Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Leartikerrek miokardio-infartua tratatzeko soluzioak garatzen duen proiektuan hartzen du parte
Leartikerrek nazioarteko ibilbide berri bat hasi du CARDIOPATCH proiektuan parte hartuta. Proiektu hori Nafarroako Unibertsitatea Klinikak gidatzen du eta Europar Batasuneko Interreg Sudoe Programak finantzatzen du, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) bidez.
Proiektuan kardiologian, terapia zelularrean, nanoteknologian, 3D inprimaketan, bioingeniaritzan eta transferentzia teknologikoan espezializatutako bederatzi erakundek parte hartzen dute, Espainia, Frantzia eta Portugaletik etorriak.
Gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotza-kausa nagusienak munduan. Patologia horiek sortzen dituzte Europan gertatzen diren heriotzen % 45a, eta 210.000 milioi euroko kostu sanitarioa eragiten diote Europar Batasunari, European Heart Network erakundearen datuen arabera.
Testuinguru horretan garatzen da CARDIOPATCH proiektua, miokardio-infartuaren tratamendurako bide berriak ireki eta pazienteen bizi-kalitatea hobetuko duten irtenbideak emateko. Zehazki, 2020ko abenduaren 15ean hasi eta 2023ko apirilera arte iraungo duen proiektuaren helburu nagusia adabaki "adimentsu" bat garatzea izango da, bihotzekoak kaltetutako ehunak birsortzeko gaitasuna izango duena.
Hori lortzeko, proiektuaren bazkideek koipetik datozen zelula ama mesenkimalez bustitako kolageno-zuntzezko adabaki batetik abiatuta lan egingo dute, kardiomiopatia iskemiko kronikoa duten pazienteen saiakuntza kliniko baten lehen fasean dagoena. CARDIOPATCH proiektuko espezialista-taldeak adabaki horren onura terapeutikoa optimizatuko du, aldaketa genetikoko eta birprogramazio zelularreko tekniken bidez.
Era berean, proiektuak gizartea inplikatu nahi du, eta, hori lortzeko, ikerketa-aurrerapenei eta prestakuntza-tailerrei buruzko dibulgazio-ekintzak antolatuko ditu
Soluzio berria diseinatzeko, genetikoki aldatuko dituzte ehun adiposotik eratorritako zelula ama mesenkimalak, mikro-ARNekin eta bektore biralekin, proteina angiogenikoen eta kardiobabesleen adierazpena eragiten dutenak. Horri esker, odol-hodi berriak sortuko dira bihotzaren eremu kaltetuan, eta hori konpontzen lagunduko du. Era berean, adabakiaren kolageno-mintzaren birsortzeko gaitasuna indartuko da, kardiomiozitoak sartuz, horiek baitira bihotzeko muskulua osatzen duten zelulak.
Adabaki berri horren baliozkotze terapeutikoaz gain, Leartiker zentro teknologikoak beste bi produktu mediko garatuko ditu: 3D gailu bilgarri bat, pazienteari adabakia egungo terapiek baino modu ez hain inbaditzailean ezartzen laguntzeko eta bere ekoizpena orokortzeko eta garraioa errazteko 3D sistema bat. “Paziente batengan adabakia ezartzeko gaur egun dagoen teknika kirurgikoa torakotomia da. Gure helburua da 3D gailu bilgarri bat garatzea, mini-torakotomia baten bidez ezarri ahal izateko. Horrela, adabakia formatu bilgarrian izanda, ebakidura txiki baten bidez sartu ahal izango dugu, eta bihotzaren eremu kaltetura bideratu. Han, zabaldu eta bihotzeko lesioari akoplatu, birsortzea aktibatzeko”, dio Felipe Prósperrek, Nafarroako Unibertsitatea Klinikako Zelula Terapiaren Arloko zuzendaria eta proiektuaren arduradun zientifikoak.
Bikaintasun-sare bat I+G+b biosanitarioa bultzatzeko
CARDIOPATCH proiektuaren beste helburuetako bat, irtenbide aurreratuak garatzeaz gain, "Bikaintasun-sare" bat sortzea da, sektore biomedikoaren I+G+b bultzatuko duena Europako hego-mendebaldean, 4.0 industriaren teknologiak osasun-sektorera zabaltzeko asmoz.
CARDIOPATCH Bikaintasun Sareak eskualde partaideetako administrazio publikoekiko lankidetza sustatuko du, bihotz-birsorkuntzako medikuntzan egindako azken aurrerapen medikoen berri ematen lagunduko dieten tresnak eta zerbitzuak martxan jarrita, erabaki estrategikoak hartzea errazteko.