Martxan da Euspot euskarazko 'spot' lehiaketaren 14. edizioa

'Zer da laguna izatea?’ galderari erantzuten dion iragarkia osatu beharko dute aurtengo parte-hartzaileek; maiatzaren 26ra arteko epea izango dute. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babestuko du lehiaketa bigarrengoz, eta Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi Ikastola daude antolatzaileen artean, Arteman Komunikazioa eta Aretxabaletako Udalarekin batera.
Card image cap
Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduraduna; Arantzazu Lagunilla, Arteman Komunikazioko zuzendaria; Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Garikoitz Iturbe, Aretxabaletako alkatea; Maddi Iregi, Bai Euskarari Elkarteko aholkularia; eta Xabi Igoa, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arloko zuzendaria.
2025/02/04

Aurkeztu da Euspot Lehiaketaren edizio berria Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean. Nerabezaro bete betean aurkitzen da lehiaketa, 14. edizioa da dagoeneko, eta adin tarte horrek oso bereak dituen ezaugarrietatik abiatuta, aurtengo edizioak adiskidetasun harremanak izango ditu inspirazio iturri. Zer da laguna izatea? gaiari erantzun beharko diote Euspot-zaleen proposamenek.

Gaur gaurko gaia da. Agenda politikoan ere badago gaurko gazteen arteko harreman sanoak sustatu beharra, sareek eragiten dituzten mehatxuak aintzat hartuta, teknologiek ahalbidetzen dituzten komunikazio eta harremanetarako jarrerak, bertatik bertarakoak, harreman inklusiboak, dibertsitateari aurre eginez eraikitzen direnak, eta beste hamaika adibide.

Kanpaina bat egingo balitz, administrazioak edo eta enpresa pribatu batek sustatuko balu, nolakoa izango litzateke zure proposamen sortzailea? Azken urteotako uztari eutsiz jarraitzen du Euspotek eta aurten ere sekulako babesle eta laguntzaile zerrenda batu da euskarazko spot lehiaketaren deialdira.

Ibilbide oparoa: 900 spot Euskal Herri osotik

Ondo errotutako lehiaketa da Euspot eta orain arteko edizioetan 900 spot inguru jaso dira. Ez dago zalantzarik gaur gaurko gizartean ikus-entzunezkoen eragina izugarria dela eta horren ondorioz ikus-entzunezkoen formatuak interes izugarria eragiten duela, bereziki gazteen artean. Euspot, ordea, ez da soilik gazteei zuzenduta dagoen lehiaketa, asko dira urteetan parte hartu dutenen profila, jatorria eta interesa. Era berean, egokia da gogoraraztea irudimena eta sormena direla Euspot elikatzen duten iturri nagusiak. Hortaz, lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte. Adin eta maila guztietarako sariak daude eta, aurten ere, espero da lehiaketa Euskal Herri osora hedatzea, marka guztiak hautsiz.

3.000 euro baino gehiago saritan

Sei sari banatuko dira.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Gazteen saria (18 urtetik beherakoak) (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Parte-hartzaileek 2025eko maiatzaren 26a bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko.

Lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da gehienez. Aurten ere formatua librea izango da, spota edozein formatutan grabatu ahal izango dela: horizontalean ala bertikalean.

Parte hartu

Irakaskuntza unibertsitate zentroa

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea

Irakaskuntza