Mondragon Unibertsitateak eta MONDRAGON Internacionalek Erakundeen Nazioartekotzeari buruzko Unibertsitate Masterra jarri dute abian

Masterrak 18 hilabete iraungo du: 12 hilabeteko aurrez-aurreko prestakuntza Bilbao Berrikuntza Faktorian, ingelesez eta gaztelaniaz; eta sei hileko egonaldia atzerrian.
Card image cap
MONDRAGON Internacionaleko lehendakaria, Oskar Goitia; eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoa, Lander Beloki.
2015/09/15

Unibertsitateak esparru-akordio bat sinatu du MONDRAGON Internacionalekin, biek batera Masterra diseinatzeko. Ikasleek txandakako prestakuntza eta sei hileko egonaldiak egingo dituzte atzerrian.

Acuerdo MU Mondragon Internacional 2

Masterraren helburua da ikasleek enpresetan nazioartekotze-prozesuak garatu, kudeatu eta gidatzeko behar dituzten tresnak eskuratzea, nazioarteko esperientzia zuzenen bidez.

Masterraren zati bat munduko hainbat lurralderekin lotutako edukien gaineko prestakuntza jasotzea da; horretarako murgiltze teorikoa egingo du lurralde hauetan: Europa, Asia, Pazifikoa, Hegoamerika, ABE, Kanada eta Mexiko, Magreb eta Arabiar Herrialdeak eta Afrika

Masterra

Masterraren helburu nagusia da gazte graduatuek eta lanean dauden profesionalek behar dituzten eskumenak eskuratzea, enpresen nazioartekotzeko esperientziak garatu, kudeatu eta gidatzeko. Masterra lagungarri izango da ekonomia globalean jardun behar duten etorkizuneko profesionalek ezagutu eta ulertu ditzaten nazioartekotze-prozesuak ezartzeko tresnak eta teknikak.

Ikasleak jasoko duen prestakuntzak bi oinarri bereizle izango ditu: alde batetik, lana eta ikasketak txandaka eta sei hileko egonaldia atzerrian; bestetik, eginez ikastea oinarri duen metodologia bat, proiektu errealen gainean lan eginez, Unibertsitatearen filosofiarekin bat.

Masterrean sartzeko, ikasleek unibertsitate-titulu ofizialaren jabe izan behar dute. Lehentasuna izango dute ingeniaritza-tituludunek, profil horrek eskari handia baitu nazioarteko postuetan.  Era berean, honako titulazio hauek ere bat datoz bete beharreko lanpostuekin: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Ekonomia, Zuzenbidea, Negozio Kudeaketa, Enpresa Marketinaren Kudeaketa, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza, Marketina, Lan Harremanak eta Giza Baliabideak.

Prestakuntza-programa

Lanbide-karrera nazioartekotzearen alorrean egin nahi duten unibertsitate-tituludunei zuzenduta dago Masterra. Urrian hasiko da, Bilbao Berrikuntza Faktorian (Bilbo), aurrez-aurreko modalitatean. Guztira 18 hilabete iraungo du (12 hilabeteko ikaskuntza eta beste 6 atzerrian), ingelesez eta gaztelaniaz emango da eta 90 kreditu izango ditu. Eskola-egutegia betetzen den bitartean, ikasle guztiak txandaka arituko dira ikasten eta inguruneko nazioarteko enpresa batean praktikak egiten; aurrez-aurreko prestakuntza amaitzen denean, enpresa horren bitartez sei hileko egonaldia egingo dute atzerriko merkataritza- edo produkzio-filial batean.

Zehazki, prestakuntza-programa 2015eko urrian hasi eta 2017ko martxoan amaituko da.  2015eko urritik 2016ko martxora bitartean, txandakako praktikak egin ahal izango dituzte enpresetan, baina ez dira ezinbestekoak izango. Praktika horri esker, ikasleak lan-esperientzia hartu ahal izango du nazioarteko enpresa batean. Horrela, atzerrira joan baino lehen sakon ezagutuko du egonaldia egiteko egokitu zaion enpresa.

Prestakuntzak bi zati ditu. Lehen modulua 2015eko urritik 2016ko martxora emango da, eta honako gai hauek jorratuko ditu: globalizazioa testuinguruan jartzea, enpresa baten nazioartekotze-ahalmenaren diagnostikoa, kokapena aukeratzea eta, azkenik, nazioarteko enpresa baten kudeaketa globalaren gakoak. Bigarren moduluak 2016ko martxotik uztailera iraungo du; horretan, egokitzapen geografikoan sakondu eta zentratuko da prestakuntza; hala, munduko hainbat lurralderekin lotutako edukiak landuko dira sakonki: Europa, Asia, Pazifikoa, Hegoamerika, ABE, Kanada eta Mexiko, Magreb eta Arabiar Herrialdeak eta Afrika.

Behin kontzeptuak barneraturik eta hainbat kokagune dituen enpresa bateko esperientziarekin konbinaturik, 2016ko irailetik 2017ko otsailera bitartean ikasleek egonaldia egingo dute enpresa horren nazioarteko merkataritza- edo produkzio-filial batean, ikasitako guztia praktikan jartzeko aukera izan dezaten. Horrela amaituko dute Masterra.

Izena eman daiteke Mondragon Unibertsitateko edozein fakultatetan edo Unibertsitatearen webgunearen bidez. Izena emateko epea urriaren 16an amaituko da.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa