiektuak saritu dituzte
Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak euskaraz egindako ikasketa-amaierako proiekturik onenei sariak eman dizkiete gaur MONDRAGONek Otalora Jauregian duen egoitzan. Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu dira. Lehen sariaren irabazlea Ianire Rabanete Gonzalez izan da, Industria Antolakuntzako Ingeniaritza graduko ikaslea, Ulma Packagingendako egindako “Ulma Packaging MEKANIZAZIO-TAILERREAN 5S GARAPENA ETA EZARPENA” lanagatik eta 1.500 euroko saria jaso du. Bigarren sariaren irabazlea Ainhoa Sarasola Olano izan da, Ingeniaritza Mekanikoa Graduko ikaslea, ORKLIrentzat egindako proiektu honengatik: “MULTZO MAGNETIKOEN KARAKTERIZAZIO POSTUAREN DEFINIZIOA”. Kasu honetan, 500 euroko saria eman diote.
Sariok duela hamaika urte sortu ziren, MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. MONDRAGON Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Unibertsitateko kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.
Guztira 843 proiektu garatu dira Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 280 euskaraz egin dira, alegia, %33,2 (aurreko edizioan %28,5). MONDRAGONeko kooperatibetan 224 proiektu landu dira, horietatik 62 euskaraz (%27,7 eta iaz %20). Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.
Epaimahaia osatzen duten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza Fakultatea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (MONDRAGON Korporazioa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta saridunak aukeratzeko orduan.
Saridunak
Lehen saria: Ianire Rabanete Gonzalez (Goi Eskola Politeknikoa)
Proiektuaren izena: Ulma Packaging MEKANIZAZIO-TAILERREAN 5S GARAPENA ETA EZARPENA.
Laburpena:
ULMA Packaging-eko mekanizazio-tailerrak espazio faltak eragindako arazoei aurre egin behar dio egunero. Tailerrak gainera, ez du OOL sistemarik ezarrita, eta horrek gehiago areagotzen du arazoa. Azken urteotan, tailerraren ekoizpena hazi egin da eta makina berriak sartu behar izan dira. Aurreikusten denez, hazkunde horrek datozen urteetan ere jarraituko du, eta, hori posible izan dadin, ULMAren sail honetara zuzendutako pabilioi berri bat eraikitzea planifikatu da. OOLen baldintzak hobetzeko asmoz, ULMAk 5S metodologia garatu eta ezartzearen aldeko apustua egin du. Metodologiak 5 fase ditu: antolatu, ordenatu, garbitu, estandarizatu eta mantendu; eta modu mugatuan garatu da, mekanizazio tailerreko zelula bakoitza banaka hartuz. Proiektuan pabiloi berriaren layouta ere zehaztu da.
Bigarren saria: Ainhoa Sarasola Olano (Goi Eskola Politeknikoa)
Proiektuaren izena: MULTZO MAGNETIKOEN KARAKTERIZAZIO POSTUAREN DEFINIZIOA.
Laburpena:
Gaur egun, ezinbesteko betekizuna da edozein gas sistemen segurtasun termoelektrikoa bermatzea. Gas ihesak agertzeak ondorio larriak ekar ditzake, bai sistema horretan, baita haren inguruan ere. Segurtasun sistema horretan parte hartzen duen elementu nagusietako bat izan da aztergai lan honetan: multzo magnetikoa.
Berau osatzen duten armadura eta nukleoaren elkarrekintzan parte hartzen duten aldagai guztiak identifikatu eta sailkatzea izan da lehenengo ataza nagusia. Multzo magnetikoaren funtzionamendu erreala simulatzeko, SHIMADZU trakzio makina baliatu da: multzoan sortzen den eremu magnetikoko indar magnetikoa neurtze asmoz.
Bigarren lan nagusia, trakzio-makina honekin errepikatzen den zikloaren kontrol logika programatu eta hobetzea izan da: saiakuntzako emaitzetan eragina izan duten aldagaiak (zapaltze-indarra eta abiadura) kuantifikatu eta optimizatuz.
Jarraian, lortutako emaitzak onargarritzat hartzeko, makinaren errepikakortasuna eta erreproduzigarritasuna kalkulatu dira, R&R metodologia baliatuz.
Azkenik, aurrez egindako lanarekin azaleratutako gabeziak oinarritzat izanik, etorkizuneko makinaren diseinu plegua burutu da. Bertan, gaur egungo eskakizunak islatuz. Ideia hauek guztiak bat eginik, multzo magnetikoaren fabrikazioan defektibo kopurua jaistea lortu da.