Mondragon Unibertsitatea, kooperatibismoaren eta ekonomia sozialaren alde

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatuta jardunaldi bat egin zen atzo Bilbon. Bertan, MyDigiCoop Europako ikerlanean ateratako ondorioak aurkeztu zituzten.
Card image cap
Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea, eta Nagore Ipiña, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, atzoko ekitaldian.
2023/02/10

Mondragon Unibertsitateak, lan kooperatiboa eta gizarte-ekonomia ikasgeletan nahiz ikasgeletatik kanpo sustatzeko filosofiari jarraituz, nazioarteko jardunaldi bat antolatu zuen atzo Bilbao AS Fabrik campusean, kooperatibismoak eta gizarte-ekonomiak goi-mailako hezkuntzan dituzten onurak azaltzeko eta ekonomia-mota hori sustatzeko. MyDigiCoop Europako ikerlanean ateratako ondorioetan oinarritu da ekitaldia. Ikerlanak unibertsitateko eta goi-mailako ikasketetan enpresa-espiritu kooperatiboa sustatzea du helburu, eta profesionalei eta ikasleei tresna eta gaitasun berritzaileak ematea, eguneroko bizitzan erabil ditzaten. Izan ere, ekonomia egiteko beste modu bat bideratu eta proiektu sozialei ekite aldera, tresna digital bat sortu behar zela hauteman zen, ikasleen profil ekintzaile kooperatiboa ikuspegi teorikotik nahiz praktikotik lantzeko.

MyDigiCoop Europako ikerlanean ateratako ondorioetan oinarritu da ekitaldia. Ikerlanak unibertsitateko eta goi-mailako ikasketetan enpresa-espiritu kooperatiboa sustatzea du helburu

Mondragon Unibertsitateak antolatutako jardunaldian aurrez aurre eta telematikoki parte hartzeko aukera izan da. Joan Subirats Espainiako Gobernuko Unibertsitate-ministroa onlineko konexio bidez aritu da, gizarte-ekonomiak eta kooperatibismoak unibertsitate-hezkuntzan eta goi-mailako beste gradu batzuetan dituzten onurei buruz. Mondragon Unibertsitateko ikertzaileek eta irakasleek ere hartu dute parte; nabarmentzekoak dira: Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea; Nagore Ipiña, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, eta Paula Álvarez, fakultate horretako ikertzailea —MyDigiCoop azterlanaren emaitzak azaldu ditu—.

Joan Subirats Unibertsitate Ministroaren hitzetan: "LOSUn, unibertsitate-sistemaren lege organiko berrian, berariaz aipatu nahi izan ditugu unibertsitate kooperatiboak", eta eskerrak eman dizkio Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak. Bestalde, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak, Nagore Ipiñak, adierazi duenez, "MyDigiCoop proiektuak bultzatzen duen bezalako ekintzailetza sozio-kooperatiboa ezinbestekoa da bizitzea egokitu zaigun mundu honetan; ezegonkorra den eta etengabe aldatzen ari den mundu bat".

Plataforma digitala

Proiektua abian jartzeko, ikasketa-plataforma digital bat sortu da, unibertsitateko ikasleek euren zeharkako gaitasunak hobetu eta gizarte-ekonomiari eta kooperatiboari buruzko ezagutza teknikoa handitzeko. Gidaliburu batzuk ere egin dira, goi-mailako hezkuntzako erakundeetako irakasleei ikasgeletan gizarte-ekonomia eta kooperatibismoa sustatzen laguntzeko.

Europako MyDigiCoop azterlana 2020an sortu zen, eta bost helburu finkatu zituen: lehenik, unibertsitateko eta goi-mailako ikasleen profil ekintzaileak eta kooperatibistak identifikatzea; bigarrenik, ikasleentzako ikasketa-ibilbide pertsonalizatuak diseinatzea, irakasleei ikasleen gaitasunak garatzen laguntzeko; hirugarrenik, plataforma birtual interaktibo bat sortzea, gizarte-ekonomia kooperatiboaren eta gizarte-ekintzailetzaren garapena bultzatzeko; laugarrenik, unibertsitateko eta goi-mailako graduetako irakasleei beharrezko trebetasunak, gaitasunak eta materialak ematea, euren klaseetan enpresa-espiritu kooperatiboa eta soziala susta dezaten, eta, azkenik, erakundeen, sektore publikoko eta pribatuko enpresen eta elkarteen arteko sinergiak eta lankidetza indartzea, haien beharrak prestakuntza-ikastaroan sartuta.

Errumaniako Sibiuko Lucian Blaga Unibertsitateak eta Finlandiako Haaga-Helia Zientzia Aplikatuen Unibertsitateak ere garrantzi handiko zeregina izan dute azterlanean, baita Espainiako hiru enpresa txiki eta ertainek —Senior Europa eta Gestionet Multimedia tartean direla— eta Alemaniako Unibertsitate Ekintzaile eta Konprometituen Akreditazio Kontseiluak (ACEEUk) ere. Gaur egun, azken fasean dago.  

Irakaskuntza unibertsitate zentroa