Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Mondragon Unibertsitateak 10 titulazio berri eskainiko ditu 2019-2020 ikasturtean
Mondragon Unibertsitateak 2019-2020 ikasturtean argi eta garbi finkatuko da Bizkaiko hiriburuan, 5 titulu gehiago jarriko baitira abian graduko nahiz graduondoko eskaintza akademikoan.
Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearen hitzetan, «merkatuan eta hezkuntza-arloan antzeman ditugun beharrizanei erantzungo dien eskaintza akademikoa taxutu dugu, Mondragon Unibertsitateak hasiera-hasieratik eduki duen profil berritzailearekin bat jokatuz eta jardunean oinarritutako prestakuntza-ereduaren garrantzia begi-bistatik galdu gabe».
Mondragon Unibertsitateak 2019-2020 ikasturtean eskainiko ditu 31 titulazio (16 gradu eta 15 masters), eta 18 dualak izango dira. Hauetatik 9, ingeniaritza alorrekoak izango dira, 2 enpresa kudeaketakoak, ekintzailetzako 1, komunikazioko 1, hezkuntzako 2 eta gastronomiako 1. Unibertsitate masterren kasuan berriz, 15 eskainiko dira. Hauetatik 8 ingeniaritzakoak, 4 enpresa kudeaketakoak, 2 hezkuntzaren alorrekoak eta gastronomiako 1.
Enpresagintza Fakultatea
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak enpresen eta gizartearen premiei lotutako tituluak jarriko ditu abian datorren ikasturtean, ikusirik profil horietan oso eskari handia egon arren, oraindik ere gabezia dagoela prestakuntzan. Gizartearen premia berriek profil profesional berriak eskatzen dituzte, eta unibertsitateen eginkizuna da erantzun egokia ematea.
- Business Data Analytics Gradua. Euskadin aitzindaria. Presentziazkoa. Bilboko campusean emango da.
Horiek horrela, Mondragon Unibertsitateak datuak ateratzen eta aztertzen espezializatutako gradua jarriko du abian datorren urtean Bilbon (Euskadin lehenengoa eta estatu osoan bigarrena): Bussines Data Analytics Gradua. Titulua presentziazkoa izango da, eta gaiak gaztelaniaz eta ingelesez emango dira. Alderantzizko gradu duala izango da; hau da, ikaslea enpresetara joan beharrean, enpresek hartuko dute parte graduan, ikaskuntza-sisteman bertan. Zehazki, hezkuntza-prozesuaren baitan ebatzi beharko dituzten benetako erronkak planteatuko dizkiete ikasleei. Datuen, matematikaren eta ingeniaritzaren bidez, eta negozioaren ikuspegi globala erabiliz, negozioaren erronkei erantzutera bideratuta dago gradua. Hala, datuak biltzeko eta biltegiratzeko prozesuak ulertzeko eta ondoren datuok aztertzeko, bistaratzeko eta emaitzetan oinarritutako erabakiak hartzeko gaituko ditu ikasleak.
Gero eta digitalagoa den (eta, beraz, datuak era masiboan sortzen dituen) enpresa-agertoki horretan, datuetatik balioa ateratzen jakingo duten profesional kualifikatuen eskaria askoz handiagoa da lan-merkatuan dauden hautagaien kopurua baino. Randstad Research institutuak egindako txostenaren arabera, 5 urtean 390.000 lagun behar izango dira datu-zientziari lotutako lanpostuak betetzeko. Big Dataren enplegu-behatokiaren esanetan, 2017ko lehen 6 hilabeteetan % 45 hazi zen datu-zientzialarien eskaria Europan, eta etorkizunean are hazkunde handiagoa egongo dela aurreikusten da.
- Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza Gradua. Lau ikasmailak ibilbide dualean eskaintzen dituen gradu bakarra da Espainian. Berria da Bilboko campusean. Ibilbide duala. Presentziazkoa.
Datorren ikasturtean Bilbora iritsiko da Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza Gradu duala, gaur egun ikasmaila guztietan (lehen mailako bigarren seihilekotik hasi eta laugarren mailaraino) ibilbide dualean (lana eta ikasketak txandatuz) estatuan ematen den bakarra. Lehen mailatik laugarren mailara ibilbide dualean egiten denez, lau urteko enpresa-esperientzia bilduta graduatzeko aukera dute ikasleek. Gainera, euren ikasketak finantzatzeko aukera ere izango dute, enpresan jasoko duten prestakuntzari esker. Orobat, ikasle GUZTIEK dute bermatuta nazioarteko egonaldi bat gutxienez (atzerriko unibertsitate batean edota praktikak kanpoko enpresa batean eginez).
Prestakuntza dualari esker, Mondragon Unibertsitateko ikasleek lehen mailatik laugarren mailaraino jardungo dute enpresa-munduan, unibertsitateak lankidetza-hitzarmenak sinatuta dituen 500 enpresetako batean. Unibertsitatea aitzindaria da enpresa-kudeaketako prestakuntza duala eskaintzen, jaki dakielako garrantzi handiko gakoa bihurtu dela lan-merkatuan sartzeko.
Enpresen kudeaketa eta zuzendaritza arlo anitzeko zeharkako esparrua denez, aterako diren profesionalek enpresetako alderdi askotan jarduteko aukera izango dute: zuzendaritzan, kudeaketa estrategikoan, finantzetan, ekoizpenean, auditoretzan, giza baliabideetan, logistikan, kontsultoretzan, berrikuntzan, ikerketan eta garapenean nahiz enpresa-ekimen berrietan.
- MBA Bezeroen Kudeaketa Estrategikoa. Bilboko campusean emango da. Presentziazkoa.
Bezeroen Kudeaketa Estrategikoari buruzko MBA hori Bilbao Berrikuntza Faktorian emango da 2019an (urtarriletik abendura), eta presentziazkoa izango da. Erakundeak aldarazten laguntzea eta bezeroekiko harremanaren alorrean gaur egungo errealitatera hobeki egokitutako kultura ezartzea da trebakuntzaren helburua. Ildo horretan, ikasleak errendimendu handiko taldeak kudeatzeko gai izatea eta talentuaren kudeaketa eraginkorra egitea bilatzen du masterrak. Hurbilpen berri baten bidez, bezeroekiko harremanei etekinik handiena ateratzen eta bezeroen esperientzia hobeto kudeatzen ikasi nahi duten profesionalei zuzenduta dago.
- MBA Executive. Bilboko campusean emango da. Erdi-presentziazkoa.
MBA Executive trebakuntza 2019ko urtarriletik abendura bitartean emango da Bilbao Berrikuntza Faktorian, hazi eta berritu nahi duten enpresei zuzenduta. Helburua: Euskal Herriko ETE eta mikroETE-ei enpresa-kudeaketa hobetzen eta berehalako aldakuntza etengabeak bizi dituen merkatu global eta lehiakorrean hazkundea optimizatzen laguntzea. Mondragon Unibertsitateak zuzendutako MBA Executivek ospe handiko sei erakunderen laguntza du: APDrena —Zuzendaritzan Aurrera egiteko Elkartea—, Cebekena —Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa—, Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialarena, Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuarena, Ekonomistak Euskal Elkargoarena eta Gecematena —Zuzendari eta Enpresarien Sare Profesionala—.
- Kirol Berrikuntza Aditu Ikastaroa. Bilboko campusean emango da.
Mondragon Unibertsitateak, Wats ekimenarekin eta Mondragon Team Academyrekin lankidetzan, Euskadin parekorik ez duen Kirol Berrikuntza eta Kudeaketa graduondokoa ematen dihardu Bilbon, irailaz geroztik. Metodologia berritzaileen bidez, profesionalak trebatuko ditu kirol-erakundeen eta errendimendu handiko kirol-taldeen kudeaketaren arloan. WATSen misioa, kirolean ematen den biolentzia errotik ateratzea da. Euskadin aitzindari den graduondoko honetan, ikasleek konpetentziak eskuratuko dituzte, kirolaren arloko enpresen sektorean negozioak garatzeko eta ekosistema osasuntsu eta indarkeriarik gabekoan kirol-taldeak kudeatzeko.
Enpresen eta adituen iritzian, profil teknikoen premia oso handia dago momentu honetan. Izan ere, berrikitan Lanbidek kaleratu duen txostenaren arabera, Mondragon Unibertsitatean ingeniaritzako profil teknikoen ikasketak egin dituzten gradudunen langabezia-tasa % 5,8koa da. 2017an egin eta 2018an argitaratu den inkesta horretan 2014ko promozioko gradudunek hartu dute parte (lan-merkatuan sartu eta 3 urtera egin dute, beraz). Txostenaren arabera, gazte horien % 97,3k lortu dute enplegua.
Lan-merkatuak aspaldi eskatzen ditu digitalizazioari, zibersegurtasunari eta prozesu industrialak eta robotak automatizatzeko, kontrolatzeko eta adimenez hornitzeko premiari lotutako profil teknikoak. Hain zuzen, unibertsitateak enpresen, erakundeen eta gizarte osoaren beharrizanei doitasunez erantzuten dioten graduondoko 2 titulu jarriko ditu abian datorren urtean: Datuen Analisia, Zibersegurtasuna, eta Garapena eta Eragiketak Unibertsitate Masterra; eta Robotika eta Kontrol Sistemak Unibertsitate Masterra. Master bata zein bestea lotu-lotuta daude Europak, Espainiak eta Euskal Herriak «4.0 industria konektatuaren» harira jorratzen dituzten estrategiekin eta alor horretako prestakuntza-premiekin.
Goi Eskola Politeknikoak Arrasaten duen campusean emango dira presentziazko ibilbide dualean: bi egun ikasgelan eta beste bi eta erdi enpresetan, ordaindutako praktiketan, ikasturtearen hasieratik.
Bi masterrek 18 hilabeteko iraupena dute. Lehenengo mailan irakaskuntza-alorra da nagusi; bigarrenean, berriz, ikasleek 3 ibilbide dituzte aukeran:
- Ikerketa-ibilbidea (etorkizunean doktorego-tesia egiteko ateak ireki ahal dizkiena).
- Nazioarteko mugikortasuna (egonaldiak atzerrian, erreferentziako erakundeetan).
- Enpresa-ibilbidea (master-amaierako proiektua EAEko enpresetan).
- Datuen Analisia, Zibersegurtasuna, eta Garapena eta Eragiketak Unibertsitate Masterra. Euskadin aitzindaria. Presentziazkoa. Ibilbide duala. Arrasateko campusean emango da.
Zeharkako titulua da, eta edozein sektoretarako baliagarria izango den profil profesionala eskaintzen du. Halatan, enpresaren eraldaketa digitala ahalbidetuko duten azpiegiturak diseinatzeko, ezartzeko, kudeatzeko eta optimizatzeko ezagutzak eta trebeziak barneratuko dituzte ikasleek.
Gizartearen digitalizazioak praktikan esan nahi du enpresen, erakundeen eta pertsonen gero eta datu eta informazio gehiago daudela espazio eta azpiegitura digitaletan, eta segurtasun-baldintza handi-handiak behar direla baimendu gabeko inork datuak eskuratzea saihestekotan. Mundura begirako leiho horrek norabide bikoitza dauka eta enpresak behar dituen datuak Interneten eta eremu digitalaren bidez eskuratzen dituen hein berean, enpresen datuetarako sarbidea ere irekitzen du horrela; horregatik, ezinbestekoa da erasoetatik, begiradetatik eta baimenik gabeko sarbideetatik babestea. Enpresaren datuak sortu eta prozesatzen dituzten makina guztiak dauka behatua izateko edo erasoa jasateko arriskua. Eta digitalizazio horrexek sortu du erabili eta aztertu behar dugun datu-olde hori ere.
Masterrean, datuen analisirako teknikak ulertu eta erabiltzen jakiteko, zibersegurtasuna menderatzeko eta industriarako eta gizarterako irtenbide eraginkorrak emateko arkitektura eta azpiegitura seguruak garatuko dituzten adituak trebatuko dira. Produktuaren bizitza-ziklo osoa hartuko duen enpresa-kudeaketa bermatuko duten sistema seguruak diseinatu, garatu, kudeatu eta optimizatuko dituzte, datuen analisian oinarritutako irtenbideak erabiliz, produktuaren zerbitizazioa ahalbidetzeko eta enpresa-prozesuak hobetzeko.
Zibersegurtasunaren eztanda ere garatze-bidean dago. Geratzeko etorri da eta ez dago atzerabiderik, bilakaera argia baizik. Enpresek sistema eta azpiegitura berriak erabiliko dituzte etorkizunean, eta babestu egin beharko dira.
- Robotika eta Kontrol Sistemak Unibertsitate Masterra. Presentziazkoa. Ibilbide duala. Arrasateko campusean emango da.
Gauza batek bereizten du, argi eta garbi, Mondragon Unibertsitatearen titulu ofiziala gainerako eskaintza guztietatik: adimen artifizialaren, ikusmen artifizialaren eta robotikaren aldeko apustu argiak. Lan-inguruneetan nonahi hedatuta daude, dagoeneko, adimen artifiziala eta automatizazioa. Horren ondorioz, lanaren automatizazioak, industrian ez ezik, gizarte osoan ere badauka eragina; izan ere, abantaila handiak dakarzkio industriari, efizientziaren, kostuaren eta kalitatearen alorretan. Industria konektatua nagusitzen den honetan, teknologia robotikoaren eta kontrol-sistemen alorretan lan-merkatuan dagoen eskari handiari erantzun nahi dio masterrak. Helburua da industria-prozesuak eta robotak automatizatzeko, kontrolatzeko, mantentzeko eta adimenez hornitzeko gai izango diren adituak trebatzea.
Oso positiboak izan dira sektore honetako enplegagarritasunari buruz eta eskari-aurreikuspenei buruz enpresekin egin ditugun kontrasteak. Laneratze-maila handia espero dute guztiek.
Masterrak bi espezializazio eskaintzen ditu: sistema autonomoak eta automatizazioa. Lehen mailako lehen seihilekoa berdina da batean eta bestean; bigarren seihilekoan, ostera, espezialitate bakoitzak irakasgai bereziak ditu. Bigarren mailan, espezialitate bataren nahiz bestearen alde egiten duten ikasle guztiek izango dituzte lehen aipatu ditugun hiru aukerak, alegia: ikerketa-ibilbidea, mugikortasun-ibilbidea edo enpresa-ibilbidea.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
Datorren ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitateak Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen bi unibertsitate-master eskainiko ditu bere eskaintza akademikoa osatzeko: batetik, Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntzan Unibertsitate Master berritzailea eta, bestetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Irakasle gisa Aritzeko Gaitzen duen Unibertsitate Masterra, formatu dualekoa eta erdi-presentziazkoa.
Hezkuntza- eta enpresa-inguruneek, eta gizarteak oro har, erakundeetan hobekuntzak sustatzeko proiektu eraldatzaileak zuzendu eta bultzatzeko gai izango diren pertsonak behar dituzte, gizarteak eskatzen dituen aldaketak burutu ahal izateko. Aldatu egin dira ikastearen eta irakastearen kontzeptuak. Irakatsi beharrean, ikasketa-prozesua erraztu egin nahi da, eta, testuinguru horretan, hezitzaileek jakituria-iturri izateari utzi eta ikaskuntza-prozesuen erraztaile izateko lana barneratu behar dute. Unibertsitateak hezkuntza eraldatzen lagundu nahi die ikastetxeei, erakundeei eta komunitateari, ikasgelaz eta hezkuntza arautuaz harago doazen ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak bateratuz.
- Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntzan Unibertsitate Masterra. Estatuan aitzindaria. Eskoriatzako, Madrilgo eta Bartzelonako campusetan berria. Eskoriatzan ere emango da. Erdi-presentziazkoa
Mondragon Unibertsitateak Eskoriatzan, Madrilen eta Bartzelonan emango du titulua. Estatuan parerik ez duen titulazioa da, ikasteko eta berritzeko prozesuak sustatzera bideratua. Era erdi-presentziazkoan emango da. Garapen pertsonal eta profesional eraldatzailera bideratutako ikaskuntza da, eta hainbat bide erabiliko ditu: metodologia praktikoa bera, lan-bidaiak, workshopak, lantegiak eta abar. Ikasle bakoitzak bere interes pertsonal eta profesionaletarako edukirik aproposenak aukeratu ahal izango ditu. Helburua da orotariko prestakuntza-testuinguruetan gizartea eraldatzen lagunduko duten hezkuntza-prozesu eraldatzaileak bultzatzeko, kudeatzeko eta ikertzeko gai izango diren tituludunak trebatzea.
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Irakasle gisa Aritzeko Gaitzen duen Unibertsitate Masterra. Presentziazkoa Eskoriatzako campusean, ibilbide dualean. Erdi-presentziazkoa euskaraz, Eskoriatzan.
Datorren urtetik aurrera, Mondragon Unibertsitateak ibilbide dualean eta presentziazkoan emango du master hori Eskoriatzako campusean, bai eta erdi-presentziazkoan eta euskaraz ere, Eskoriatzan bertan. Bigarren hezkuntzako irakaskuntzarako gaitzen duen masterra ibilbide dualean eskaintzen duen bakarra da estatuan.
Helburua da Euskal Herriko hezkuntza-testuinguruan eta prestakuntza praktikoan oinarrituta, beraien ingurune aldakorra kudeatzeko gai izango diren pertsona kritikoak trebatzea. Hezkuntza-komunitate osoak sarean ikas dezala sustatu nahi da (unibertsitatearen eta eskolaren arteko harremana ere kontuan hartuta), irakasleei berriro pentsaraziz ikaskuntzan duten inpaktua.
Gastronomia Zientzien Fakultatea (Basque Culinary Center)
Orain 7 urte Espainian gastronomiako lehen gradua sortu zuen Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultateak ere eskaintza akademikoa zabalduko du, urtarriletik aurrera. Zehazki, Hoteletako Food & Beverage (jamariak eta edariak) Zuzendaritza Masterra eta Jangelako Zuzendaritza eta Bezeroaren Arreta Unibertsitateko Aditu Ikastaroa eskainiko ditu. Biak ala biak Donostian dagoen Basque Culinary Centerren emango dira.
- Food & Beverage (janariak eta edariak) Zuzendaritza Master Profesionala. Presentziazkoa. (2019ko urtarriletik ekainera, 3 hilabeteko praktikaldiarekin)
Gero eta gehiago hazten eta birsortzen ari den sektorea da, eta, beraz, hotelen negozioa ondo ezagutzen duten eta hotelaren gastronomia-ahalmenari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko gai izango diren profesional espezializatuak behar dira. Gastronomiaren kalitatea ardatz harturik, ikuspegi berritzailea, globala eta integratzailea jorratuko du proposamenak.
Master hau Food & Beveragean aditu bihurtzeko eta Janarien eta Edarien departamentua zuzendu eta antolatu ahal izateko prestakuntza-programa da. Kalitateari eta zerbitzuari dagozkion estandarrik altuenak emango ditu, hoteleko gastronomiaren onurak maximizatzeko.
Masterra urtarriletik ekainera bitartean emango da Basque Culinary Centerren eta hiru hilabeteko curriculum-praktikak ere izango ditu. Gastronomiako gradudunei nahiz beste diziplina batzuetakoei (turismokoei, ostalaritzakoei, enpresen administraziokoei...) zuzenduta dago, eta bokazio argia du, alde batetik, sektorearen kudeaketari begira eta, beste alde batetik, sukaldaritzako edo jatetxe-zerbitzuetako tituludunei eta ostalaritzako prestakuntza profesionala dutenei begira.
- Jangelako Zuzendaritza eta Bezeroaren Arreta Aditu Ikastaroa. Presentziazkoa. 2019ko apiriletik ekainera emango da, astelehenetan eta astearte batzuetan.
Jangelaren esparrua profesionalizatzera diseinatutako unibertsitate-titulua da. Sukaldaritzaren iraultzaren ondoren, pertsonen eta jangelaren iraultza dugu aurrez aurre. Ikasleak zerbitzurako askotariko ezagutzak barneratuko ditu: produktu eta teknikak menderatzeko ezagutzak, psikologiaren alorrekoak, taldeen kudeaketari buruzkoak, bezeroaren esperientziari lotutakoak, jangelako teknologiaren eremukoak, komunikazioaren ingurukoak eta salmenta-tresnei buruzkoak.
Lanbidean garatu eta sakondu nahi duten jatetxe- eta ostalaritza-zerbitzuetako zuzendaritzako eta lotutako beste diziplina batzuetako tituludunei eta jangelako profesionalei (zerbitzariei, maitreei, jangela-buruei eta jatetxeetako gerenteei, besteak beste) zuzentzen zaie ikastaroa, bai eta jangelaren eta bezeroaren arretaren alorretan azken joeretan egunean egon nahi duten irakaskuntzako profesionalei ere.