Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Lehentasunezko negozioak sendotzearen eta frankizia bidez handitzearen aldeko apustua egin dute EROSKIko bazkideek
EROSKI kooperatibak Ohiko Batzar Nagusia egin zuen atzo ekainak 18, Barakaldon, eta langile bazkide eta kontsumitzaile bazkide guztien 500 ordezkariak deitu ditu bilkurara. EROSKIko presidenteak, Agustin Markaidek, enpresa zer-nolako egoeran dagoen azaldu zuen 2013-2016 Plan Estrategikoaren testuinguruan: zorra berrantolatzeko prozesu batean ari da, negozioa lehentasunezko eremuetan kokatzen eta supermerkatu-sarea frankizia bidez zabaltzen Espainiako Estatuan.
Markaidek azpimarratu nahi izan zuen 2013. urtea izan dela "aldaketaren lehen urtea", eta "pauso oso adierazgarriak" egin direla. "2014. urtea ere oso garrantzitsua izango da EROSKI berriaren inguruan egindako aurrerapausoak sendotzeko, kontsumitzaileei, gizarteari eta talde honetako bazkideei hobeto erantzungo dien EROSKI berri horren inguruan, hain zuzen". Eta 2016. urtea bitarteko Plan Estrategikoa aurkeztu zuenean esandako hitzak oroitarazi ditu: "Bidea ez da erraza izango, kontsumoa atzera egiten ari da-eta eremu guztietan. Hurrengo urteetan testuinguruak hobera egiten badu, errazagoa izango da; egiten ez badu, zailagoa izango da. Edonola ere, lortuko dugu iristea helburutzat jarri dugun lekura".
EROSKIk denda-eredu berri bat bultzatzea erabaki du, "zurekin" eredua, eta saltokiak eraldatzeko lanean ari da orain. Bezeroei tratu pertsonalizatuagoa eman nahi die, erosketa egitean gehiago aurreztu dezaten, apustu handia egin du tokiko produktuen alde, leku gehiago eskaini nahi die elikagai freskoei, eta elikadura osasungarria sustatu nahi du. Gainera, 2016a bitarteko Plan Estrategikoan EROSKIk aurreikusten du urtean 100 supermerkatu berri irekiko dituela frankizia bidez, eta, modu horretan, orain arteko ahaleginari segida emango diola: 2013an frankizia erako 46 supermerkatu berri ireki zituen, non 253 lanpostu berri sortu ziren eta 14 milioi euroko inbertsioak egin.
Batzar Nagusian onartu egin ziren kooperatibaren banakako kontuak eta kontu kontsolidatuak, gehiengo handiz egin ere, baita 2013. urteko ekitaldiaren Kudeaketa Txostena ere. Kooperatibako bazkideek onespena eman diote emaitza negatiboen %30 beren gain hartzeari, eta hurrengo 5 urteetan ordainduko zaie galera hori, etorkizunean izango diren etekinekin. Irizpide hori koherentea da EROSKIk etekinak langile bazkideen artean banatzeko betidanik erabili duenarekin, eta Erreserba Negatibo Indibidualizatu berri baten bidez egingo da, bazkide bakoitzak kooperatiban duen Kapital Kontutik bereizita. Gai hori Batzar Nagusira eraman aurretik, erabaki horren alde agertu ziren kooperatibak dituen 8.000 bazkideen %80.
Mendeko Finantza Ekarpenak (MFE) ordaintzea
Beste urte batez, eta 2003. urteaz geroztik egin izan duen bezala, 2015eko ekitaldiari dagozkion Mendeko Finantza Ekarpenen (MFE) interesak ordaintzea onartu du EROSKIk gaurko Batzarrean. Ordaina 2016. urteko urtarrilean gauzatuko dela ziurtatu da. Horrekin, segida ematen zaio aurtengo ekitaldiari dagozkion interesak ordaintzeko erabakiari (datorren urtarrilaren 31n gauzatuko da).
EROSKIk beti bete izan ditu MFEak jaulkitzean hartu izan dituen konpromisoak. Lehenbizikoz jaulki zituenetik, EROSKIk 292,4 milioi euro ordaindu dizkie inbertsiogileei MFEetan, 660 milioi euroren baliabideak hartuta. MFEen interesak ordainduz, 2002. urteko inbertsiogile batek, adibidez, gaur-gaurkoz bere inbertsioaren balio nominalaren %63 eskuratu izango du interesetan eta, tituluen jabe den bitartean, jarraitu egingo du horien balio nominalaren gaineko ordaina jasotzen, zeren interesak urtero ordaintzeko konpromisoa betetzeko baldintza ez baita kooperatibak etekinak lortzea.
MFEak finantza produktuak dira, lege betebehar guzti-guztiak zorrotz betetzen dituztenak; gainera, Balio Merkatuen Komisio Nazionalak (CNMV) une orotan gainbegiratu eta onetsi ditu, Bilboko Merkataritza arloko 1. Epaitegiak joan den urtarrilean berretsi zuen bezala. Epailearen autoak dio EROSKIk ez zuela egin iruzurrezko publizitaterik eta ez duela erantzukizunik MFEak saltzeko orduan, Balio Merkatuei buruzko Legeak finantza erakundeei soilik aitortzen baitie horiek saltzeko eskumena, zeinek komisio bat jasotzen duten horiek egoki saltzeagatik.
MFEak produktu erakargarriak izan dira inbertsiogileentzat 10 urtez, harik eta finantza merkatuak erori diren arte. Titulu horiek eskaintzaren eta eskariaren legeei jarraituz kotizatzen dute merkatuan.
Kooperatibako organoak berritzea
EROSKIren Batzar Nagusiak, bestalde, Kontseilu Errektorea osatzen duten kideen erdiak berritu ditu, ordezkaritza organoak berritzeko ohiko prozesuaren barnean. Langile bazkideek eta kontsumitzaile bazkideek osatzen dute Kontseilu Errektorea, kide kopuru berarekin, eta hura da kooperatibaren kudeaketaren arduradun nagusia.
Horrekin batera, Baliabide Batzordea ere berritu egin da, zeina langile bazkideen hiru ordezkarik eta kontsumitzaile bazkideen beste hiruk osatzen baitute. Oraingo honetan, langile bazkideen ordezkarietako bi berritu dira eta beste bi kontsumitzaile bazkideenak.
Kooperatibaren gobernu jardueretan parte hartzea
EROSKIk, kooperatiba den neurrian, informazioa emateko eta parte-hartzea sustatzeko prozesu zabala egiten du bazkideen artean Batzar Nagusia iritsi aurretik. Maiatzean eta ekainean, adibidez, zenbait bilera egin ditu Batzar Nagusian bazkideen ordezkari izango diren kideekin, eta beste zenbait batzar ere egin ditu bazkide guztiekin.
EROSKI S.Coop.-ek 8.196 bazkide langile ditu; hau da, horiek guztiak langileak eta jabeak dira aldi berean, erabakiak hartzen dituztenak eta eguneroko lanean horiek gauzatzen dituztenak. Gainera, 438.553 kontsumitzaile ere EROSKIko kide dira kontsumo bazkide gisa.