Lurrikarak kaltetutako pertsonentzat laguntza abiarazi du Copreci-Turkiak

Istanbuletik gertu duten lantegitik bat-bateko laguntza prestatu dute kaltetutako eremuetara bidaltzeko. Besteak beste; ikatza, negurako jantziak eta janaria bidaliko dituzte.
2023/02/09

TUlankidek Tayfun Ucar-ekin hitz egin berri du. Coprecik Turkian duen lantokiko zuzendariak aldizkari honi esandakoaren arabera egoera oso larria da Turkian eta Sirian, lurrikararen epizentroan, "tragedia itzela da eta hitzekin azaltzea ezinezkoa". Ideia bat egiteko "kaltetutako eremua Espainia erdiarekin parekatu daiteke eta bertan 15 milioi biztanle bizi dira, hamaika hiri daude eta herri txiki ugari. Horiek guztiek jasan dituzte kalteak" adierazi digu Tayfunek. "Milaka eraikin erori dira, errepideak, komunikazio bideak... hondamendia izugarria da, inoiz bizi izan dugun tragediarik handiena".

Tayfun eta bere familia Istanbulen bizi dira, lurrikararen epizentrotik 800 km ingurura, baina lurrikararen gunean bizi diren senideekin hitz egiteko aukera izan du eta tragediaren neurria nolakoa izan den kontatu diote. "Istanbulen ez genuen lurrikara igarri, baina izugarria izan da, inoiz ez dugu parekorik ikusi. Nik atzora arte ez neukan orain dudan sentsaziorik, baina kalte larriak bizi izan dituzten guneetan eraikin erdiak desagertu egin dira". 

Laguntza Coprecik Istanbulen duen lantegitik

Coprecik bat-batean abian jarritako egitasmoa zuzentzen ari da Tayfun, logistika konplexuari erantzun nahian eta laguntza gune kaltetuenetara bideratu guran. Esan digunez, material ugari jasotzen ari dira; mantak, neguko jantziak, ikatza eta janaria, besteak beste, eta paketetan sartzen ari dira eta inguru kaltetuetara bidaltzen. "Bidalketa ez da batere samurra kaosa baita nagusi gure herrian, baina hori da garrantzitsuena, laguntza helaraztea, bereziki herri txikienetara".

Era berean, Tayfunek esan digunez, arazoa kudeatzeko zailtasun ugari dituzte, bereziki denbora aurrera doalako eta gero eta zailagoa delako pertsonak hondakinetatik ateratzea bizirik. Horri guztiari hotza gaineratu behar zaio, "-15ºko tenperaturak eta elurteek erreskate lanak konplikatu dituzte. Dagoeneko 72 ordu igaro dira lurrikara gertatu zenetik eta 17.000 hildako baino gehiago zenbatu ditugu".

Nola lagundu modu seguruan

Elkartasuna gaur, inoiz baino garrantzitsuagoa da. Hala, Consumer aldizkariak Gobernuz Kanpoko Erakundeen zerrenda bat egin du, laguntza bideratzen dabiltzanak guztiak ere, eta haien bitartez era seguruan laguntza bideratzea posible da. 

https://www.consumer.es/solidaridad/terremoto-turquia-siria-donar-forma-segura

Etxetresna elektrikoetarako osagaiak