Irakurriena
- 1. MONDRAGONeko Pertsonen Foroa egin zen ostiralean, Kursaalen
- 2. LagunArok 2024 ona itxi du eta sendotasunez begiratzen die etorkizuneko erronkei
- 3. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
- 4. LagunAroren etorkizuneko erronkak aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian
- 5. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 6. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
LagunArok % 2,9 igoko ditu pentsioak

Berri onak LagunArorentzat, finantza-merkatuen bilakaera ona aprobetxatu baitu 2023ko ekitaldiko azken hiruhilekoan. Azkenik, LagunAroren zorroaren errentagarritasuna +%7,94koa izan da ekitaldi-itxieran, eta kaudimena legezko % 4ko gutxienekotik gorakoa izan da. Horrek pentsiorako eskubideak hasieran aurreikusitako % 1a baino gorago eguneratzea ekarriko du, % 2,9a hain zuzen ere ( % 3,1ekoa izan da inflazioa).
Finantza-merkatuen bilakaera
2022an gertatu zen bezala, 2023an inflazioak eta banku zentralen moneta-politikak ekonomia errealaren eta, batez ere, finantza-merkatuen portaera baldintzatu dute.
Erakundeko iturriek TU Lankideri adierazi diotenez, "2023 urtea aldakortasun handikoa izan da berriro, banku zentralek tasak igotzeko garatutako moneta-politikaren ondorioz; izan ere, ekitaldiaren amaieran hasi dira lehengoratzen, inflazioaren nolabaiteko moderazioa antzeman baitute".
Hain zuzen ere, urriko inflazio-mailen murrizketa erabakigarria izan da, ekonomia bat-batean desazeleratu gabe. "Urriaren amaieran Amerikako Erreserba Federalak agerian utzi zuenetik tasen igoeren amaierara irits zitekeela, inbertitzaileek berehala espekulatu dute tasen balizko beherapenei buruz, eta horrek eragin positiboa izan du ia finantza-aktibo guztietan".
Errenta aldakorraren kasuan, indize gehienek aurreko urtean izandako galerak berreskuratu dituzte, eta 2023an Nasdaq-eko indize teknologikoaren bilakaera nabarmendu da, " % 43ko igoerekin amaitu baitu, sektoreko konpainia handiek (Amazon, Microsoft, META, Google...) eta, bereziki, Adimen Artifizialarekin lotutako konpainiek portaera ona izan dutelako".
2023ko azken hiruhilekoko aldeko bilakaerari esker, kaudimen- eta errentagarritasun-aurreikuspenak gainditu ditu, eta, barne-araudia aplikatuta, pentsioak eguneratu ditu LagunArok ( % 2,9), hasierako aurreikuspenen gainetik.
Era berean, errenta finkoaren kasuan, banku zentralen diskurtso-aldaketa interes-tasetan bat-bateko jaitsieren bidez islatu da, bai zor publikoan, bai errenta finko pribatuko aktiboetan (kreditua), eta horrek zorroko aktiboen balioa igotzea ekarri du.
Azken hiruhilekoa oso ona izan da, eta ekitaldi positibo bat ixten lagundu du, kaudimen- eta errentagarritasun-aurreikuspenak nabarmen gaindituz. Horri esker, barne-arauak aplikatuz, pentsioak eguneratu ahal izan ditu LagunArok ( % 2,9), hasierako aurreikuspenen gainetik.
Otsailaren 1ean, 15:00etatik aurrera, Arrasateko (Gipuzkoa) Amaia Antzokian pentsiodunei zuzendutako hitzaldi informatibo bat egingo da, – bertaratzeko beharrezkoa zen baieztatzea – alderdi horiek guztiak xehetasun handiagoz komentatzeko.