Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
LABORAL Kutxak 87 milioi euroko irabaziak lortu ditu 2020an, eta kaudimen-lidergoa indartu du
Azken urteetan, interes-tasen kurba txikiak eta negozio-hazkunde nabarmenak sortzeko zailtasun handiak asko baldintzatu dute banku-jarduera. Beraz, errentagarritasun sektorialaren mailak askoz txikiagoak izan dira duela hamarkada batera arte erregistratzen zirenak baino. Gainera, egoera horrelakoa zela, pandemia sortu zen joan den martxoan; goitik behera aldatu du ekitaldiaren bilakaera, eta eragin negatiboa izango du hurrengo urteetan ere.
Egoera oso gogorra bada ere, LABORAL Kutxak, negozioari dagokionez, elementu positibo nabarmenak lortu ditu 2020ko ekitaldian eta, gainera, efizientzia handiz kontrolatu ditu kostuak. Ildo horretan, aipatzekoak dira enpresen kreditu-inbertsioaren hazkundeak, hipoteka-formalizazioen igoera eta aseguru-negozioaren ekarpena.
Horren guztiaren ondorioz, 65,7 milioi euroko ezohiko hornidura egiteko baliabideak sortu ditu entitateak. Horri esker, COVID-19aren pandemiaren ondorio negatiboei aurre egitea lortu du, eta 87,4 milioi euroko irabazi bateratu garbia zuen 2020ko ekitaldiaren amaieran.
LABORAL Kutxak finantza-posizio nabarmena eta aseguru-negozio finkatua ditu, eta hori oinarri sendoa da datozen ekitaldietan emaitzen bide iraunkorra bermatzeko. Kaudimenari dagokionez, CET1 ratioa % 21,26koa izan da ekitaldia ixtean, eta, beraz, LABORAL Kutxa liderra da bere erreferentziazko merkatuan. Bestalde, LTD likideziaren ehunekoa nahiko handia da, % 64,36koa.
Azkenik, banku-sektorearen erronka handiari, hots, errentagarritasunari, begira, entitateak % 4,83ko errentagarritasuna lortu du, ROEaren arabera neurtuta. COVID-19ari aurre egiteko ezohiko zuzkidura kenduz gero, % 7,75eraino igoko litzateke. Hortaz, kreditu-kooperatiba arlo horretako entitaterik onenen artean dago.
Emaitza-kontua
Pandemiak are gehiago estresatu du emaitza errepikariak lortzeko ahalmena; izan ere, oso baldintzatuta dago dagoeneko, azken aldi honetako interes-tasa negatiboak direla eta; 12 hilabeterako euriborra –% 0,5 ingurukoa izan da ekitaldiaren amaieran.
LABORAL Kutxaren kasuan, bankuen ohiko marjinen bilakaera positiboa izan da.
Interes-marjina 254,6 milioikoa izan da, eta % 1,89ko hazkundea izan du, salmenta-indarraren bultzada komertzialaren ondorioz, batez ere kredituak ematearen esparruan.
Marjina gordina, berriz, 410,36 milioira iritsi da eta % 1,25 hazi da urtetik urtera. Nabarmendu behar da entitateak lortu duela komisioen ekarpenari egonkor eustea (–% 0,25) eta aseguru-negozioaren ekarpena hobetzea (+% 17,1).
Negozio errepikariaren marjinen bilakaera onari esker, finantza-sistema osoa egonkortzeko egindako ekarpen esanguratsua orekatu du LABORAL Kutxak; izan ere, Gordailuak Bermatzeko Funtsari (GBF) eta Entitateak Suntsiarazteko Funts Bakarrari (SFB) egindako ekarpenak 32,8 milioi eurokoak izan dira, eta gordailuen gaineko zergaren zenbatekoa, 6,5 milioi eurokoa.
LABORAL Kutxak gestio eraginkorra egiten jarraitu du gastuen atalean: % 3,43 txikitu dira 2019koen aldean, eta 232,6 milioikoak izan dira. Hortaz, 8,2 milioi euro txikiagoak izan dira 2019koak baino. Gastuen murrizketa handi hori gauzatu arren, entitateak ez dio uko egin epe ertainerako eta luzerako planifikatutako proiektu eraldatzaileen ibilbide-orri zorrotzari.
Kreditu-zorroak narriadura-ebidentziarik ez badu ere —aitzitik, saneamenduetarako eta bestelako narriaduretarako zuzkidurak % 16,7 egin du behera—, entitateak zuhurtzia handiz jokatzea erabaki du. Orain arte, hilabete hauetan ezarritako neurriei esker —enpresei eta familiei krisiaren ondoriorik latzenak gainditzen eta ez-ordaintzerik ez izaten laguntzeko neurriak—, berankortasunari eutsi zaio, baina litekeena da hemendik aurrera berankortasuna handitzea. Hori dela eta, 65,7 milioi euroko hornidura berezia aurreratzea erabaki du entitateak, etorkizuneko ondorio ekonomiko kaltegarriei aurrea hartzeko.
Horrek zuzeneko ondorio hau izan du: 2020ko irabazi gordin bateratua aurreko ekitaldikoa baino % 32,9 txikiagoa izan da, 103,1 milioikoa. 15,7 milioi euroko zerga-karga kendu ondoren, irabazi garbia 87,4 milioi eurokoa izan da, kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsetarako zuzkidura egin aurretik; hain zuzen, % 36,5eko jaitsiera egon da 2019ko datuekin alderatuta.
Berankortasun kontrolatua
Krisi-egoera larria izan arren, entitatearen kreditu-zorroaren kalitateari esker, zalantza-indizeak ez du narriadura-sintomarik izan ekitaldiaren amaieran; are gehiago, urteko 12 hilabeteetan, oinarrizko 42 puntu jaitsi da, % 3,31raino. Azken datu hori oso positiboa da, banku-sektorearen batez besteko berankortasunarekin —% 4,5ekoa, azaroko azken datuaren arabera— alderatuz gero.
Hala ere, kreditu-arrisku inplizitu handiagoa dago: datozen hiletan eta urteetan, familiei eta enpresei pizgarriak emateko neurriak bertan behera utzi ostean, berankortasunak gora egingo duela espero da. Hori dela eta, kontrako egoerak iragartzeko modelizazio-ariketa zuhurra egin du entitateak, eta, ohiko banku- negozioak lortutako emaitza onei esker, krisiaren balizko ondorioak aurreratu ahal izan ditu, eta 65,7 milioi euroko ezohiko hornidura egin du.
Lidergoa kaudimenean eta likidezia ona
LABORAL Kutxa kaudimenik handieneko finantza-entitatea da bere erreferentziazko merkatuan, eta, urtez urte, kapital-mailak modu organikoan handitzen jarraitzen du.
Hala, 2020ko ekitaldiaren bukaeran, kreditu- kooperatibak % 21,26ko CET1 kapital-ratioa izan du. Ratio hori bat dator kaudimen osoaren mailarekin, eta oinarrizko 109 puntuko igoera izan du urtean zehar. Entitatearen kaudimenak nabarmen gainditzen ditu gainbegiraleak ezarritako eskakizunak, eta lehiakideena baino askoz hobea da.
Entitatearen kapital-indarraren kanpoko berrespen gisa, Fitch kalifikazio- agentziak LABORAL Kutxaren ratinga berretsi zuen joan den uztailean egindako azken berrikuspenean: BBB+. Pandemiak aktiboen kapitalean, errentagarritasunean eta kalitatean izan dituen inpaktuak aztertu ondoren, Fitchek azpimarratu du kapital-ratioak oso handiak direla eta entitatea gai izango dela horiei antzeko mailan eusteko.
Antzeko argudioak erabili zituen apirilean Standard & Poors kalifikazio- agentziak; hark ere LABORAL Kutxaren kalifikazioari eustea erabaki zuen, kapital sendotasuna eta kreditu-zorroaren kalitate ona aintzat hartuta.
LABORAL Kutxaren balantzeak islatzen dituen likidezia-mailari dagokionez, LTD ratioa (Loans to Deposits), kredituen eta gordailuen arteko proportzioa neurtzen duena, oso handia da, % 64,36koa. Bestalde, LCR ratioa (Liquidity Coverage Ratio), epe laburrerako likidezia-ratioa, % 460,80ko da, oso handia, kontuan hartuta araudiak eskatzen duen gutxienekoa % 100ekoa dela.
Aurrezkia
LABORAL Kutxak bitartekoturiko baliabideak 26.146 milioi eurokoak izan dira, guztira, 2020aren amaieran; 2019ko ekitaldiarekin alderatuta, % 10,8 egin dute gora.
Pandemia eta haren ondoriozko mugikortasun-murrizketak direla eta, gastuak behera egin du, eta aurrezkia nabarmen handitu da, gordailuek erakusten dutenez, % 13,4 hazi baitira. Halaber, aipatzekoa da ageriko kontuetako saldoek izandako gorakada, urtetik urtera % 21,2 igo baitira.
Balantzetik kanpoko figurei dagokienez, guztizko saldoek % 1,4 egin dute gora. Inbertsio-fondoen saldoak % 0,9 handitu dira, eta aurreikuspen- eta pentsio- planenak % 3,2.
Familien eta enpresen inbertsioa
2020ko ekitaldian inflexio-puntu bat jazo da kreditu-inbertsioaren bilakaerari dagokionez. Partikularren eta enpresen formalizazio berriek amortizazioen bolumena gainditzea lortu dute. Oro har, kredituen saldo bizia % 4 handitu da, eta 14.382 milioi eurokoa da.
Familien esparruan, azken hamarkadan lehen aldiz handitu dira hipoteka- maileguen saldoak; hain zuzen, % 1,2 hazi dira.
Eta urtean erregistratutako kontratazioei dagokienez, entitateak aise gainditu ditu aurreikuspenik baikorrenak; urtearen amaieran, urtetik urterako % 16,8ko igoera izan du hipoteka-formalizazioen bolumenak.
Kontsumorako kredituei dagokienez, entitatearen portaera hobea izan da finantza-sektorearen batezbestekoa baino, sektoreak batez beste % 16,1eko beherakada izan baitu metatutako formalizazioetan. LABORAL Kutxak, bere aldetik, formalizazioen % 9,7ko beherakada izan du ekitaldiaren amaieran, eta % 1eko beherakada txikia, berriz, saldo osoetan.
Enpresen arloan, inbertsioak gorakada izan du; izan ere, LABORAL Kutxak konpainien kreditu-eskaerari emandako erantzunak asko lagundu du.
Hala, merkataritza-formalizazio berriek metatutako bolumena % 80 handitu da urtetik urtera, eta enpresentzako guztizko kredituen saldo bizia % 15 hazi da ekitaldian. Esparru horretan, pandemiak sortutako likidezia-arazoak arintzeko erakundeek gaitutako tresnak (ICO, Elkargi, Sonagar eta EIF) nagusitu egin dira sare komertzialaren interakzioan. Horrek agerian jartzen du LABORAL Kutxak enpresa-bezeroei laguntzeko konpromisoa duela, gehien behar dutenean.
Aseguruen negozioa
Pandemiak markatutako urtea izan da eta aseguru-eremuaren ahaleginak prestazio guztiak berme osoarekin mantentzera bideratu dira. Ildo horretan, zerbitzu guztiak eman dira, baita erabateko konfinamenduko hiletan ere. Orobat, bezeroen eta hornitzaileen zailtasunak arintzeko beharrezko ekintzak jarri dira martxan; honako hauek, besteak beste: ordainketak zatikatzea eta geroratzea, eta egoera ahulean dauden pertsonei sendagaiak bidaltzeko doako zerbitzua.
Bestalde, COVID-19ak eragin nabarmena izan du urteko istripu-tasa orokorrean. Hori horrela, mugikortasun-murrizketen ondorioz, aurreko urteetan baino ezbehar-kopuru txikiagoa izan du automobilen adarrak. Aitzitik, beste produktu batzuek, hala nola etxeak, ezbehar-kopuru handiagoa izan dute, etxebizitzak gehiago erabili baitira. Beste produktu batzuetan —esaterako osasuna, ehorzketak eta bizitza-arriskua—, osasun-egoerak oso inpaktu handia izan du.
Ekitaldiko jarduera komertzialari dagokionez, etxe-aseguruen primen eta bizitza- arriskuaren primen bilakaera nabarmendu behar da, hurrenez hurren % 3,5 eta % 5,5 handitu baitira. Beraz, aseguruen negozioak, oro har, 46,2 milioi euroko emaitzak izan ditu 2020an; hau da, % 17,1 handiagoak 2019an baino.
Konpromisoa jasangarritasunarekin
Historikoki, LABORAL Kutxa aitzindaria izan da jasangarritasunaren arloan finantza-sektorean.
Langileek kooperatibaren kapital sozialean eta gestioan parte hartzea entitatearen marka bereizgarria da, eta horrek asko erraztu du entitatea erreferentea izatea banku-jarduera egiteko modu arduratsuagoari dagokionez. Halaber, soberakinen ehuneko handi bat gizartean banatzen duelako ere nabarmentzen da entitatea. 1997an, Emakunderen (Emakumearen Euskal Erakundearen) erakunde laguntzailearen bereizgarria lortu zuen, eta aitzindaria izan zen berdintasun-planak ezartzen. Ingurumenaren ikuspegitik, Estatuko lehen finantza-erakundea izan zen bere egoitza nagusirako ISO14001 ingurumen-ziurtagiria lortzen; hain zuzen, 2001ean lortu zuen.
Ildo horretan, 2020. urtean azpimarratu behar da LABORAL Kutxak jauzi handia egin duela berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteari buruzko Parisko akordioen betetze-mailan. Entitateak kontsumitzen duen energia elektriko guztia iturri berriztagarrietatik dator dagoeneko, eta, horren ondorioz, haren 2020ko karbono-aztarna, berotze globalaren eragile nagusia, % 83 txikitu da.
Digitalizazioa
Digitalizazioaren esparruan, 518.451 bezerok erabili dute LABORAL Kutxaren online bankaren zerbitzua 2020an; hori dela eta, erabiltzaileen kopurua % 12,4 hazi da. Gainera, 73.940 bezerok erabili dute online bankaren zerbitzua bulegoko gestorearekin harremanetan jartzeko, txateatzeko edo urrutiko bilera egiteko. Horren ondorioz, jarduera boskoiztu egin da onlineko harremanetarako kanal pertsonal horretan, eta horrek aukera ematen digu bezeroarekiko hurbiltasun- eta laguntza-diferentziala eskaintzen jarraitzeko, baita mugikortasunerako eta kontaktu pertsonalerako zailtasunek eta mugek markatutako garai hauetan ere.
Nabarmentzekoa da, halaber, DispON maileguen (aurrez emandako berehalako maileguen) % 57 gailu mugikorren bidez kontratatu dela; hau da, kontratatutako zenbateko guztien % 47. Entitateak urtean formalizatutako berme pertsonaleko maileguen zenbatekoaren % 63 DispON modalitatearen bidez kontratatu da. Bezeroekiko interakzioan izandako jauzi digitalaren eta mugikorraren adierazle garrantzitsua da; izan ere, erabilera digitala ez da soilik kontsultak eta eragiketa errazak egitera mugatu, bezeroak balio erantsi handiagoko kontratazioetarako ere erabiltzen baitu bere smartphonea.
Horren harira, garrantzitsua da contactless mugikordainketarekin egindako eragiketen proportzioa; izan ere, 2020an, mugikordainketaren erabileraren proportzioa bikoiztu egin da txartelen bidezko ordainketen kopuru osoa kontuan izanik.
Beste gertaera garrantzitsu batzuk ere aipatu behar ditugu; esaterako, Enpresen Banka zerbitzua online bankaren plataforma berrian (alegia, bezero partikularrak dagoeneko erabiltzen ari diren plataforman) sartu zen, bai eta open-banking ingurunean ere. Horri esker, enpresek funtzionalitate berriak dituzte eskura. Hain zuzen, open-bankingaren eremu horretan, beste erakunde batzuetako kontuen agregatzaile-zerbitzua jarri da abian, bai bezero partikularrentzat, bai enpresentzat. Beraz, LABORAL Kutxaren online bankaren bidez, euren kontu guztiak ikus ditzakete, baita beste finantza-erakunde batzuetan dituztenak ere. Gainera, sarrera eta gastuen banaketa eta bilakaera aztertzeko Argitu zerbitzuan txerta ditzakete euren kontu guztietako mugimenduak.
Inbertsioei buruzko aholkularitzaren arloan, 2020az geroztik, bezeroek zuzenean eskura ditzakete online bankan euren aurrezkiak inbertsio-fondoetan sartzeko gomendio pertsonalizatuak, bai autozerbitzu gisa, bai gestorearekin elkarlanean aritzeko erreminten bidez.