"Lankidetza ireki, zabal eta adimentsuak sustatu behar ditugu"

Card image cap
2019/03/20

MONDRAGON Taldean Eraldaketa soziala nola ulertzen den, konpromisoa gauzatzeko modua, sortu den Foroaren helburuak, ekosistemaren ezaugarriak... horretaz hausnartu dugu Ibonekin.

  • 2016ko kongresuan zehazki egin zitzaion erreferentzia eraldaketa sozialeko helburuari. Baina, helburu hau ez da berria Esperientzia Kooperatiboan, ezta? Gure nortasunean dago, balioetan, ezta?

Bai hala da, gure izaeraren muinean dagoen printzipioa da, kooperatibagintzaren zergatiei erantzuten diona eta praktikari, zentzua eta norabidea ematen diona. Gure hastapenetatik gizarteak zituen beharrei entzun, proposamenak landu eta erantzunak emateko estruktura kooperatiboak sortu ditugu. Horregatik sortu da halako ekosistema kooperatibo anitza (hezkuntza, ikerketa, lan-kooperatibak, banku kooperatiboa, zerbitzuak, kontsumoa, babes soziala,…) Kooperatiba gizartea eraldatzeko bitarteko moduan ulertzen dugulako.

Baina ez dago kooperatibismorik kooperatibistarik gabe. Izaera juridikoak edo antolaketa organikoak ez du praktika kooperatibo sano eta aberatsa bermatzen. Erantzukizuna, lana, elkartasuna, errespetua, konpromisoa, ekintzailetasuna, irekitasuna… kooperatibisten izaeran eta jardunean ezinbestekoak dira kooperatiba koherente eta eraginkorrak eraiki nahi baditugu.

  • Gaia lantzeko eta eragile guztien inplikazioa bilatuz, Eraldaketa Sozialerako Foroa ere sortu da. Zeintzuk dira horren helburuak, partaideak...?

Gaiaren inguruko hausnarketa, koordinazioa eta trukaketa egiteko hasi zen martxan aurreko urtean. Foroan, Eraldaketa Sozialaren eta kooperatibek gizarteari egiten dioten ekarpenaren inguruko ulermen partekatu eta eguneratu bat sortu nahi dugu. Modu berean, ezagutza sakondu eta partekatzen dugu, iteresgune partekatuak identifikatuz. Eta eraldaketa sozialerako proiektuak lagundu eta elkar elikatzen ditugu.

“Aurrerantzean ere sozialki berritzaileak diren bideak asmatzen jarraitu beharko dugu, arazoak ulertzeko, besteeekin harremanetan jarduteko, elkarlanerako, politika eta arauak diseinatzeko…”

Talde boluntarioa da, EAE eta Nafarroako eskualde ezberdinetako dozena bat pertsonek parte hartzen dute. Kooperatibetako lehendakariek gehienetan edo eta arlo hau kooperatibetan sustatzeko ardura duten pertsonek.

  • Talde kooperatiboaren historian berebiziko garrantzia izan dute eskualdeak eta horien arabera banatu ziren garai batean dibisioak ere. Orain, berriz indartu da kontzeptua eta proiektuak garatzeko orduan, badirudi eskualdeak eta bakoitzean kokatzen diren kooperatibak izango direla oinarrizko palankak, ezta?

MONDRAGONen indarrean dagoen antolamendu egitura eta egitura organikoa 1991n onartu zen. Proiektuan definitu ziren egituratzeko hainbat oinarrizko irizpide, erreferentziazko eredu bat, enpresa antolamendu zehatza eta horri elkartutako araudi bat. Harrezkero modu progresiboan ezarri dira horiek, egokitu eta aberastu, bai antolamenduaren mailan bai maila organikoan. 

Ordura arteko ereduarekiko aldaketa nagusia, produktu-merkaturako orientazioa zen, aurretiko eskualdeko orientazioaren ordez. Antolamendu egitura eta egitura organiko horrek onura handiak ekarri ditu, bai kooperatiben garapenerako bai talde osoaren garapenerako. Baina, eskualde mailan ikusten da, gizartea eraldatzeko eta ingurunean eragiteko bokazioari dagokionez, espazio horretan dibisio sektorialek, oro har, ez dutela nahi zen eragina lortu.

Horregatik 2016ko Kongresuak antolamendu egitura berriak sortzea ahalbidetu zuen, horrela nahi duten kooperatibek Eskualdeko egitura sareak (EES) osa ditzaten. Sare horiek ingurune edo eskualde bereko kooperatibek osatzen dituzte, eta maila lokalean eraldaketa soziala eta inguruan balio kooperatiboen sustapena bilatzen dute.

Kooperatibistengandik eta beraien ingurune sozialetatik hurbil egoteak eta ekimen bateratuak era estrategiko batean diseinatzeak, presentzia nabarmenagoa dakar eskualde mailara eta hurbilpen horrek, egiten dena hobe bistararazteko eta ekintza soziala bazkidearengana hurbiltzeko aukera eman dezake. EESen jarduerak ez ditu enpresa dibisioetan hedatutako jarduerak edo funtzioak oztopatzen. Alderantziz, konexioak sustatu, motibazioa sustatu eta enpresa jarduerak indartzeko aukera dira.

“Ez dago kooperatibismorik kooperatibistarik gabe. Erantzukizuna, lana, elkartasuna, errespetua, konpromisoa, ekintzailetasuna, irekitasuna… izaeran eta jardunean ezinbestekoak dira kooperatiba koherente eta eraginkorrak eraiki nahi baditugu”.

Baina ez diogu gure buruari bakarrik begiratu behar. Gure ingurutik haratago, komunitate asko eta asko daude munduan gabezia larriekin. Gure esperientzia eta ezagutza euren kabuz aurrera ateratzeko lagungarri izan daiteke eta guretzat ere ikasketa bide interesgarria da.

  • Horrez gain, gizarteaz ari garenean bestelako agente batzuk ere funtsezkoak izango dira ekosistema honetan, ezta? Arlo ezberdinen konexioak: enpresa, unibertsitatea, era askotariko elkarteak, kanpoko eragileak... Nola gauzatuko dira konexio, harreman horiek?

Gero eta gehiago, gizartean ditugun arazoak konplexuagoak dira eta elkar konektatuta daude. Aurre egin beharreko arazoei eta ezarritako erronkei irtenbidea bilatzeko, lankidetza zabal eta adimentsuak sustatu behar ditugu, sare eta aliantzen bitartez. Horretan proaktibo, dinamizatzaile eta aitzindari izateko aukera daukagu. 

Gure mugimendu kooperatiboaren lidergoa indartu egin dezake horrek, beste kooperatiba batzuekin, ekonomia sozialeko enpresekin eta kooperatibekin, helburuak partekatzen dituzten bestelako enpresa eta erakundeekin…

Gizarte berrikuntza ekosistema erreferente bat gara. Soziala egiteko moduan (kooperatiba eredua) eta helburuetan (eraldaketa soziala). Lankidetza ireki horretarako sozialki berritzaileak diren bideak asmatzen jarraitu beharko dugu, arazoak ulertzeko, besteeekin harremanetan jarduteko, elkarlanerako, politika eta arauak diseinatzeko…

  • Eta etorkizuna? Nola irudikatzen duzu? Nola egokituko da taldea datozen aldaketetara: demografikoak, teknologikoak, kulturalak...?

Zalantzarik gabe eredu kooperatiboa munduan gero eta indar gehiago hartzen ari den eredua da eta gure abiapuntua ona da: lurraldean ongizatea sortzeko gaitasuna dugu, eredu lehiakorra baina era berean inklusiboa dena. Dimentsioa/eskala eta interkooperazioa, faktore diferentzialak dira.

Galderak berriak ditugu ordea, kontestuaren aldaketa sakonek, ziurgabetasunak eta konplexutasunak ekartzen dizkigutenak. Lan munduaren eraldaketa, hazkuntza inklusiboa, hezkuntza, klima aldaketa, gizartearen zahartzea,… Etapa berri baten aurrean gaudela esan genezake.

Halako kontestuetan, bada eztabaida bat, gizartearen beharrei nork erantzun behar dien galdetzen denean. Administrazioak guztiok ordaindutako zergekin egin behar ote duen edo herritarrok komunitate nukleotatik abiatuta protagonista izan behar dugun.

Gurean gehienok ez daukagu zalantzarik ezin utz diezaiokegula merkatuari gure bizitzako gai garrantzitsuenetan agindu dezan eta administrazio publiko on bat behar dugula, behar beste baliabiderekin, inor gera ez dadin kalitatezko erantzunik gabe bizitzan oinarrizkoak diren arlotan.

Baina komunitate batek eraldatzaile izan behar badu bertako herritarrak protagonista izango dituen erakundetze bide autoeratuak eraiki behar ditu. Herritarrak beraien buruaren jabe izanik, beraien ilusio eta arazoez arduratu eta elkarrekin erantzuteko moduak aktibatu. Hori izan da Esperientzia Kooperatiboaren ipar eraldatzailea. Gure esperientziak erakusten digu, erronka berri eta konplexuen erantzunak komunitate eta herritarrengandik etortzen diren heinean, eranginkorrago eta iraunkorragoak direla.