Lea Artibai Ikastetxea erreferentea Lanbide Heziketako zentroen artean

2.000 ikasle baino gehiago eta 331 ikastaroren eskaintzarekin, Lea Artibai ikastetxea EAEko lehen mailan kokatzen da lan-prestakuntzara bideratutako hezkuntza zentro gisa.
Card image cap
2023/07/13

Markina-Xemeinen kokatutako Lea Artibai Ikastetxea erreferente da Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxeen artean. Urtez urte bere zerbitzuak indartzen eta hobetzen dihardu eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako hezkuntza-eskaintzaz gain, lan-prestakuntzara bideratutako eskaintza zabala ere badu.

Ikastetxeko datuak, 2022-2023 ikasturtean: 168 ikasle (5 talde) izan dituzte Batxilergoan eta 219 ikasle (16 talde) Lanbide Heziketan

Horren adierazle dira 2022-2023 ikasturteko datuak: 168 ikasle (5 talde) izan dituzte Batxilergoan eta 219 ikasle (16 talde) Lanbide Heziketan. Datorren ikasturteari begira, gainera, Batxilergoan talde bat gehiago izango dute eta Lanbide heziketan ere talde eta ikasle kopurua handitzea aurreikusten dute, erdi-mailako ziklo berri bi eta ziklo-ondoko bat eskainiko baitituzte. Lanerako Prestakuntzari dagokionez, langabetuei zuzendutako 145 ikastaro eta lanean daudenentzako 136 ikastaro eman dituzte aurtengo ikasturtean. Horiez gain, 50 ikastaro eskaini dituzte eskariaren arabera. 1699 ikasle trebatu dira guztira 8.600 ordu eman dituztelarik ikastaro horietan. 

Bukatu berri den ikasturte honetan zehar, guztira 192 ikaslek parte hartu dute Lantokiko Prestakuntzan, Lanbide Heziketako ikasleak eta Lanerako Prestakuntzako ikastaroak egin dituztenak kontuan hartuta. Lanbide Heziketari dagokionez, praktikaldia burututako enpresa berean lanean jarraitzen duten ikasleen kopurua %64a artekoa izan zen pasa den ikasturtean. Lanerako Prestakuntzako ikastaroak  egin zituzten ikasleetatik % 83ak laneratze kualitatiboa izan du.

Lea Artibai Ikastetxeak Orientazio eta Bitartekaritza zerbitzuaren bitartez 596 pertsona artatu ditu 22-23 ikasturtean. Laneratzeari buruzko datuen inguruan, iazko urtean Lanbide Heziketako bigarren maila bukatu zuten ikasleen % 38ak ikasketekin jarraitzea erabaki zuen eta gainerako ikasleen % 84 inguru laneratu ziren, gehiengoa lanpostu kualitatiboetan gainera; hau da, ikasitakoarekin lotura duten lanpostuetan. 

Lea-Artibai bezalako eskualde txiki batean kokatutako hezkuntza-zentro honek ematen dituen datuak esanguratsuak dira eta bere arrakasta inguruaren eta enpresa-ehunaren beharren ezagutzan datza. Elkarlanean oinarritutako eta inguruarekin errotutako hezkuntza-sistema bateri esker lortzen diren datuak.

Berrikuntza, inbertsioak eta azpiegiturak

Ikastetxeak 1.048.775,25 euroko inbertsioa egin du azken urtean azpiegituretan eta makinerian. Berrikuntza oinarritzat hartuta eta ikasleek egun enpresetan erabiltzen diren azpiegiturak eskura izan ditzaten, ikastetxeak hainbat makina eta tresna berri erosi ditu. Soldadura-ekipo berriak, soldadurarako simulagailu birtualak, robotikari lotutako robot kolaboratiboa, mekanika arlorako elektrohigadura-makina, elikagaien laborategirako mikroskopio berritzailea, eta CNCrako eta bero- eta hotz- tailerretarako ekipoak ere berritu dira. Inbertsio horiek guztiak Lanbide Heziketako ziklo ezberdinen eskaintza hobetzera bideratuta daude. Izan ere, berrikuntza eta gaurkotasuna ezinbestekoak dira hezkuntza-sistema egoki baterako.

Ikastetxeak 1.048.775,25 euroko inbertsioa egin du azken urtean azpiegituretan eta makinerian

Digitalki ere aurrerapauso bat eman dute, bi ikasgela digital interaktibo eta eduki digitalak sortzeko gela bat instalatu dituzte. Azpiegiturari dagokionez ere egokitzapenak egin dituzte, errendimendu handiko prestakuntzarako gela adimendun bat eta komunikaziorako kartelgintzako sistema digitalak integratu dituzte.

2022-2023 ikasturtean Berrikuntzako 2 lankidetza-proiektu berezi landu dituzte Elikagaien eta Efizientziaren  arloan, “Bebida probiótica para la tercera edad: Kombucha” eta “Internet de las cosas: Frigorificos SMART”. Lehenengoan, biozientzien esparrukoa, Kombucha-n oinarritutako edari probiotikoa garatu dute, elikadura osasungarri eta jasangarriarekin lotuta. Helburua kontsumitzaileen osasunean eragin positiboa lortzea izan da, batez ere hirugarren adineko pertsonengan, baita haien deshidratazioa saihestea ere. Bigarrenean, SMART hozkailu baten ezaugarriak definitu dituzte eta prototipo bat diseinatu dute Raspberry eta Arduino garapen-konpainiekin. Azken proiektu hori, funtsean, digitalizazioarekin, berrikuntza teknologikoarekin eta sistema adimendunekin lerrokatuta dago. Elikagaien arloko proiektua Irungo Plaiaundi Institutuarekin landu dute eta Efizientziaren arlokoa, berriz, Usurbilgo Lanbide Heziketako zentroarekin eta Gipuzkoan dagoen Don Bosco Lanbide Heziketako zentroarekin batera.

Bestalde, Ministerio de Educación y Formación Profesional-ek sustatutako proiektu baten ere parte hartu dute: “Inyeccion X.0: La fabricación aditiva en la construcción de moldes de inyección de termoplásticos”. Termoplastikoak injektatzeko moldeen eraikuntzan azterketa konparatibo bat egitea izan du helburu. Proiektu hori Lea Artibai Ikastetxeak, Leartikerrek eta Kataluniako Manolo Hugué Institutuak garatu dute elkarlanean.

Lea Artibai Ikastetxeak tinko jarraitzen du eskualdearen eta lurraldearen etorkizunaren alde lan egiten; inguruko enpresa-ehunarekin elkarlanean, haien beharrak ezagutuz eta erantzuna emanez, ikasleak profesionalizatu eta lan-mundura bideratzeko prestakuntza eta praktikaldiak eskaintzen. Etorkizuneko eskualderako talentua SORTU, ERAKARRI eta FIDELIZATZEA delako Lea Artibai Ikastetxearen erronka nagusia.

 

Irakaskuntza teknikoa