Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak gradu-amaierako euskarazko proiektuak saritu dituzte

Markel Azkue Etxeandiak, Goi Eskola Politeknikoko ikasleak, lehen saria lortu du, IKERLANentzat egindako lanagatik, eta Garazi Eizmendi Iribarrek, Goi Eskola Politeknikoko ikasleak, bigarren saria, Danobatentzat egindako proiektuagatik.
Card image cap
Saridunak, Mondragon Unibertsitatea eta Korporazioko ordezkariekin.
2021/04/26

Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Korporazioak euskaraz egindako karrera-amaierako proiekturik onenei sariak eman dizkiete gaur MONDRAGONek Arrasaten duen egoitza nagusian. Mondragon Unibertsitateko bi proiektu saritu dira.

  • Lehen sariaren irabazlea Markel Azkue Etxeandia izan da, IKERLANentzat egindako “LI-IOI baterien degradazio-ereduen garapena, transferentzia bidezko ikaskuntza-metodoen bidez” lanagatik eta 1.500 euroko saria jaso du.
  • Bigarren sariaren irabazlea Garazi Eizmendi Iribar izan da, Danobatentzat egindako proiektu honengatik: “Eskaintza arloko kostu sistema baten optimizazioa eta eskaeren konplitzea bermatzen duten dinamiken ezarpena”. Kasu honetan, 500 euroko saria eman diote.

Sariok duela hamar urte sortu ziren, MONDRAGON Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskaraz egin zitzaten. MONDRAGON Korporazioak erronka hori jasoa zuen bere Plan Estrategikoan, eta 2010ean lantalde bat sortu zuen, Korporazioko eta Unibertsitateko kideez osatua, sariak abian jartzeko. Hala, fakultate bakoitzeko bi ordezkarik eta Korporazioko batek osatutako epaimahaiak Korporazioko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu dituzte.

Guztira 785 proiektu garatu dira Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Horietatik 291 euskaraz egin dira, alegia, %37,1. MONDRAGONeko kooperatibetan 171 proiektu landu dira, horietatik 54 euskaraz.

Aurkeztutako proiektu guztiek maila tekniko handia dute, eta euskaraz ongien idatzitakoak izan dira sarituak.

Epaimahaia osatzen duten fakultate bakoitzeko kideak hauek izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresgintza Fakultatea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (MONDRAGON Korporazioa). Proiektuak sakon aztertu ondoren, epaimahaikideak ados jarri dira puntuazioa eman eta saridunak aukeratzeko orduan.

Proiektuak

Lehen saria: Markel Azkue Etxeandia (Goi Eskola Politeknikoa)

Proiektuaren izena: LI-IOI baterien degradazio-ereduen garapena, transferentzia bidezko ikaskuntza metodoen bidez.

Laburpena:

Li-ioi bateriak garestiak dira eta degradatu egiten dira; hori dela eta, degradazio-eredu bat sortu beharra dago, bateriek xede-aplikazioan zer portaera izango duten eta zenbat iraungo duten simulatzeko. Ereduok sortzeko, bateriak hainbat baldintzatan probatu behar dira laborategian. Probok garestiak dira eta denbora luze hartzen dute; hortaz, laborategiko proba gutxiago egin behar izateko metodo bat bilatu beharra dago. Horretarako, lan honetan, adimen artifizialeko algoritmoak erabiltzea proposatzen da; horien helburua da, bada, baterien degradazioa iragartzea. Behar den entsegu kopurua murrizteko transferentzia bidezko ikaskuntza-teknika erabiltzea proposatzen da. Horren bidez, sare neuronal batek jatorri-ataza batean ikasitakoa erabil dezake xede-atazako helburuak hobetzeko. Horretarako, bi Li-ioi kimikaren datu multzoak erabili dira: NMC eta LFP. Lehenengoa sare neuronala jatorri-atazan entrenatzeko erabili da. Ondoren, sare neuronal hori erabili ahal izan da, transferentzia bidezko ikaskuntza aplikatuta, bigarren Li-ioi bigarren kimikaren degradazioa iragartzeko, bigarren datu multzoko datu gutxi batzuk baliatuta. Hartara, nabarmen txikitu da LFP baterietarako degradazio-eredua garatzeko kostua. Proposatutako metodoa Li-ioi baterietarako degradazio-eredu unibertsalak garatzeko lehen urratsa da, hautatutako kimika gorabehera. Beraz, memoria honetan aurkeztutako ikerketa-lanak interes teknologikoa ez ezik, interes ekonomikoa ere badu, eta energia-biltegiratzearen mendeko industria-esfera osoaren egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuten die.

 

Bigarren saria:  Garazi Eizmendi Iribar (Goi Eskola Politeknikoa)

Proiektuaren izena: Eskaintza arloko kostu sistema baten optimizazioa eta eskaeren konplitzea bermatzen duten dinamiken ezarpena.

Laburpena:

Proiektu honi esker, bi arazo nagusi ebatzi dira; alde batetik, kostu mailan lan egiteko kultura ezberdinak desagertu dira, eta bestalde, proiektuen kudeaketan, proiektu taldearen inplikazio eskasiari eta proiektuen inguruan haiek duten informazio faltari konponbidea bilatu zaio. Dokumentu honetan arazo horien irtenbidea lortzeko eman diren pausoak agertzen dira. Lehenik eta behin, dibisioan indarrean dauden eskaintzak egiteko kostu sistema eta bertan erabiltzen diren hainbat erreminta ezagutu eta aztertu dira. Beste negozio unitate baten eta negozio honen kostu sistemen arteko ezberdintasunak identifikatu dira, eta makina mota baten dokumentuak negozio honetako kostu sistemara egokitu dira. Horrez gain, DANOBAT mailan ezarritako kodifikazio jarraibideak aplikatu dira negozioko hainbat dokumentutan. Bestalde, dibisioaren gaur egungo eta etorkizuneko eskaerek, irismen, kostu eta epean ezarritako helburuak betetzea bermatzen duten bi dinamika ezarri dira; proiektuen plangintzaren jarraipena egiteko dinamika eta kostuen jarraipena egiteko dinamika. Horretarako, aurrez eskarien konplitzea bermatzeko prozedura sortu da eta dinamika horietan erabiltzeko erreminta egokienak aukeratu dira. Dinamikak martxan jarri ondoren, haien etengabeko hobekuntza gauzatu da, sortutako arazoak ebatziz eta behar berriak asetuz.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa