Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Mondragon Unibertsitateak bere altxor botanikoa ezagutzera eman du zuhaitzen munduko egunean
Zuhaitzen munduko eguna da gaur, eta egun berezi honetan Mondragon Unibertsitateak bere altxor ezezagunetako bat ezagutzera eman du. Planetaren birikatzat jotzen ditugu zuhaitzak, airea garbitzen eta klima erregulatzen laguntzen baitute. Bada, Mondragon Unibertsitateko Iturripeko campusak 50 zuhaitz-espezie baino gehiago eta 100 bat zuhaitz ditu bere eremuan; hori dela eta, unibertsitatearen birika ez ezik, benetako lorategi botanikoa ere bada, aztertzeko modukoa. Lorategi gaztea da, zuhaitz gehienak 90eko hamarkadan landatu baitzituzten; beraz, 40 urte inguru dituzte orain.
Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoak ingurumen-gaiak hobetzera bideratutako lantalde bat du, eta energia-kontsumoaren murrizketan zentratzeaz gain, biodibertsitatearen gaiak ere lantzen ditu. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ingurumen taldeak urte asko daramatza lorategi hau zaintzen.
Orain, lorategia eta bere espezieak ezagutarazi nahi dizkiete Arrasateko herritarrei edo gaian interesa duen edonori; izan ere, «balio handia du, bai zuhaitzen barietateengatik, bai espezieen kopuruagatik» adierazi dute Goi Eskola Politeknikotik.
Bertako eta lorezaintzako hainbat espezie
Espezieen artean, ezkiak (Tilia platyphyllos eta Tilia cordata) eta haritz amerikarrak (Quercus rubra) dira ugarienak. Koniferoen barruan, honako hauek aurkituko ditugu: izei gorria (Picea abies), izei espainiarra (Abies pinsapo), Lawson altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana), Himalaiako zedroa (Cedrus deodora), Atlasko zedroa (Cedrus Atlantica), horietako bat tamaina handikoa, eta Ginkgo biloba bat, lurrean 250 milioi urte baino gehiago daramatzan fosil biziduna.
Aipatzekoa da bi sekuoia luze (Sequoia sempervirens) ere badirela. Zuhaitz hori 100 metro izatera irits daiteke eta Monterron parkean (Arrasate) eta Etxezarreta parkeko lorategi botanikoan ere ikus daitezke.
Bestalde, hemengo barietateen artean honako hauek ditugu: bertoko haritza (Quercus robur), artea (Quecur ilex), artelatza (Quercus suber), hagina (Taxus baccata), pagoa (Fagus sylvatica), zumarra (Ulmus graba), gaztainondoa (Castanea sativa) eta lizarra (Fraxinus excelsior).
Lorezaintzan asko erabiltzen diren espezieak ere badira: aranondo gorria (Prunus cesarifera Pisardii), indimetrea (Lagerstroemia indica), amodio-zuhaitza (Cercis siliquastrum), katalpa (Catalpa bignonioides), indi gaztainondo arrunta (Aesculus hippocastanum) eta magnolia (Magnolia soulangeana). Eta azkenik, euskal lorategietan hainbeste ikusten ditugun magnolia lore-handia (Magnolia grandiflora), xarma arrunta (Carpinus betulus), astigar zuria (Acer pseudoplatanus) eta likidanbarra (Liquidambar styraciflua) ere aurkituko ditugu campusean.