Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Laboral Kutxak eta Euskadi Fundazioak hitzarmena sinatu dute oinarriko txirrindularitza sustatzeko
Laboral Kutxa euskal kreditu-kooperatibak eta Euskadi Txirrindularitza Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Fundazioak esparru profesionaletik kanpo bultzatzen duen oinarriko txirrindularitza babesteko.
Laboral Kutxak gazteei euren gaitasunak eta prestakuntza ahalik eta duintasunik handienarekin garatzen lagunduko dieten oinarriko proiektuetara bideratzen ditu, nagusiki, kirol-babesak, eta emakumeak eta gizonak berdintzat hartzen dituen alderdi inklusiboak ere funtsezkoak dira bere filosofian.
Ildo horretan, epe luzerako lankidetza-esparrua aurreikusten du hitzarmenak, oinarriko edo harrobiko txirrindularitzara mugatua, eta Fundazioaren inguruan sortzen diren emakumeen zein gizonen talde guztiak hartzen ditu barne: kadeteak, gazteak eta 23 urtez azpikoen elite taldeak.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldi formala Laboral Kutxaren Arrasateko egoitzan egin dute Xabier Egibar Laboral Kutxako Negozio Garapenaren Areako zuzendariak eta Mikel Landa Euskadi Txirrindularitza Fundazioko lehendakariak.
Protokolozko sinaduraren ostean, pozik azaldu da Mikel Landa: «Garrantzi handikoa da guretzat Laboral Kutxaren babesa izatea, datozen urteetan gure eginkizuna aurrera eramateko». Txirrindulari arabarrak gogorarazi duenez, Fundazioaren erronka nagusia da belaunaldi gazteei erraztasunak ematea txirrindularitzan jarduteko: «Gure ametsa da nahi duten Euskadiko neska-mutilei txirrindularitzan albait baldintzarik onenetan jarduteko aukera ematea».
Bestalde, Xabier Egibarren hitzetan: «% 100ean gatoz bat Fundazioaren helburuekin. Bi erakundeok oso sakon ditugu sustraiak lurraldean eta ahaleginaren, hobekuntzaren eta elkarlanaren balioetan oinarritzen gara gure jarduera gauzatzeko». Gaineratu duenez, "gazteen artean txirrindularitza bultzatzea bide ezin hobea da bizimodu osasungarria sustatzeko eta ingurunea hobeto zainduko duen etorkizuna eraikitzeko".
Euskadi Fundazioak 1.500 bazkide ditu eta 500 txirrindulari gazteri ematen dio babesa
Erakundeok elkarlanean ari dira, dagoeneko, zenbait ekimen abian jartzen, txirrindularilasterketak osatzeko eta proiektuaren alderdi soziala eta eraldatzailea bistaratzeko. Hala, aurreikusi dute prestakuntza- eta dibulgazio-jardunaldiak egitea hainbat ikastola, ikastetxe eta prestakuntza-zentrotan, harrobiko txirrindularitzari lotutako jarduerak hobeto gizarteratzeko.
Era berean, herritarrek parte hartzeko ekintzak programatuko dituzte, familiei zuzendutako txirrindularitza ludikoa ezagutarazteko eta sustatzeko.
Laboral Kutxak oso ondo baloratu du bizikletaren arloan ospe handia duten bi enpresak, ORBEAk eta Etxeondok, hasiera-hasieratik babestu duten proiektu horrekin bat egitea. «Helmugara heltzea bezain garrantzitsua da bidaide onak izatea», azpimarratu du Egibarrek. Balioetan erabateko adostasuna abiapuntutzat hartuta, Laboral Kutxak bide partekatu bati ekingo dio, beraz, 3 euskal enpresek sormena eta ahaleginak batuz Fundazioaren jarduerari babesa emateko.
Euskadi Txirrindularitza Fundazioa euskal txirrindularitzaren erreferentea da 1993az geroztik, eta kirol hori sustatu, ezagutarazi eta garatzea du helburu. Patronatua goitik behera berritu zen 2017an, eta Mikel Landa da oraingo lehendakaria. Oinarri soziala 1.500 bazkidek osatzen dute. Horiek, mugarik gabeko maitasunaz gain, euskarri ekonomiko handia ematen diote proiektuari, 500 bat gaztek txirrindularitzan jardun dezaten.