LagunAro: euskararen aldeko konpromiso irmoa

Udazkenean Bikain euskara-ziurtagiria jaso arte, LagunArok sorreratik eta pausoz pauso bide oparoa egin du kooperatiba, pentsiodun, mutualista eta onuradunei euskara bermatzeko.
Card image cap
2025/01/09

Euskara modu batean ala bestean sorreratik bertatik egon da presente LagunAron baina ez zen izan 2017 urtera arte Euskara Plan egituraturik. Urte hartan, Emun Aholkularitzaren laguntzarekin, abentura eder eta emankor hura abian jarri zen. Ordutik, langileen, kooperatibako organoen eta erabiltzaileen laguntza eta konpromisoari esker urrats esanguratsuak egin dira LagunAroren zerbitzuen hartzaile diren kooperatiba, pentsiodun, mutualista eta onuradunek euskara erabili ahal izateko.

Esan bezala, 2017an egin zen hizkuntza egoeraren diagnostikoa LagunAron eta 2017–2020 Euskararen Plan Estrategikoa egin zen aurreneko urrats horiek indartzeko. Garai hartan enpresako 50 langile baino gehiago egon ziren euskara ikasten edota lanarekin lotutako hizkuntza teknikoan trebatzen eta horri esker asko hobetu zen erabilera. Horrez gain Zuzendaritza Batzordearekin adostu ziren hainbat helburu eta neurriak hartu ziren Batzar Nagusi eta bestelako bilera orokorretan euskarak behar zuen tokia edukitzeko.

Horren abaroan etorri dira kontratazio politikan hizkuntza eskakizunak definitzea, barne erabilera bultzatzeko dinamikak abian jartzea, euskararen aldeko gizarte ekimenetan parte hartzea, MONDRAGONeko beste hainbat kooperatibarekin batera euskararen aldeko dinamiketan parte hartzea, neurketa bidez gure hizkuntza dinamiken eragina ebaluatzea…

Horri denari esker esan dezakegu gaur egun LagunAro kooperatiban euskarak baduela bere protagonismoa eta gai dela zerbitzua euskara hutsean eskaintzeko hala nahi duen kooperatiba, mutualista, pentsiodun edota onuradunei. Hizkuntza Politika jasotzen duen dokumentu bat du indarrean LagunArok eta horrek sendotasuna ematen dio Euskara Planari egiaztatzen duelako, besteak beste, kooperatibaren apustua dela hori hala izatea.

Etorkizunari begira, baikor

LagunArok onartu berri du 25/28 Euskara Plan Estrategikoa eta udazken honetan Bikain Ebaluazioa ere jaso du. Duela zazpi urte eskas pentsaezina zena, halako ebaluazio bat jasotzeko besteko egoera batean egotea, errealitatea da orain eta LagunAro osatzen duen kolektibo guztia harro egoteko moduko zerbait da.

Plan Estrategikoak eta Bikain Ebaluaziotik eratorriko den txostenak ahalbidetuko dute hurrengo urteotarako lanerako iparrorratza gertu edukitzea. LagunArok jarraituko du bere langileei euskara ikasteko aukera ematen, Euskaraldia bezalako ekimenetan parte hartzen, euskara hutsezko lan eremuak sustatzen, bezeroen hizkuntza hautuak errespetatzen eta betetzen… eta hori egingo dugu izaera kooperatiboari men eginez elkarlanean eta gogo onez.

Kontxi Benitezen bultzada

LagunArok azken zazpi urteotan euskararen arloan eduki duen garapena ezingo litzateke azaldu taldean nabarmendu diren pertsona batzuen ekarpena aintzat hartu gabe. Hala, berriki eta tamalez zendu den Kontxi Benitez, Idazkari Nagusi, Euskara Koordinatzaile ohi eta Euskara Batzordeko kidearen indarra, ekarpena eta grina funtsezkoak izan dira. Gainera Kontxik badu, barka, bazuen, gaitasun handia egunerokotasunean arreta jarriz, luzera begiratzeko.

Kooperatibisten babes soziala