MONDRAGON-Keiretsu Forum Inbertsio Industrialeko Foroaren laugarren edizioa

Ekosistema ekintzaileko 200 eragile inguruk parte hartu zuten. Keiretsu Forum inbertitzaile pribatuen nazioarteko sarerik handiena da.
2025/03/17

Joan den martxoaren 13an, MONDRAGONek, MONDRAGON Ventures - Sustapen Zentro korporatiboaren bitartez, Inbertsio Industrialaren Foroaren laugarren edizioa antolatu zuen, inbertitzaile pribatuen nazioarteko sare handienarekin, Keiretsu Forumekin, lankidetzan. 2.000 inbertitzaile baino gehiago ditu, eta ehunka enpresa finantzatu ditu.

Ekitaldi horrek Estatu osoko 200 agente ingururen interesa piztu zuen, eta ekosistema ekintzailearen ordezkaritza zabala bildu zuen, hala nola korporazio handiak, ETEak, aholkulariak, abokatuak, zentro teknologikoak, unibertsitateak, erakundeak, inkubagailuak eta azeleratzaileak, inbertsio-kudeatzaileak eta inbertitzaile pribatuak. Gainera, gure kooperatibetako lider ugari izan ziren bertan.

"Teknologia eta zientzia handiko enpresei zuzendutako inbertsio-foroa da, eta hori industriara nola transferitzen ari den erakusten du. Gaur Espainia osoko inbertitzaile eta startup asko izan ditugu, eta guztira 200 bat pertsona elkartu gara. Argi dagoena da foro hau bakarra dela eta urte askotarako irautea espero dugu", adierazi du Miquel Costak, Keiretsu Forum Spaineko CEO eta presidenteak.

Ekintzailetza industrialak gero eta garrantzi handiagoa hartu du Europan, eta inbertsiorako erakargarritasun handiko eremu bihurtu da. Hori dela eta, horrelako foro bat plataforma estrategiko bihurtzen da MONDRAGONentzat.

Hala dio Joseba Sagastigordia MONDRAGON Ventures - Sustapen Zentro korporatiboko zuzendariak: "Korporazioari balioa hurbiltzeko aukera ematen digu. Batetik, MONDRAGON enpresa-negozio berrietan egon nahi duen erakunde berritzaile gisa erakusten dugulako; eta, bestetik, aukera ematen digulako gure zuzendariek uler dezaten badirela dibertsifikatu ahal izateko beste modu batzuk, kasu honetan, dagoeneko merkatuan dauden formatuetan eta horiek bultzatzeko bidelagunak behar dituztenak. Pertsona interesgarriekin eta espazio ezezagunetara egindako bidaia hori oso erakargarria da gure negozioetarako".

Ekitaldiaren hasieran, mahai-inguru bat egin zen, teknologia eta zientzia industriara transferitzeari buruz eztabaidatzeko. Horren ondoren, finantzaketa-errondan zeuden eta foro honetan aukera bat ikusi zuten 8 enpresa aurkeztu ziren.

Iratxe Peralesek, MicrofySystems-eko CEOak, enpresa parte-hartzaileetako batek, nabarmendu zuen "inbertsio pribatua, bilatzen duguna, MONDRAGONek eskaintzen digun ezagutzaren eta kooperatiben sare osoaren balio erantsiarekin batu ahal izatea; eta elkarrekin lan egin ahal izatea, inbertsioari dagokionez ez ezik, lanean, diseinuan, ekoizpenean, mekanikan...".

Azken batean, proiektu sendoak ikusi ziren, MONDRAGON industria-, merkatu- eta finantza-aliatu bat bezala ikusten dutenak, eta beren enpresa-ibilbidera batu nahi dutenak.

Ekintzailetasuna, dibertsifikazioa eta enpresa-jarduera berrien sorrera sustatzeko MONDRAGON Korporazioaren plataforma korporatiboa gara.