Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
LABORAL Kutxak "Natura Bizia" proiektuan hartzen du parte
Proiektuaren aurrerapena ikusgai dago, trailer honetan: https://naturabizia.com/inicio-documental/
Natura Bizia proiektuak, LABORAL Kutxaren parte-hartzea izan duenak, film luze baten eta 8 ataleko telesail baten bidez erakusten digu Euskal Herriko bizitza naturalaren aurpegirik ezezagun eta ederrena, bertan bizi diren protagonisten, gure basoetan, itsasoetan eta mendietan bizi diren animalia-espezieen, begiradatik. Dokumentala ikustean, publikoari eszena batzuk ezagunak egingo zaizkio seguruenik, LABORAL Kutxaren 2020ko egutegia Natura Biziarekin egindako elkarlanaren emaitza izan baita.
Irudi horiek lortzeko grabaketa-egun neketsuak behar izan ditugu; lur-eremu malkartsuetan ibili gara; muturreko tenperaturen eraginpean egon gara; eta denbora, denbora asko behar izan dugu. Hala ere, emaitza ikusgarria da: dokumentalak gure ingurune naturalaren funtsa jasotzea lortu du, eta askatasunean bizi den bizitza basatiaren lagin zoragarriak erakusten dizkio publikoari.
Lan taldearekin hitz egin dugu:
- Zergatik filmatu zenuten NATURA BIZIA dokumentala?
Naturarekiko sentitzen dugun pasioagatik. Oso gustuko dugu natura, eta lan honen bitartez, Euskal Herriko altxor naturalak gertutik erakutsi nahi dizkiogu publiko zabalari. Lurralde txiki eta jendeztatu batean bizi gara, industriaz betea, baina gure ingurunea ondo kontserbatuta dago; naturak bere horretan jarraitzen du eta animaliek bizirik irauteko borrokan dihardute egunero. Gure kokapen geografikoa estrategikoa da: Euskadiren eta Nafarroaren artean klima atlantikoak, mediterraneoak eta alpinoak ditugu; kilometro gutxitan, kostaldetik Pirinioetara joan gaitezke baso, trantsizio-mendi eta estepetan zehar. Eta leku horietako bakoitzean izugarrizko fauna-aniztasuna dugu.
- Nola egin zenuten dokumental bat filmatzeko horren aldakorra den ingurune batean? Film luze bat eta 8 kapituluko telesail bat… benetan lorpen bikaina.
Ez da erraza naturari buruzko dokumental bat ekoiztea. Urtaroak aldatu egiten dira eta, horiekin batera, landare eta zuhaitzen loraldia, animalien ohiturak eta abar. Natura bizirik dago, aldakorra da beti. Paisaiak ez dira urtaro batetik bestera bakarrik aldatzen, baita horietako bakoitzean ere, eta gauza bera gertatzen da animaliekin ere: batzuk urte osoan zehar bizi dira gure inguruan, baina beste batzuek migratu egiten dute eta hemen daudenean filmatu behar dira. Udaberria, adibidez, bizitzaren eztanda da eta zuhaitzak hostoz janzten dira, landare asko loratzen dira eta ia animalia guztiek aldi berean hazten dituzte beren kumeak. Eta dena bi hilabete eskasetan gertatzen da; oso denbora gutxi nahi dugun guztia filmatu ahal izateko, bereziki animalia basatiak beren ingurune naturalean filmatu nahi ditugunean. Horregatik, bi formatu erabili ditugu: pelikularen bitartez, gure inguruneko naturarik basatiena erakusten dugu; bestalde, telesailak Euskadiko eta Nafarroako eremu geografikoetan xehetasun handiagoarekin sartzea ahalbidetu digu, haien aberastasuna eta dituzten arazoak erakusteko. Natura-inguruneko hainbat espezialista izan ditugu jorraturiko gaiei buruz hitz egiteko; izan ere, haiek dira gure ondare naturala eta naturak aurrez aurre dituen erronkak hobekien ezagutzen dituztenak.
Zein izan dira proiektua gauzatzeko orduan izan dituzuen zailtasunik handienak?
Batzuetan, zailtasunak oso arruntak izan ohi dira; esaterako, ekipoa grabaketa-leku zehatzetara eraman behar da filmazioetarako. Ekipo pisutsuak dira, eta distantziei eta orografiari aurre egitea erronka handia da batzuetan. Gainera, gogoratu behar dugu ez dugula antzezleekin lan egiten, fauna basatiarekin baizik. Horregatik, denbora asko eskaini behar izan diogu; ezin da beste edozein produkzio motarekin alderatu. Era berean, zer espezie nahi genituen protagonistatzat erabaki behar izan genuen, haiek gu aukeratzea lortu, eta ingurune nabarmenenak aurkitu, bakar bat ere ahaztu gabe. Hori guztia ikuspuntu teknikotik.
Baina filmatzen hasi aurretik, beste zailtasun batekin topo egin genuen, oraingoan finantzaketarekin lotua. Bilera asko egin behar izan genituen hainbat erakunde eta enpresarekin, honelako –naturari loturiko– proiektu batean benetan sinesten zuen norbait aurkitu genuen arte. LABORAL Kutxak gurekiko eta gure proiektuarekiko konfiantza agertu zuen eta bere aletxoa jarri nahi izan zuen Euskal Herrian dugun floraren eta faunaren ongizatea zaintzen laguntzeko.
- Grabatu ahal izan dituzuen espezie guztietatik, zein izan da kamerarekin grabatzea gehien kostatu zaizuena?
Animaliak filmatzea ez da batere erraza, eta batzuk beste batzuk baina errazago aurkitu arren, Europan nahiko iheskorrak dira. Zetazeo handiak izan dira ikusten zailenak. Irteera asko egin behar izan ditugu itsasora horiek filmatu ahal izateko. Itsasoa oso zabala da, eta izurde talde bat edo zere arrunt bat (hegal griseko balea) aurkitzea zorte-kontua da. Gainera, jokoa eman behar dizute, eta minutu batzuetan filmatzeko aukera, askotan urperatu eta ihes egiten baitute. Beraz, zenbait minutuz filmatu ahal izatea sekulako lorpena da.
Gehien kostatu zaigun beste animalietako bat hartz arrea izan da. Egun asko egin behar izan ditugu ondo grabatu ahal izateko, baina ahaleginak merezi izan du, espezie horren irudi asko lortu baititugu, eta oso onak gainera. Bestalde, ezin izan dugu otsorik filmatu, gure lurraldean oso gutxi daudelako eta oso iheskorrak direlako. Baina natura horrelakoa da; ezustekoak ematen dizkizu beti. Batzuetan, gidoian aurreikusita ez zenuen espezie batekin topo egiten duzu, eta beste batzuetan, huts egiten dizute istorio bat kontatzeko erabiltzea pentsatzen zenituenak.
- Zur eta lur uzteko moduko datu bitxiren bat aurreratuko zeniguke?
Orain arte ezezaguna izan den zerbait filmatzea lortu dugu: animalia-espezie batek bere kumeari egindako dolua. Ezin dizuet gehiago zehaztu; zinemetan ikusi arte itxaron beharko duzue!
- Dokumentala gure ingurunea kontserbatzeko deia da. Haren aberastasun eta dibertsitate naturalaz jabetzen garela uste duzu?
Batzuetan, mendira, kostaldera edo baso batera joaten garenean, ez gara konturatzen ingurune horretan beste izaki bizidun asko bizi direla, erraz ikusten ez direlako edo horien inguruan behar adina ez dakigulako. Baina hor daude, beren habitatetan. Lan honekin, gizarteari erakutsi nahi diogu gure inguruko biodibertsitatea aberatsa eta anitza dela, baina baita hauskorra ere. Euskal Herrian hartzak, otsoak, kontinenteko okilik handiena eta zere urdin eta arruntak bizi dira, munduko animaliarik handienak. Iberiar Penintsulako ur-jauzirik handiena dugu, Europako basamorturik handiena, ametz-haritzez osaturiko basorik handiena eta bigarren pagadi-izeidirik zabalena. Euskal Kostaldeko geoparkeko flyscha ahaztu gabe, planetako azaleratze geologikorik handienetako bat, Unescoren arabera. Datu objektiboak dira, gehiago jakitera gonbidatzen gaituztenak, eta balio handiko interesa pizten dute herritarrengan. Ezagutzaren bitartez, jendeak gure ingurune naturala gehiago baloratzea lortuko dugu; izan ere, ezagutzen ez badugu, ez dugu hura babestu nahi izango.
- Ingurumenarekiko errespetuaz kontzientziatuta dagoen gizarte batean bizi gara?
Natura oso errotuta dago gure gizartean. Horrek ez du esan nahi gauzak beti ondo egin direnik, ezjakintasunak gure kontra jokatu baitu askotan, kutsadurarekin eta pozoien erabilerarekin, esaterako. Baina orain badugu ezagutza hori, eta beraz, gauza horiek berriz ez gertatzeko borrokatu behar dugu. Konturatu behar dugu, plastikozko bilgarri bat lurrera botatzen badugu, plastiko horrek ibaian, eta beraz, itsasoan amaituko duela; kresalarekin eta eguzkiarekin degradatu egingo da, eta mikroplastiko bihurtuko da, arrainek planktonarekin nahastuta irentsiko dutena… Horrela jarraituz gero, gure hondartzak mikroplastikoz osatuta egongo dira, eta ez hondarrez. Plastikoa da planetaren minbizia eta horretaz jabetu, gure ekintzen jakitun izan eta gure seme-alabei zer planeta utzi nahi diegun hausnartu behar dugu.