Irakurriena
- 1. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 2. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
- 3. MONDRAGON, konpromisoaren indar eraldatzailea
- 4. "MONDRAGON proiektu kooperatiboa, gertukoa, berrikuntzan oinarritua, eraldatzailea eta irekia da"
- 5. MONDRAGON Healthek osasunerako eta zaintzarako teknologia aurkeztu du FITECUn
- 6. TU Lankide berritua: 7 hobekuntza MONDRAGONi buruz informatzeko
Leintz Bailarako Ekiolaren obrak hasi dituzte
Iñaki Aranburu, Maite Iturbe, Carlos Martinez eta Jesus Mari Arizmendiarrieta Ekiolako Errektore kontseiluko kideak eta obra zuzendaritza daraman Ekiproject enpresako ordezkariak Leintz Bailarako Ekiolaren parke fotovoltaikoa izango den lur-zoruan izan dira gaur. Obren hasierako lur mugimenduak bertatik bertara ikusi dituzte eta proiektuaren inguruko datu eguneratuak partekatu dituzte. Aurreikuspenak betez gero, irailean amaituko dituzte lanak eta urrian martxan izango da Leintz Bailarako Ekiola.
220tik gora bazkide ditu gaur egun kooperatibak eta 600 familiarentzat harpidetza aukera izango da
Gaurko bisitak balio izan du Leintz Bailarako Ekiola kooperatibaren gaineko datuak partekatzeko. 220tik gora bazkide ditu gaur egun kooperatibak eta 600 familiarentzat harpidetza aukera izango da. Hala, Kooperatibako bazkide izan eta etxean edo komertzioan energia berriztagarria jaso nahi duten herritarrek bazkidetza fasea burutu beharko dute. Halaber, bazkide egin edota Ekiolaren inguruko informazio gehiago izan nahi duen edonorentzat arreta-bulegoa irekita dago Arrasateko BAZen –astebete goizez eta astebete arratsaldez, txandaka–, eta ekiolaren webgunearen bitartez ere bideratu ahal izango du bere eskaera. www.ekiola.eus webgunean.
Eguzki-parkea urritik aurrera martxan
10.000 metro koadroko zabalera eta 2.300 panel fotovoltaiko izango ditu Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean kokatuko den eguzki-parkeak. Parkearen aurrekontua 1.700.000 euro ingurukoa da eta sorrera horretan bi ekarpen esanguratsu daude: batetik, Fagor Taldeak egindakoa, 335.400 euro; bestetik, Europatik jasotako Next Generation funtsak, 644.000 euro. Horrenbestez, ia milioi bat euro ditu dagoeneko Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibak.
Familia eredua
2.200 kWh-ko kontsumoa duen hiru pertsonako etxebizitza baten kasuan, familiaren hasierako inbertsioa 1.239 euro litzateke, guztira –Ogasuneko desgrabazioa jaso aurretik: 1.458 euro–. Eta, esan bezala, familiek hasieran egindako ekarpena hiru urte eta erdian berreskuratuko lukete.
Hurrengo hitzorduak
Leintz Bailarako Ekiola kooperatibak datorren ekainaren 21ean egingo du Batzar Orokorra, eta bertan eskainiko dituzte orain arteko datuak, 2022ko balantzea eta 2023ko erronkak. Deialdi irekia da, hala, bazkide direnak eta bazkide ez direnak baina proiektuaren inguruan informazioa jaso nahi dutenak daude deituta. Aurretik, ordea, ekainaren 16an prentsaurrekoa eskainiko dute Batzar Orokorrean aztertuko diren gaien aurrerapena egiteko eta martxan dagoen bazkidetza kanpainaren gaineko detaileak eskaintzeko.