Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Lankidetza hitzarmena Gasteizen egoitzagune berria sortzeko
Hiru erakundeek esparru protokolo bat izenpetu dute zentroaren eraikuntza eta kudeaketarako. Zentroak 150 plaza publiko izango ditu: ehun egoitza plaza adinekoentzat, 25 egoitza plaza desgaitasun fisikoren bat duten pertsonentzat eta beste 25 plaza adinekoen eguneko zentrorako.
Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Alberto Gorroñogoitia Mondragon korporazioko lehendakariordeak eta Amagoia Barandiaran Arabarren kooperatibako lehendakariak lankidetza protokoloa izenpetu dute zentro berria eraikiko den Blas de Otero kaleko lurzatiaren aurrealdean egindako ekitaldian. Hasierako esparru akordio horretan jaso dituzte aldeen arteko lankidetzarako baldintza nagusiak eta, zehazki, Araban adinekoentzako eta desgaitasun fisikoren bat dutenentzako egoitza plaza publikoen kopurua handitzeko asmoa.
MONDRAGON korporazioan integratuta dago Arabarren gizarte ekimeneko kooperatiba, eta kooperatiba horrek izango du ardura proiektua idazteko, eraikuntza lanak gauzatzeko eta zentroa ustiatzeko, zeina kooperatiba ereduaren arabera kudeatuko baita. Horretan guztian, LKS-Krean taldearen laguntza izango du proiektua diseinatzeko, eta IMQ-Igurcok, gizarte eta osasun zerbitzuen kudeaketan erreferentzia den enpresak, aholkularitza eskainiko dio.
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak hitzarmena egingo du Arabarren kooperatibarekin, egoitzaguneko plaza guztiak ituntzeko. Era berean, kooperatiba horren eskura jarri du Blas de Otero kalean zentroak hartuko duen lurzatia; hain zuzen, orube horren azalera eskubidea doan laga dio Gasteizko Udalak foru aldundiari, egoitzagunea eraikitzeko.
Egoitzaguneak hiru baliabide eskainiko ditu espazio berean
Egoitzaguneak hiru baliabide eskainiko ditu espazio berean. Alde batetik, adinekoentzako egoitza, 100 plaza izango dituena; bestetik, eguneko zentroa, hura ere adinekoentzat, zeinean 25 plaza eskainiko baitira; eta, azkenik, desgaitasunen bat duten pertsonentzako egoitza, 25 plazakoa, zeinetatik 15 plaza PP batzarkide taldearekin egindako aurrekontu akordioari esker lortu baitira. Plaza guzti-guztiak itunduak eta publikoak izango dira eta, beraz, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak kudeatuko du egoitzarako sarbidea, kudeaketa zuzeneko zentroetan egiten duen bezala.
Arabarren egoitzagunea
Ramiro Gonzalezek, hitzaldiaren hasieran, iragarri du egoitzaguneari Arabarren izena jarriko zaiola, “arabarren eta arabarrentzako baliabidea” izango delako, hango langileak eta kudeatzaileak ere arabarrak izango direlako eta gasteiztarrei arreta emango zaielako, baina baita lurraldeko gainerako herritarrei ere. Gaur goizean izenpetutako protokoloa “lankidetza baten abiapuntua da, Araban gure adinekoei eta desgaitasunen bat dutenei arreta zuzena emateko beste bide bat irekitzen duen lankidetzarena. Eta, horretarako, etorkizunera begira gaude, begi bistan dugun erronka demografikoari begira, eta gure gizarte zerbitzuen jasangarritasuna bermatuko dugu.”
Diputatu nagusiaren hitzetan, Mondragon korporazioa “munduan erreferentzia da kooperatiben arloan, eta proiektuari sendotasun berme gehigarria ematen dio”. Bada, hain zuzen, korporazio horren babespean, “egoitza plazak sortzeko eredu berri bat” ezarriko da orain Araban, gizarte ekimeneko kooperatiba batekiko lankidetzari esker, eta diputatu nagusiak eredu horren balioa nabarmendu du.
Ramiro Gonzalezek adierazi duenez, Arabarreneko langile guztiak kooperatibistak izango dira eta, hortaz, “proiektuaren funtsezko alderdi ere bai; baina ez soilik erabiltzaileen arretan, baita zentroaren kudeaketan ere”. Orobat, uste osoa agertu du “sektore horretan ezarritako kooperatiba ereduak langileen aldetik zentroarekiko, hango erabiltzaileekiko eta inguruarekiko konpromiso handia” dakarrela. Adierazi duenez, “proiektuan guztiz inplikatzen ditu langileak, zeinak zentroaren kudeaketaren protagonista nagusiak baitira, eta erabiltzaileak gogobetetzen saiatzea bihurtzen da haien helburu nagusia”.
Alberto Gorroñogoitia MONDRAGON korporazioko lehendakariordeak, hitzaldia hasteko, eskerrak eman dizkio Arabako Foru Aldundiari konfiantza jarri izanagatik ordezkatzen duen taldearengan, eta taldeak Arabako enpresa eta gizarte sarean dituen agerpena eta inplikazioa aipatu ditu.
Bere mintzaldian, korporazioak gizarte zerbitzuen arloan dituen eskarmentua eta babesa nabarmendu ditu, eta azaldu du apustu irmoa egiten duela kooperatibizazioaren alde, proiektu berriak sortzeko arrakasta eredutzat eta sektorean bereizteko modutzat hartuta, gizartearen ikuspegitik arduratsua den eskema baten gainean eta lan ingurune jasangarrian, zeinean emaitzaren sozializazioa gailentzen baita; “sozializazio hautemangarri eta argia egoitzen arloan, zeinaren helburua baita gure adinekoei arreta ematea, haiek zaintzea eta haiei eskerrak ematea, bai eta une pertsonal eta bizimoduko memento hori duintzea ere”.
Bestalde, Amagoia Barandiaran Arabarren kooperatibako lehendakariak adierazi duenez, irabazteko xederik gabeko gizarte ekimeneko kooperatiba gisa jaio da Gasteizen, “helburutzat hartuta Arabako adinekoei eta desgaitasun fisiko larriak dituztenei arreta ematea eta haiek zaintzea, parte hartzezko proiektu batean, zeinean lurraldeko erakundeek eta herritarrek ekarpenak egin ahal izango baitituzte”.
Amagoia Barandiaranek nabarmendu duenez, kooperatiba horrek hiru oinarri ditu. Lehenik eta behin, “pertsona ardatz duen arreta eredua, zeina ezartzeko IMQ-Igurcoren aholkularitza izango baitu Arabarren kooperatibak”. Bigarrenik, eraikina, LKS-Krean Arquitectura e Ingeniería taldeak diseinatua: “Etorkizunari begira izango da, eta Eusko Jaurlaritzak ekitaldi honen bukaerarako onetsi nahi duen adinekoen egoitza zentroetarako dekretuaren zirriborroan jasotako eskakizunak beteko ditu.” Eta, azkenik, “lantaldea, zeinaren kudeaketak oinarri izango baititu kooperatiben printzipioak, besteak beste, eta nabarmentzekoak direlarik, lanaren antolaketa demokratikoa, kudeaketan parte hartzea eta etengabeko prestakuntza”.