Leartikerrek material polimeriko eta osasun sektoreari buruzko jardunaldia antolatu du

"Polymers and medical applications" izeneko jardunaldia bigarrenez urtez antolatuko da Markina-Xemeinen. Datorren apirilaren 4an egingo da, Lea Artibaiko Berrikuntza gunean.
Card image cap
2014/03/25

Aipatutako jardunaldia, apirilaren 4an egingo da, goizeko 9:00etan hasi eta eguerdiko 13:00ak bitartean, Lea Artibaiko Berrikuntza gunean. Bertan izango dira, besteak beste, Rescoll Frantziako material polimerikoen ikerketa zentroko ordezkariak; Evonik material kimikoetan berritzailea den Alemaniako multinazionaleko ordezkariak; eta baita Mondragon Healtheko ordezkariak ere.

Horretaz gain, Createch Medical Mendaron kokatzen den enpresako ordezkariek, hortzetako inplante eta protesiak garatzeko orduan material polimerikoen erabileraz arituko dira.  Eta Vall d'Hebron Kataluinako ospitaleko kudeatzaileek, material polimerikoekin ezartzen dituzten konponbideen inguruan hitz egingo dute, izan ere aitzindariak dira material hauen erabilpenean.

Jardunaldi didaktiko eta berritzailea izatea espero da, sektore askotara zuzendutakoa, eta batik bat parte hartuko dute: sendagile, ingeniari, ikerlari eta enpresetako promotore profesionalek.

Biomedikuntzaren sektorea: etorkizuneko erronka Markina-Xemeingo zentroarentzat

Leartikerren plan estrategikoaren helburua, 2016an zentroko ikerketen %20a biomedikuntzaren ingurukoak izatea da. Hori lortzeko hainbat akordio sinatu dituzte enpresa, unibertsitate eta Europako erakundeekin.