Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Laboral Kutxak zerga ondorengo 111 milioi euroko mozkinak lortu ditu 2016an
2016ko ekitaldiaren ezaugarriak, beste behin, interes-tasa txiki-txikiak eta etengabeko arau-aldaketak izan dira. Ezaugarri horiek zailtasun handiak ekarri dituzte sektorean errentagarritasun-mailari eusteko.
Testuinguru guztiz zail honetan, Laboral Kutxak zerga ondorengo 111,3 milioi euroko mozkin bateratuak lortu ditu 2016eko ekitaldian. Horrenbestez, % 7,20ko ROEa eskuratu du, sektoreko onenetariko bat.
Azken urteetako joerari jarraikiz, kreditu-kooperatibak bere balantzea sendotzen jarraitu du eta, aurreko ekitaldia ixtean, sektoreko kaudimen-mailarik onenetarikoa erakutsi du. Hain zuzen ere, CET1 fully loaded ratioa %17,46koa da. Era berean, lehendik ere nasaia zen likidezia hobetzen jarraitu du, eta LTD (loan to deposit) indizea %83ra igo da. Horrez gain, kreditu-zorroaren kalitatea ere etengabe hobetzen jarraitu du. Izan ere, zalantzazko aktiboak %23,8 gutxitu dira eta, horri esker, berankortasun-tasa %5,82ra jaitsi da, sektorearen batez bestekoaren oso azpitik geratzeraino.
Banka-negozioaren bilakaerari dagokionez, Laboral Kutxak bitartekoturiko baliabideen bolumen osoa 19.619milioi eurokoa izan da 2016ko abenduaren 31n, urtean %4,62 hazi ondoren. Bestalde, kreditu-inbertsioa 13.433 milioi eurora heldu da urtearen bukaeran.
Hala, 2015eko kopuruarekin alderatuta, hipoteka-maileguek %24 egin dute gora, mailegu pertsonalek % 11,2 eta enpresak, autonomoak eta negozioak helburu dituzten maileguek %10. Edonola ere, finantzaketa berriaren kopurua ez da nahikoa izan amortizazioen zenbatekoa gainditzeko, nahiz eta euskal kreditu-kooperatibak lehiakideek baino portaera hobea izan duen atal horretan. Izan ere, ekitaldiko formalizazioetan lortutako igoera handiek neurri handi batean eutsi diote saldoen jaitsierari (jaitsiera %1,5ekoa izan da eta gainerako erakundeena %4,6koa).
Emaitza-kontua
Marjinek jarraitu egin duten %0tik nekez urruntzen diren interes-tasen kurbaren eragina jasaten. Ondorioz, emaitza-kontuak 271milioi euroko interes-marjina izan du. Komisioak, dibidenduak eta beste finantza-eragiketa batzuk gehituta, marjina gordina 416milioi eurokoa izan da.
Laboral Kutxak marjinen jaitsiera konpentsatu ahal izan du, lehenik eta behin, kostuen gaineko kontrol zorrotzaren bidez, kostuak 3,1milioi euro gutxitu baitira, hau da, %1,3 2015eko gastuen aldean; eta, bigarrenik eta batez ere, kreditu-kalitatearen hobekuntza nabarmenaren bidez, hobekuntza horrek narriadura eta kaudimengabezietarako estalduren behar txikiagoa ekarri baitu, 33,3 milioi eurokoa guztira, kooperatibaren ohiko zuhurtasun-irizpideak aldatu gabe. Horren guztiaren ondorioz, Laboral Kutxa en zerga aurreko emaitza bateratuak 124,8 milioi eurokoak izan dira, eta zerga ondorengoak 111,3 milioi eurokoak, gizarte-ekintzarako zuzkidura egin aurretik.
Kaudimena eta kapital-eskakizun berriak
Kaudimenaren aldetik, Laboral Kutxaren kapital-ratioek finantza-sektoreko lehen postuetan kokatu dute entitatea. Hala, kooperatibaren lehen mailako baliabide propioen eta arriskuaren arabera haztatutako aktiboen arteko erlazioak %16,55eko Common Equity Tier1 (CET1) ratioa eman du phased in bertsioan, eta %17,46koa fully loaded bertsioan —hau da, Basilea IIIko 2019rako definizioak erabat aplikatuta—. Guztizko kaudimen-ratioak, berriz, %16,91ko maila nabarmena izan du urtearen amaieran.
Kaudimenari buruzko datuek aparteko garrantzia hartzen dute, kontuan hartzen badugu finantza-sistemaren kapital-eskakizunak berrikusteko eta ebaluatzeko azken prozesua. Zentzu horretan, Laboral Kutxa entzat ezarritako eskakizunek gutxieneko ratio hauek finkatu zituzten: %7,38koa Common Equity Tier 1 (CET1) phased inerako eta %10,88koa guztizko kaudimenerako.
Beraz, erakunde gainbegiraleak ezarritako kapital-eskakizunen eta balantzearen benetako kaudimen-datuen artean dauden alde positiboek agerian jarri dute gure entitatea lidergoan dagoela atal horretan.
Likidezia
Laboral Kutxak sendotu egin du bere finantzaketa-egitura iazko urteko 12 hilabeteetan. Entitatearen gordailuak eta kredituak alderatzen dituen Loan to deposit (LTD) ratioa %83,3koa zen abenduaren bukaeran. Horrek esan nahi du likideziaren gap edo geldikin handia duela, banku-jarduerari aise aurre egiteko. Era berean, epe laburrerako likidezia-ratioa edo LCRa %356,3ra heldu da, erreferentzia-maila %100ekoa delarik.
Berankortasun txikia eta estaldura handia
Entitatearen zorroan ageri diren zalantzazko eragiketen saldoaren eta emandako kreditu eta bermeen zenbateko gordinaren arteko erlazioak %5,82ko berandutze-tasa adierazten du. Datu hori oinarrizko 158 puntu txikiagoa da 2015eko berankortasunarena baino (%7,40koa) eta oinarrizko 345 puntu txikiagoa finantza-sektore osoaren batez besteko berankortasunarena baino (%9,27koa, 2016ko azaroko datuaren arabera).
Entitateak %23,1 txikitu ditu zalantzazko aktiboak, horien zenbatekoa 239,3milioi euro txikiagoa izanik.
Aurrezkiaren bilakaera ona
Laboral Kutxak kudeatutako baliabideen zenbatekoa 19.619milioi eurokoa izan da, 2015aren amaierakoa baino 867milioi handiagoa; horrenbestez, hazkundea %4,6koa izan da urtetik urtera. Balantzearen barruan, azpimarratzekoa da kontu operatiboen eta aurrezki-kontuen hazkundea, ekitaldian zehar 1.588milioi euro gehiago jaso baitituzte. Laboral Kutxarekin aurrezki zein nomina bidez lotutako bezeroen kopuruak gora egin du 2016an, %2,3 gehiago dira eta.
Balantzetik kanpoko baliabideen bilakaerari dagokionez, inbertsio-fondoek erregistratu duten bolumena %3,6 hazi da 2016ko 12 hilabeteetan. Aurreikuspen- eta pentsio-planetara egindako ekarpenek ere bilakaera bikaina izan dute, %6,2 hazi baitira 2015etik 2016ra, bezero aktiboen kopuruak izandako gorakadaren ondorioz. Bilakaera positibo horretan eginkizun erabakigarria izan dute “biziaro-plan”deritzenek; izan ere, merkaturatu ondorengo urtebetean, ekarpen guztien %20 biltzea lortu dute.
Familien eta enpresen inbertsioa
Laboral Kutxan egindako mailegu berrien formalizazioak gorakada nabaria izan dute. Horien artean, azpimarratzekoak dira hipoteka-maileguak, aurreko ekitaldian baino % 24 gehiago formalizatu dira eta.
Kontsumoaren alorrean, urtean emandako mailegu pertsonalen bolumena aurreko ekitaldian baino %11 handiagoa izan da. Atal horretan, DISPON izeneko produktua nabarmentzen da: horrelako ia 20.000 mailegu formalizatu dira urtean, hau da, entitateak emandako mailegu pertsonal guztien %47. Mailegu horietan formalizatutako zenbateko osoa %21 handitu da 2015etik 2016ra.
Bezeroen usadio-aldaketaren erakusgarri, esan daiteke kontsumo-maileguen negozioaren zati handiena urruneko bankaren bidez bideratu dela: Laboral Kutxaren bezeroek egindako eragiketa guztien %57 kutxazainak, CLnet, telefono mugikorra edo Telebanka erabiliz gauzatu da.
Enpresen arloan, %10 zenbateko handiagoa formalizatu da 2016an aurreko urtean baino, merkataritza-jarduera finantzatzea xede duten mailegu eta kredituetan. Esan beharra dago, formalizatutako zenbatekoa ez ezik, finantzaketa berria eman zaien enpresen kopurua ere handitu dela; hala, 2015ean baino %4 gehiago izan dira enpresa onuradunak.
Finantzaketa mota guztiak kontuan hartuta, 40.000 autonomo eta enpresa baino gehiago baliatu dira Laboral Kutxak bere enpresa bezeroei proposatutako irtenbideez.
Orobat, nabarmentzekoa da Laboral Kutxaren eta Europako Inbertsio Funtsaren artean 2016ko urrian sinatutako InnovFin berme-hitzarmena. Hitzarmen horrek 100 milioi euroko finantzaketa-lerroa jarri du enpresa berritzaileen eskura. Ekimen hori Inbertsio Estrategikoetarako Europako Fondoak (FEI) lagunduta dago, hau da, Europako Inbertsio Planaren eragile nagusiak. Onuradunak 499 langileraino dituzten enpresak dira, eta bermea 7,5 milioi eurorainoko maileguen, kreditu-kontuen edo leasingaren bidez egituratzen da, inolako berme gehigarririk gabe eta 10 urtera arteko itzulketa-epearekin.
Horrez gain, iazko urtean zehar, urtean 2 milioi eurotik beherako fakturazioa duten 1.500 autonomok eta negoziok eskuratu dute abalik gabeko finantzaketa, Europako mikrokredituetarako berme-lerroaren eskutik. Berme-lerro hori 2015eko urrien sinatu zuten Laboral Kutxak eta Europako Inbertsio Funtsak, Enplegurako eta Gizarte Berrikuntzarako Europako Programaren (EaSIren) esparruan.
Oro har, emandako mailegu berrien kopuruak ez du berdindu oraindik familien eta enpresen zorrak kitatzeko erritmoa. Hala, kreditu-inbertsioa 13.433 milioi eurokoa izan da 2016ko abenduaren 31n, aurreko urtean baino %1,5 txikiagoa. Dena dela, ehuneko hori hobea da finantza-sektorearen bilakaera orokorra baino, azaroaren amaieran batez beste %4,56ko jaitsiera baitzuen sektoreak kreditu-saldoetan.
Aseguruen negozioa
Aseguruen negozioak 31,8 milioi euroko emaitzak izan ditu 2016an, aurreko urtean baino %4,3 gehiago. Kopuru hori bereziki garrantzitsua da, iazko ezbehar kopuruaren gorakada kontuan hartzen badugu. Gorakada horren arrazoiak dira, alde batetik, jarduera ekonomikoaren hobekuntza, eta bestetik, baremo-aldaketak ekarritako kostuen igoera.
Hortaz, emaitza onen arrazoi nagusia auto-aseguruetan (+%5,9) zein etxe-aseguruetan (+%5,3) gestionatutako primen goraka da, baita etengabe hazten ari den zorroa ere, bezeroen leialtasunaren isla. Zentzu horretan, 2016an ezbeharren bat jasan duten bezeroei egindako inkestaren arabera, ezbeharraren gestioarekiko duten gogobetetasuna 10etik 8,44koa izan da.
Kanpo-berrespena
Laboral Kutxa ren egoera aztertu duten nazioarteko rating-agentziek berretsi egin dute 2016an entitatearen sendotasuna. Hala, Standard & Poor’s-ek epe luzerako BBB- ratinga eman dio euskal kreditu-kooperatibari, eta duela gutxi gorantz berrikusi du kalifikazio hori, aurreikuspen positiboa gehitu baitu. Azterketak “kapitalaren kalitate handia” azpimarratu du eta, iragarri duenez, entitateak eutsi egingo die bere indarrei, arrisku-profila egokia duelako eta “batez bestekoak baino aktibo hobeak” dituelako.
Bide beretik, Fitch agentziak ere Estatuan soilik aritzen diren erakundeentzat dagoen kalifikaziorik altuenari eman dio entitateari. Horrela, Laboral Kutxak euskal kreditu-erakunderik kaudimentsua izaten jarraitzen du, arrisku-politika egokia, kapitalizazio-maila handia eta likidezia-egoera lasaia direla eta.
Erakunde liderra gogobetetasun orokorrean eta gomendio-indizean
STIGA kontsultoretza-etxeak Finantza Erakundeekiko Gogobetetasun Orokorrari buruz 2016an egindako ikerketaren arabera, Laboral Kutxa sailkapen nagusiko bigarren postuan dago, eta lehenengo postuan erakunde tradizionalen artean, hau da, nagusiki mundu digitalean lan egiten dutenak kontuan hartu gabe.
Beste aldagai batzuen artean, erabiltzaileak bere finantza-erakundea zenbateraino gomendatuko lukeen neurtzen da ikerketa horretan, NPS edo gomendatzeko asmo garbiaren adierazlearen bidez (*). Sektoreak ospearen aldetik defizit handi samarra du gaur egun, finantza-erakundeen gardentasuna eta zerbitzu-kalitatea zalantzan baitaude. Gauzak horrela, sektorearen batez besteko ratioa negatiboa da. Laboral Kutxak, ordea, indize positiboa (+% 13koa) lortu du. Atal horretan ere, ratiorik handiena duen bigarren erakundea da, eta lehenengoa, batez ere online jarduten duten erakundeak kenduta.