Laboral Kutxak "Lidergo partekatu baterantz" proiektua garatu du

Laboral Kutxak orain dela 20 urte ekin zion emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko ibilbideari eta 1997an Emakunderen Erakunde Laguntzailea aitortza-ziurtagiria eskuratu zuten. Ordutik, berdintasunerako politikak sustatzeko hainbat baliabide ezarri dira, eta berdintasunerako hiru plan diseinatu eta garatu dira.
Card image cap
2018/06/20

Entitatearen III. Planaren erronka nagusiak hauek dira: erakunde gisa berdintasunaren aldeko kultura sendotzen jarraitzea; ardura-postuetan emakumeen presentzia indartzea; eta gizarteari begira, berdintasunerako eragile izatea.

ELKARRIZKETA: Arrate Arkauz Arenaza, LABORAL KUTXAko Gestio Ekonomikoko teknikaria eta Berdintasun Planaren koordinatzailea

Emakumeen ahalduntzea ere bereziki landu duzue. Zergatik?

Emakumeen eta gizonen egoeraren inguruko diagnostikoa landu genuenean ikusi genuen, emakumeek gizonek baino oztopo gehiago topatzen dituztela erantzukizuneko postuetara heltzeko. Erronkari aurre egiteko, Berdintasun Batzordean emakumeen ahalduntzearen inguruko hausnarketa-prozesua egin genuen iaz Deusto Business School-eko irakaslea eta lidergoaren gaian aditua den Leire Gartzia ikertzailearekin eta Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean.

Lanketa horri jarraipena emateko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza bati esker, aurten Lidergo partekatu baterantz izeneko proiektua jarri dugu martxan.

LABORAL KUTXA-BERDINTASUN PROIEKTUA

Zeintzuk dira proiektuaren helburuak?

Egitasmoaren helburu nagusia da emakumeen erabaki-ahalmena eta erakundean eragiteko dugun gaitasuna areagotzeko baldintzak hobetzea. Era horretan, LABORAL KUTXA osatzen dugunon talentu guztia azaleratzeko eta garatzeko urratsak eman nahi ditugu, sexua horretarako oztopo izan gabe. Besteak beste, erakundean genero-ikuspegia aintzat hartuko duen lidergo-eredu berri bat garatu nahi dugu, “lidergo partekatua” deitzen dioguna, eta gure erakundeko emakumeak ahaldundu, lidergo-eredu horrekin lotutako gaitasun guztiak agertzeko.

LABORAL KUTXA osatzen dugunon talentu guztia azaleratzeko eta garatzeko urratsak eman nahi ditugu.

Helburu horiei begira, zer motatako ekimenak garatu dituzue?

Ahalduntze-tailerra jarri dugu martxan, Maru Sarasolaren gidaritzapean, nolabait emakumeok geure buruarekiko dugun pertzepzioa hobetzeko helburuarekin, ardura-postuak betetzeko eta LABORAL KUTXAren lidergo-ereduarekin lotutako gaitasunak agertzeko. Guztira 16 emakumek hartu dute parte, probintzia eta funtzio ezberdinetakoak gainera eta horrek asko aberastu du tailerra.  Oso pozik gaude ekimenak eduki duen harrerarekin eta egindako lanketarekin.

Bestalde, LABORAL KUTXAko kudeaketa-profilak genero-ikuspegitik ulertu eta ezagutzeko helburuarekin, galdetegia prestatu eta lankide guztiei bidali diegu eta ia 600 kidek eman dute erantzuna. Emaitzak aztertu eta gero, ardura-postuetan dauden kideekin ondorioak partekatzeko eta kudeaketa-profiletan aintzat hartu beharreko alderdien inguruan gogoeta egiteko intentzioa dugu.

LABORAL KUTXA-BERDINTASUN PROIEKTUA

Aurrera begira, proiektuak jarraituko du? Nola?

Lidergo-ereduaren inguruan edo emakumeen ahalduntzearen inguruan egiten ari garena epe ertaineko ikuspegiarekin ikusi beharra dugu. Finean, gure kulturarekin zuzenki lotutako elementuez eta norbanako bakoitzak egin beharreko hausnarketaz eta eraldaketa pertsonalaz ari gara eta horrek denbora eskatzen du.

Ekimen zehatzei dagokionez, ahalduntze-tailerrean parte hartu duten 16 emakume horiez gain, interesa azaldu duten gainerakoei aukera emango diegu datozen hilabeteetan antolatuko ditugun tailerretan parte hartzeko. Eta, tailer horietatik pasatzen diren emakumeen artean sare bat nola antolatu eta egituratu aztertzen ari gara, lanketak jarraipena izan dezan. Azkenik, lidergoaren inguruan egindako galdetegiaren emaitzak sozializatzeko eta lantzeko modua zein izango den zehazten ere ari gara.

Finantza eta aseguru zerbitzuak.