Latinoamerikako ordezkariak kudeaketa ekonomiko eta sozialean formatzen ari dira

16 latinoamerikarrek Ekonomia Solidarioan Garapenerako Kudeaketa Ekonomiko eta Sozialen ikastaroa egiten ari dira, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Lanki Kooperatibagintza Ikertegiak eta Alboan Fundazioak antolatuta.
2018/02/22

Ikastaro honen bidez, kudeaketa ekonomikoa eta soziala zein genero-ekitatearen arloan, hainbat konpetentziak garatuko dituzte Bolivia, Kolonbia, Peru, Ekuador, El Salvador, Mexiko, Paraguai eta Nikaraguatik etorritako parte-hartzaileek.

Latinoamerikako zortzi herrialdetatik (Boliviatik, Kolonbiatik, Ekuadorretik, Perutik, El Salvadorretik, Mexikotik, Paraguaitik eta Nikaraguatik) datozen 16 ikaslek egiten ari dira ikastaroa Aretxabaletako campuseko ikasgeletan, martxoaren 23ra arte. Ondoren, ikastaroan ikasitakoa beren herrialdeetan jarriko dute praktikan. Horiek batik bat elkarteetan eta indigenekin proiektu solidarioetan lan egiten dute.

Ikastaroan parte hartzen duten ikasleek lan-esperientzia eta proiektu desberdinak sustatuko dituzte. Batzuk bakarrik aipatzearren: ezti-ekoizpena Bolivian, cuye izeneko sagu-motaren hazkuntza Perun, baserritarrekin lan egiten duen kafe-ekoizleen gizarte-enpresa bat Kolonbian, nagusiki emakumeekin eta errefuxiatuekin lan egiten duen zapata-lantegia Ekuadorren, indigenekin lan egiten duen artisau-xaboien ekoizpena Mexikon…

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea