Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
LABORAL Kutxak 65 milioi euro irabazi ditu 2022ko lehen seihilekoan
Ziurgabetasunez betetako testuinguru ekonomikoan eta agertoki-aldaketa drastiko baten ondorioz hazkunde ekonomikoa motelduta egon arren, LABORAL Kutxak 65 milioiko irabazi garbia lortu du urteko lehen erdian; hau da, aurreko ekitaldiko epe berekoa baino % 25 handiagoa.
Negozio-adierazle nagusien arabera, lehia-posizio nabarmena du LABORAL Kutxak. Kaudimenaren alorrean, CET1 ratioak (% 21,14) lehen postuan kokatzen du entitatea bere erreferentziazko merkatuan, eta LTD ratioak (% 64,10) likidezia-posizio lasaia duela erakusten du. Bestalde, berankortasun-tasak ere txikitzen jarraitu du urteko lehen sei hiletan ere, % 2,58an kokatzeraino. Baliabide propioen errentagarritasuna (ROE) % 6,35era iritsi da.
Emaitza-kontua
Urteko lehen sei hiletan, tasen kurbaren eta marjinen estutasunaren eragin oso handia izaten jarraitu dute banku-negozio tipikoaren marjinek. Hala, interesen marjina 121,2 milioi eurokoa izan da; hau da, 2021eko ekainekoa baino % 1 txikiagoa. Beherakada hori, baina, konpentsatu egin du zerbitzuengatiko diru-sarreren atalaren % 10eko gorakadak. Atal horretan, nabarmentzekoak dira bai bezeroei funts eta planetan emandako inbertsio-zerbitzuen hazkundea, haien ekarpena % 12 hazi baita, eta bai ordainbideen igoera, % 16 gehiago ekarri baitute. Horrela, bada, entitateak % 2,6ko hazkundea lortu du bere negozioaren oinarrizko marjinean, 185,4 milioira heldu baita.
Bestalde, marjina gordina % 3,9 txikitu da, merkatuek 2021aren aldean izandako bilakaeraren ondorioz, eta horrek eragina izan du hala dibidenduetan nola entitatearen inbertsioen balioztapenean.
Beste alde batetik, epealdiko gastuak eta amortizazioak 10,2 milioi (% 9) handiagoak izan dira, batez ere bezeroei zerbitzu hobea eskaintzearren ordutegiak eta baliabideak zabaltzeko erabakia hartu delako, eta esparru digitalean eta teknologikoan eraldatzeproiektuen agenda estrategikoarekin jarraitzeko asmoa dagoelako, entitateak kalitateeta zerbitzu-estandar handiei eusteko eta etorkizunari berme osoz aurre egiteko.
Horniduretarako, saneamenduetarako eta beste narriadura batzuetarako zuzkiduren atalak apenas izan duen gorabeherarik. LABORAL Kutxaren kreditu-zorroak ez du narriadura-zantzurik izan, eta, beraz, ez da erabili behar izan COVID-19aren ondoriozko kontingentziei aurre egiteko 2020an eta 2021ean egindako 100 milioi euroko aparteko hornidura.
Aurreko partida guztiak kontuan hartuta, zerga aurreko emaitza 69,7 milioi eurokoa da. 4,7 milioiko zerga-karga deskontatu ondoren, 65 milioi euroko irabazi garbi bateratua lortu da kooperatibaren gizarte-ekintzako funtsetara zuzkidura egin aurretik; % 25 handiagoa, beraz.
Berankortasuna beherantz
Arriskua kudeatzeko orduan LABORAL Kutxak izan ohi duen zuhurtziari esker, berankortasun-tasa % 2,58ra jaitsi da; horrek esan nahi du 12 hilabetean oinarrizko 45 puntuko murrizketa organikoa izan dela, zalantzazko zorroak hirugarrenei saldu gabe gainera.
Berankortasun-maila apal hori benetan ona da estatuko banku-sektorearen batezbestekoarekin alderatuta; izan ere, maiatzaren amaieran argitaratutako azken datuaren arabera, % 4,08an zegoen batezbesteko hori.
Liderra kaudimenean eta likidezia lasaia
Kaudimenaren alorrean, LABORAL Kutxak lehen postuan jarraitzen du bere erreferentziazko merkatuan. Kalitate goreneko kapitalaren CET1 (Common Equity Tier 1) ratioa, finantza-erakundeen sendotasuna erakusten duena, % 21,14koa da eta bat dator entitatearen kaudimen osoaren ratioarekin.
Bestalde, gordailuen eta balantzeko kredituen arteko erlazioak likidezia-egoera lasaia ematen dio LABORAL Kutxari, % 64,10eko LTD (Loans to Deposits) ratioak islatzen duenez. Era berean, epe laburreko likideziaren LCR (Liquity Coverage Ratio) ratioa, entitateak epe laburreko betebeharrei erantzuteko duen gaitasuna ezartzen duena, % 346koa da; hau da, oso urrun dago erreferentzia gisa ezarritako % 100eko ratiotik.