Markel Alberdi: "Gehiegi obsesionatu nintzen emaitzekin!”
Kooperatiba batean zure lehen esperientzia da, ezta?
Bai, aurretik ezagutzen nituen teorian baina hemen aukera izango dut bertatik bertara ezagutu eta bizitzeko. Azpimarratuko nuke pertsonen arteko erlazioa, tratua eta hurbiltasuna.
Arlo profesionaletik aparte, Google bilatzailean zure izena sartuz gero, igerilari ohia bezala agertzen zara.
Bai, eta fazeta horrek bitan zaitu du nire bizitza: igerilari izan nintzen urteak eta utzi nuenetik gaur arte. Igeriketan umetan hasi nintzen, agian beste kiroletan ez nintzelako oso ona. 5-6 urte nituela, ikastaroetan hasi nintzen, gustura eta giro onean, eta poliki-poliki entrenamenduetara pasatu nintzen.
Afizionatu izatetik profesionala izatera pasatu zinen.
Bai, hasieran pare bat ordu egiten nuen igeri astean eta pixkanaka egunero entrenatzen hasi nintzen eta exijentzia maila ere igotzen joan zen. DBH eta batxilergoa ikasten nengoela, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak prestatzeko libre nituen tarte guztietan entrenatzen nuen; eguerdian, iluntzean… Eta horrelaxe iritsi nintzen unibertsitatera. Donostiara joan nintzen eta bertan ikasi eta entrenatzen nuen, topera!
Biak uztartzeko aukera izan zenuen? Igeriketa eta unibertsitatea?
Bai, gutxienez froga egitea erabaki nuen eta ondo moldatu nintzen. Beraz, giro unibertsitarioaz gain, bizitza paraleloa nuen, igeriketan. Egun batzuetan ezin nintzen klasera joan, sasoiaren arabera 4-6 ordu entrenatzen nituelako. Baina, orokorrean ondo konpaginatzen nituen bi fazetak. Ondoren, beste salto kualitatiboa gertatu zen, 2013an Bartzelonan mundialerako sailkatu ginenean.
Zergatik? Zer aldatu zen?
Erronka berria zen eta nire buruari gero eta gehiago exijitzen nion. Esaten nuen, orain arte gai izan banaiz, zergatik ez jarraitu bide beretik? Beka bat eskatu nuen Madrilera, errendimendu handiko zentrora joateko eta bertan igaro nituen hurrengo hiru urteak. Nire kabuz ikasten jarraitu nuen, ingeniaritza bukatzeko, eta tartean entrenatzeko bizi nintzen, errendimendua hobetzeko bizi nintzen. Dena nuen eskura: denbora, profesionalik onenak, elikadura… baina konturatu gabe burbuila batean sartu nintzen!
Kirol arloan emaitza onenak lortu zenituen baina ez hain onak arlo pertsonalean.
Hori da, igeriketarako bizi nintzen, beste guztia albo batera utzita. Ikusi nuen oreka galtzen ari nintzela, gehiegi obsesionatu nintzen emaitzekin eta horrek beste arazo batzuk eragin zituen. 2016an joko olinpikoetara heldu nintzen eta nahiz eta kirol arloan urterik onena izan, arlo pertsonalean nire bizitzako txarrena izan zen. Antsietate krisialdiak izan nituen eta handik bueltan dena utzi nuen; igeriketa betirako utzi nuen!
Nolako oroitzapenak duzu garai hartaz?
Boom hori gertatu arte, oso onak!
Asko disfrutatu nuen, izugarri! Baina bat-batean dena erori zen eta nahiz eta saiatu nintzen beste modu lasaiago batean igeriketan jarraitzen, niretzat ez zuen zentzurik! Eta dena utzi nuen!
Zelako erabaki zaila!
Bai, erabakia hartzea oso zaila izan zen baina oso modu naturalean eraman nuen. Futbolari batek belauna apurtzen badu, derrigortuta dago uztera! Nire kasuan ere derrigorrez hartu behar izan nuen erabakia, nahiz eta lesioa desberdina izan.
Oraindik ere ez da osasun mentalari buruz gehiegi hitz egiten, ezta?
Keba! Nik sentitu dut gizartean tabu bat dela, baina zorionez nik ez dut tabu bezala tratatu eta beti esan dut garbi sentitu izan dudana. Eta sentipenak kanporatzeak izugarri lagundu dit; terapia izan da niretzat!
Gaiarekin lotuta, The Line proiektua jarri zenuen martxan. Zer da eta zertarako?
Alde batetik, betidanik gustatu izan zait hiru dimentsioetan piezak egitea. Eta, Fagorren CNCak egiten ditugu eta makinak ditugu horretarako. Zurrunbilo honetan, okurritu zitzaidan makina bat erostea ordenagailuan diseinatzen nituen egurrezko piezak mozteko eta sortzeko.
Badu zerikusia igeriketarekin, edo?
Bai. Pentsa, igeriketan kale zuzen-zuzen batetik zenbat buelta ematen ditugun, marra jarraituta. Nik, esate baterako, zortzi ordu entrenatzen nituen eta denbora gehiago ematen nuen uretan kanpoan baino. Hortik bururatu zitzaidan ideia. Crowdfunding plataforma erabilita, erronka bat finkatu nuen diru ekarpena lortzeko eta estatuko osasun mentalaren federazioari laguntzeko. Nire piezak saltzen ditut horretarako, egurrezkoak eta marra ez hain zuzena irudikatuz, izan ere igeriketan bezala bizitzan ere ezer ez da zuzen-zuzena!
Zer moduz doa proiektua?
Hasierako diru ekarpenaren erronka lortu dut eta gainera, osasun mentalaren gaia mahai gainean jartzea ere lortu dut; nolabait horixe baitzen azken helburua.
Zer eman dizu eta zer kendu igeriketak?
Eman dit ilusioa, esperientzia polit asko, ametsak lortzeko aukera eta lagun asko. Izugarri disfrutatu dut, disziplina zer den ikasi dut, eta norbere lana kudeatzen ere ikasi dut. Eta kendu? Gauza batzuk sakrifikatu nituen bai: niretzat denbora librea, bestelako afizioak… eta momentu batean, osasuna ere kendu zidan! baina era berean, egoera horrek bizi-ikaskuntza asko eman dit!