Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Taldeak Komunikazio Campusaren bigarren edizioa antolatu dute
Komunikazio Campusa antolatu dute, bigarren aldiz, Goiena Komunikazio Taldeak eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio graduak. Astebete iraungo du eta goizez egingo da, Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan duen Komunikazio Campusean. Udalekuak daude zuzenduta DBH-4ko eta batxilergoko lehen mailako gazteentzat. Bi txanda egingo dira, astelehenetik ostiralera: lehena, uztailaren 4etik 8ra; eta bigarrena, 11tik 15era. Biak ala biak, 09:00etatik 13:30era.
Udalekuen helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura.
Zuzeneko podcast saioa telebista platotik
Udalekuen helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura. Horretarako, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: kamera aurrean nola jarri, fotokazetaritza, podcastak nola egin, sare sozialen kudeaketa… Aurten, gainera, arreta berezia jarriko da telebistako platotik egindako zuzeneko podcast saioetan. Ariketak egiteko, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Campuseko baliabideak erabiliko dira: telebista-platoa, ordenagailuak eta beharrezko izango duten bestelako materiala. Horretaz gain, Goienaren Arrasateko egoitza –erredakzioa, telebistako platoa eta irratia– bisitatuko dute egun batean.
Mondragon Unibertsitateko irakasleek eta Goienako profesionalek hartuko dute parte Komunikazio Campusean. Era berean, landuko diren gaietan ezagunak direnek eta eskarmentua dutenek emango dituzte master-eskolak: Ainhoa Vitoriak, komunikatzaile eta Gazteako irrati esatariak, Alex Padillak, sare sozialetan aditu eta Tabakalera eta Gazteako komunikazio teknikariak; eta Goiena Komunikazio Taldeko Xabier Urzelaik, mojo edo eskuko telefono adimendunekin ekoiztutako ikus-entzunezkoen edukietan adituak.
Izen-ematea
Izena emateko epea zabalik dago ekainaren 18ra arte, eta prezioa 125 euro da. Plaza mugatuak izango dira; txanda bakoitzean, gehienez ere, 15 lagun elkartuko dira. Izena emateko: www.labur.eus/komunikaziocampusa