Irakurriena
- 1. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
- 2. LagunAroren etorkizuneko erronkak aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian
- 3. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 4. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
- 5. MONDRAGON, konpromisoaren indar eraldatzailea
- 6. "MONDRAGON proiektu kooperatiboa, gertukoa, berrikuntzan oinarritua, eraldatzailea eta irekia da"
"MONDRAGON proiektu kooperatiboa, gertukoa, berrikuntzan oinarritua, eraldatzailea eta irekia da"
Ikusmin handia sortu du MONDRAGONeko presidente Pello Rodriguezek kazetarien ordezkaritza zabal batekin egindako topaketak. Ia bi orduz egon da eurekin eta hainbat konturi buruz galdetzeko aukera izan dute, Bilbon.
Oinarri sendoko proiektu irekia eta globala aurkeztu die Pello Rodriguezek; pertsonak erdigunean eta balio kooperatiboetan indartsu, lehiakortasuna bilatuz, negozio berriak garatu nahi dituena. Malgutasuna, egokitzeko gaitasuna eta erresilientzia aipatu ditu MONDRAGONeko presidenteak.
2025-2028 Politika sozioenpresarialaren 4 ardatzak labur azalduz hasi da Pello Rodriguez. Identitateaz esan du erronka bat dela “balio kooperatiboetara ekartzea bizi dugun belaunaldi aldaketaren protagonistak. Gure kooperatibetan erretiro asko gertatzen ari diren sasoian gaude eta jende gaztea zein kultura desberdina dakarten migranteak erakarri behar ditugu”.
Negozio berriak hizpide, nabarmendu du “beti izango dela kalitatezko enplegua helburu, dauzkagun negozioak sendotuz eta berriak sortuz”. Ildo honetan, inbertsioak egingo direla esan du: 15M€ dagoeneko inbertituta, beste 15M€ko funts bat onartuta eta beste 10-15M€ abian diren startup-ak hazi arazteko. Adibide konkretuak ere jarri ditu mahai gainean: Orbik eta Innkia startup kooperatibo eratu berriak eta bestelako inbertsio batzuk ere bai: Cocoon, Oroi edo Corify, besteak beste.
“Beti izango da kalitatezko enplegua helburu, dauzkagun negozioak sendotuz eta berriak sortuz”
MONDRAGON ireki baten argazkia erakutsi du, gizartetik gertuago egon nahi duena, erakunde publiko zein pribatuekin harremantzen dena, eta gogoratu du, “MONDRAGON negozioa bezelaxe, gizartean eragitea ere bada, gizarte-inpaktua da”.
Laugarren eta azken ardatza, interkooperazioaren balioa, irmoki defendatu du MONDRAGONeko presidenteak: “Interkooperazioa da gehien desberdintzen gaituena. Mundu globalean aritzeko sinergiak beharrezko dira, neurria garrantzitsua delako”. Txinako adibidea jarri du: “Txinara eskutik joan ginen MONDRAGONeko kooperatibak, elkarrekin. Orain, Mexikon daukagun interkooperazio proiektuak Txinan hasitakoa gogoratzen dit”.
2024ko ekitaldiko datuak
Itxi berri den ekitaldiaren inguruan datu batzuk eman ditu Pello Rodriguezek: “2024 urte oso ona izan da, 11.200 milioi euroko salmentak lortu ditu MONDRAGONek, %2 inguru hazi da beraz. Enplegua ere hazi eta kontsolidatu du 70.500 legunetan. Industria eta Banaketako negozioak %2tik gora hazi dira, Finantzetan Laboral Kutxaren emaitza iaz baino %23 handiagoa da (274,5 M€) eta LagunAro BGAEren ondare-funtsa 7.400M€koa da”.
"2024 urte oso ona izan da, 11.200 milioi euroko salmentak lortu ditu MONDRAGONek, %2 inguru hazi da"
Aurtengo ekitaldiari begira, “zaila da aurrikuspenak egiten”, mundu mailan bizi den “ezegonkortasuna tarteko”. “Baina MONDRAGONek beti du orekarako joera, eta badakigu ondo eta okerxeago doazen negozioekin balantzea egiten”.
MONDRAGONen argazki sendoa
Hasi den bezalaxe, MONDRAGONen proiektuaren argazki sendoa erakutsiz bukatu du Pello Rodriguezek: "MONDRAGON irekia da, irekita gaude. MONDRAGONek entzun egiten du, eta beste enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritu. Negozioetan aritzen gara eta gaude lekuan, tokian bertan, arrastoa utzi nahi dugu, pertsonen ongizatea hobetzeko. Industria gara, finantzak gara, banaketa, ezagutza, heziketa… baina batez ere, MONDRAGON egiteko modu bat da".