Lea Artibai Ikastetxeak prestakuntza berritzailea eskaini du kolektibo zaurgarrientzat

CLEAN UP MIXED PROYECT2 proiektuaren helburua prestakuntza herritar zaurgarrienei hurbiltzea izan da, bereziki formakuntzarik gabeko emakumeei, baita garbitasunaren lanbidea duintzea ere.
Card image cap
2023/06/22

Markina-Xemeinen kokatutako Lea Artibai Ikastetxeak proiektu berritzaile bat diseinatu eta eskaini du lehen aldiz, baztertuta geratzeko arriskuan dauden eta laneratzeko zailtasunak dituzten kolektibo zaurgarrientzat.

CLEAN UP MIXED PROYECT2 izeneko proiektua 2023ko urtarrilaren 16tik maiatzaren 19ra eskaini da Ikastetxearen instalazioetan. Honen helburua izan da prestakuntza hurbiltzea formakuntza-zailtasun handienak dituzten herritarrei, bereziki aldez aurreko ikasketarik gabeko emakumeei, eta laguntza, aholkularitza eta orientazioa eskaintzea, generoa edo arraza edozein dela ere.

Lea Artibai Ikastetxeak lankidetza estua du inguruko eragile eta erakundeekin, laneratzea lortze aldera. Hori dela eta, eskualdeko langabezia datuen jakitun, proiektu hau hainbat erakunderekin batera gauzatzea erabaki zuen, batez ere Lanbiderekin eta Lea Artibai Amankomunazgoarekin. Era berean, proiektu hau eskualdeko garbiketa-sektorearen beharrei erantzuteko sortu zen; izan ere, lanbide horrek goranzko eskaria izan arren, kualifikaziorik gabeko langileak ditu, eta gehienak emakumeak dira, gizarte-bazterketan daudenak. Beraz, aldi berean, generoaren eta klasearen arabera diskriminatutako garbitasunaren lanbidea duindu nahi du.

Ezarritako helburuak betetzeko, CLEAN UP MIXED PROYEC2 3 ekintzaz osatuta dago:

  • Eraikin eta lokaletako gainazalen eta altzarien garbiketa.
  • Pertsonei eta taldeei laguntzea coaching-aren ikuspegitik.
  • Laneratzea eta Lana bilatzeko teknikak.

Erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza-metodologian oinarritutako proiektuak alderdi teorikoa izan du, baita bizipen-praktika ere Ikastetxean bertan, laguntza emozional eta enpresarialarekin. Lehenengo ekintzan, ikasleek garbiketa-tekniketan eta -prozeduretan trebatu dira, eta praktikak egin ahal izan dituzte Ikastetxean bertan zein hainbat enpresatan, prestakuntza amaitzean. Bigarren ekintzan, gaitasun profesionalak zein emozionalak sakondu dituzte, eta, alde batetik, jarrera, erantzukizuna, antolaketa…landu ahal izan dituzte eta, bestetik, autoestimua, autokonfiantza, enpatia… Azkenik, hirugarren ekintzak elkarrizketak egiteko, curriculum vitaea diseinatzeko eta lan-munduari lotutako dinamika batzuk egiteko aukera eman die.

Guztira 15 ikaslek hasi zuten prestakuntza hau (10 emakume eta 5 gizon), baina 11k bakarrik amaitu dute eta 10ek gainditu dituzte ekintza guztiak. Proiektua amaitzean, praktikak egin dituzte Ausolan-Geslagun, Mikel Deuna Fundazioa Egoitza, Clymagroup, S.L., Abeletxe Egoitza eta Lantegi Batuak enpresetan. Aipatzekoa da horietako batzuek lan-kontratua lortu dutela eta beste batzuek udan ordezkapenak egingo dituztela praktikaldia egin duten enpresetan.

Guztiek oso positibotzat jo dituzte proiektuan egindako ekintzak. Horietako bat Nelson Silva Landaira da, Paraguaitik dator eta Berriatuan bizi da. Ermuko Abeletxe Egoitzan praktikak egin ondoren bertan hasiko da lanean, eta horrek bere egoera legeztatzea ahalbidetuko dio. Bere hitzetan, formakuntzak dezente aldatu du, orain lasaiago eta seguruago sentitzen da. "Coaching-ak asko lagundu dit, ezagutza eta tresna asko eman dizkit jendearekin, lantokian eta familiarekin nola jokatu jakiteko. Zalantzarik gabe, prestakuntza hau mundu guztiari gomendatuko nioke".

Ekimen berritzaile honek, Lea-Artibai eskualdeko garbiketa-sektorearen eta emakume etorkinen kolektiboaren egungo errealitatea ezagutzea ahalbidetu du, eta Lea Artibai Ikastetxea eta hau gauzatzen parte hartu duten erakundeak oso pozik agertu dira ezarritako helburuak bete ahal izan dituztelako.

Irakaskuntza teknikoa