Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
LANKI Ikertegiak bi argitalpen berri aurkeztu ditu
Bi argitalpen berri aurkeztu ditu Mondragon Unibertsitateko LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak, biak ala biak LANKI Koadernoak bilduma barruan argitaratutakoak. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateako Eskoriatzako campusean egindako ekitaldian, parte hartu dute bildumaren 13. eta 14. koadernoen egileen ordezkari bezala Andoni Eizagirrek eta Aitzol Loyolak.
Andoni Eizagirre eta Ainara Udaondo ikertzaileek idatzitako Eraldaketa globalari neurria hartzen: euskal gizartea aro ekonomiko berrian ikerketak aztertzen ditu 1970. hamarkadetik hona EAEk, eta bereziki Gipuzkoak, bizi izandako aldaketa sozioekonomiko nagusiak. Aitzol Loyola eta Arianne Kareagaren Fageda: bihotza duen proiektu sozioenpresarial errentagarria liburuak, aldiz, jasotzen ditu Kataluniako Garrotxa bailaran dagoen Fageda kooperatibaren berezitasunak. Koaderno biak denon eskura jarri ditu LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak.
13. zenbakia. LANKI Koadernoa
“Eraldaketa globalari neurria hartzen: euskal gizartea aro ekonomiko berrian”
Koaderno honek ikerketa batean du jatorria; zehazki, Andoni Izagirrek 2017ko udaberrian eta 2018ko lehen seihilekoan Gipuzkoako eragile ekonomiko eta sozial nagusiekin eginiko ikerketa-solasaldietan. Orduan entzun eta ikasitakoetatik tiraka, irakurketa berriak egin eta informazio estatistikoak baliatu dituzte egileek. Liburuan zehar Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) arreta ipini arren, sarritan, Gipuzkoan zentratu dute analisia, baina, oro har, ideia nagusiak orokortzeko modukoak direlakoan daude Eizagirre eta Udaondo ikertzaileak.
Egileek ahalegin berezia egin dute egitura sozioekonomikoaren alderdi nagusietan herri gisa nola gauden ulertzeko.
Horretarako, bi zatitan antolatu dute lana: lehenengo zatian, arreta ipini dute mundu-mailako eraldaketa globaletan eta eskualdeen garabidean izaniko eraginetan. Izan ere, Europaren arazo nagusietakoa eskualdeen arteko dibergentzia-prozesua da. Bigarren zatian, ostera, ikertzaileek fokoa gurean ipini dute eta azken berrogei urteotako bilakaera laburbiltzeko ahalegina egin dute.
Esteka honetan deskagatu daiteke liburua:
Eraldaketa globalari neurria hartzen: euskal gizartea aro ekonomiko berrian (PDF)
14. zenbakia. LANKI Koadernoa
“Fageda: bihotza duen proiektu sozioenpresarial errentagarria”
Aitzol Loyola eta Arianne Kareaga ikertzaileek Kataluniako Garrotxa eskualdean kokatuta dagoen Fageda enpresa kooperatiboaren ibilbidea jaso dute gaur aurkeztutako lanean.
Fageda esperientzia berezia da, desgaitasun psikikoak eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonek osatzen baitute.
Proiektuaren xedea pertsona horien bizi-baldintzak eraldatzea da, eta, horretarako, kooperatiba bat sortu dute, ikuspegi paternalistak alde batera utzita.
2019 urtean, ia 40 urteko ibilbidearekin, 437 pertsonak osatzen dute proiektua (281ek dute desgaitasun-ziurtagiria). Fagedak lana eta zerbitzu terapeutikoa eskaintzen die Garrotxa bailaran ezintasun psikikoak eta buruko gaixotasunak dituzten guztiei; gainera, gaur egun Katalunian gehien saltzen den markako jogurta egiten dute.
Liburuaren egileen ustetan, Fageda “bihotza duen kooperatiba errentagarria”da. Liburuan, esperientzia horren ezaugarri nagusiak azaltzen dituzte: bilakaera historikoa, gainditu beharreko erronkak, aurrera begirakoak... Betiere, Mondragoneko kooperatibismoaren begiradatik interesgarriak izan daitezkeen alderdietan erreparatuta.
Bi hizkuntzatan kaleratu dute liburua, euskaraz eta gazteleraz. Esteka hauetan daude deskargatzeko moduan:
Fageda: bihotza duen proiektu sozioenpresarial errentagarria (PDF)
La Fageda: un proyecto socio-empresarial rentable y con corazón (PDF)