Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
LABORAL Kutxak % 24,4 handitu du irabazi bateratua 2021ean, 108,8 milioiraino iritsiz
Entitateak ohiko banku-negozioaren astenia-egoera orokorra gainditzea lortu du eta, zergak ordaindu ondoren, 108,8 milioi euroko irabazi bateratuarekin amaitu du 2021eko ekitaldia. Horrek esan nahi du % 24,4ko hazkundea izan duela 2020arekiko.
Interes-tasa negatiboek eragindako diru-sarreren ekarpen txikiagoa honako hauek konpentsatu dute: kreditu-inbertsioaren atalean izandako jarduera indartsuak, % 4,8ko hazkunde garbi metatuarekin, balantzetik kanpoko figuren bidez inbertsio-arloan bezeroei emandako aholkularitzak izandako bultzadak, oro har, % 14,4 hazi direnak, eta zerbitzu-emateen diru-sarreren igoerak, % 15,5 hazi direnak.
Adierazle nagusiek kreditu-kooperatibaren sendotasuna erakusten dute. LABORAL Kutxak bakarrik jarraitzen du bere merkatu naturaleko kaudimen-rankingaren buruan, % 21,81eko CET1 ratioarekin urte-amaieran. Halaber, entitatearen kreditu-zorroak osasun ona duela erakusten jarraitzen du. Hori adierazten du berankortasuna % 2,80raino jaitsi izanak eta kaudimengabeziei aurre egiteko zuzkiduren behar txikiagoa izateak.
Emaitza-kontua
Interes-marjina jaitsi egin da tasa negatiboen ondorioz, eta 239,7 milioi eurotan gelditu da, 2020an baino % 5,8 txikiagoa. Komisioen atala, bestalde, ekitaldian portaera onena izan duen partidetako bat da, % 16,45eko igoerarekin, eta entitateak interes-tasekiko mendekotasun txikiagoa duen eredurantz eboluzionatu duela berresten du. Hala, zerbitzu-emateen diru-sarrerek 121 milioi gehitu dizkiote kontuari. Horretan lagundu dute inbertsio-funtsen eta aurreikuspen-planen bolumen bitartekotu handiagoak (+% 14,4), eta ordainbideetatik, efektuen negoziaziotik, aginduetatik eta beste kobrantza- eta ordainketa-zerbitzu batzuetatik etorritako diru-sarrerek (+% 15,5).
Horren ondorioz, oinarrizko marjinak % 0,6 egin du gora, 360,7 milioi euroraino. Horri guztiari % 3,3 hazi den aseguruen negozioan egindako lan ona gehituta, marjina gordina 410,5 milioikoa izatea lortu da, aurreko ekitaldikoa baino askoz handiagoa.
LABORAL Kutxak 2021ean berretsi egin du bere agenda estrategikoari eusteko eta etorkizunari berme osoz aurre egiteko diseinatutako proiektu eraldatzaileak indartzeko erabakia. Hori dela eta, bere administrazio-gastuetara bideraturiko zenbatekoa % 6,5 handitu du. Hori 246,1 milioikoa da, ekitaldiko amortizazioen kostu gehigarria sartu ondoren; guztira % 5,8ko urte arteko igoera izan du.
Entitateak, bestalde, bere ohiko zuhurtziari eutsi dio arriskuaren kudeaketan. Horri esker, bere kreditu-zorroaren kalitatea hobetu egin da aurten ere. Horren ondorioz, narriadura eta kaudimengabezien estalduretarako zuzkidura-premia txikiagoa izan da urtean zehar. Hala ere, LABORAL Kutxak bere hornidurak indartzea erabaki du 55 milioi euroko zenbatekoarekin urtean zehar. Horren ondorioz, azken bi ekitaldietan covid-19aren krisiari aurre egiteko 120 milioi euroko zuzkidura erregistratu da. Zuhurtziazko jarrera horrek abantaila ematen dio entitateari ekonomiaren balizko beheraldi baten ondorioz etorkizunean izan ditzakeen eraginei aurre egiteko.
Hala eta guztiz ere, LABORAL Kutxaren kontu bateratuek islatzen duten zergen aurreko emaitza gordina % 24,8 igo da, 128,7 milioi euroraino; eta zergei dagozkien 19,9 milioi euroak deskontatu ondoren, gizarte-ekintzako funtsei esleitu aurreko emaitza garbia 108,8 milioi eurotan gelditu da, 2020an lortutako zenbatekoa baino % 24,4 gehiago.
Berankortasuna beherantz
2021eko ekitaldian, beste sektore egoiliar batzuei emandako finantzaketa osoaren gaineko berankortasun-ratioa % 2,8raino murriztu da. Datu hori oso positiboa da sektoreko zalantzazko enpresen ratioarekin alderatuta, azaroan % 4,22koa baitzen. Bestalde, zalantzazko saldoen estaldura-tasa % 87,7ra igo da aurreko ekitaldiko % 71,2tik.
Lidergoa kaudimenean eta likidezia ona
LABORAL Kutxak CET1 kategoria goreneko kapitalaren ratioa % 21,81era igotzea lortu du, eta hori bat dator Kaudimen Osoaren ratioarekin. Kaudimenari dagokionez, gaur egungo mailek bere merkatuko erabateko lider gisa finkatzen dute entitatea.
Halaber, LABORAL Kutxaren balantzeak likidezia-egoera lasaia islatzen jarraitzen du; horri esker, bere negozio-planei sendotasunez ekin ahal izango die. Hala, emandako finantzaketaren eta hartutako gordailuen arteko erlazioak % 63,56ko LTD (Loans To Deposits) ratioa islatzen du. Halaber, LCR (Liquity Coverage Ratio) edo epe laburreko likideziaren erregulazio-ratioa % 413,01ekoa izan da, %100ean ezarritako erregulazio-eskakizunetik urrun.
Aurrezkia
LABORAL Kutxak bitartekotzen dituen bezeroen baliabideak 28.304 milioi eurokoak ziren 2021eko ekitaldiaren amaieran. Beraz, urtarriletik abendura bitartean % 8,3ko gehikuntza egon zen.
Atalez atal, balantzearen barruko baliabideak, hala nola ageriko kontuak, aurrezki-kontuak edo eperako gordailuak, % 6,8 igo dira, eta aurreko ekitaldiko igoera handia moteldu egin da. Ekitaldi horretan pandemiak eragin handia izan zuen eta, ondorioz, kontsumoak behera egin zuen.
Hala ere, hazkunde hori askoz handiagoa izan da inbertsioen arloko aholkularitza-zerbitzuei lotutako balantzetik kanpoko figuretan. LABORAL Kutxako bezeroek dibertsifikazio-maila handitzea erabaki dute, aurrezkiaren ehuneko handiagoa balio erantsi handiagoko alternatibetara desbideratuz, inbertitzaile bakoitzaren ezaugarrien eta nahien arabera. Hala, diru-sarrera garbiek eta merkatuen susperraldiak lagunduta, inbertsio-funtsen saldoak % 21,7 igo dira. Datu hori ez dator bat estatuko etxeko funtsen bilakaerarekin, % 14,84ko hazkundea izan baitute Inverco-ren datuen arabera.
Aurreikuspen- eta pentsio-planen kapituluan ere jardun ona izan dela nabarmendu da, partaide-kopuruaren % 4,7ko eta saldo garbien % 7,1eko hazkundeek adierazten duten bezala. Biziaro Planek bezeroen aukera gogokoena izaten jarraitu dute aurten ere, eta, horren ondorioz, haien ondarea % 33 handitu da ekitaldian.
Familien eta enpresen inbertsioa
LABORAL Kutxaren 2021eko abenduaren 31ko kreditu-inbertsio osoa 15.157 milioi eurokoa zen, 2020ko abenduan erregistratutako saldoa baino % 4,8 handiagoa.
Familiei dagokienez, inbertsio-saldoak %1,7 hazi dira, 2020ko amaierakoarekin alderatuta. Urtean zehar etxebizitza erosteko hipoteka-kredituen formalizazio berrien kopurua nabarmendu da gehien bat, % 13,3 igo baita. Etxeko kontsumorako finantzaketa-eskaerak, aldiz, aurreko urteko joera bera izan du, % 0,2ko jaitsiera txiki bat.
Merkataritza-finantzaketaren arloan, bilakaera bikaina izan da, eta eutsi egin zaio aurreko ekitaldiaren amaieran lortutako inbertsio-saldoari. LABORAL Kutxak modu arin eta proaktiboan erreakzionatu zuen covid krisiari aurre egiteko enpresek egindako kreditu-eskaera handiaren aurrean. 2021eko ekitaldian, nabarmentzekoa da enpresa eta kooperatiba handienek izandako kreditu-bilakaera, horiek beren kreditu bizien saldoak % 8,43 handitu baitituzte.
Entitateak enpresei laguntzeko eta aholkuak emateko duen bokazioarekin bat etorriz, LABORALNEXT aholkularitza espezializatuko unitatea jarri da abian, enpresei Next Generation EU (NGEU) Europako funtsen laguntza-lerro nagusiak lortzen laguntzeko, enpresa-sarearen eta ekonomia osoaren etorkizunerako funtsezko elementua baita.
Enpresen Bankaren zerbitzu berri honek ETE-ei aholkuak ematen dizkie beren proiektuak suspertze-funtsetarako ezarritako helburuekin nola lerrokatu jakin dezaten, eta laguntza teknikoa ematen die proiektuak aurreikusitako deialdietako eskakizunen arabera prestatu eta aurkeztu ahal izateko. Martxan egon den lehen sei hilabeteetan, LABORALNEXT aholkularitza-plataformak 50.000 bisita baino gehiago izan ditu, eta ia 2.000 enpresa eta autonomok izena eman dute aldian-aldian laguntza berriei buruzko abisuak eta informazioa jasotzeko. Orain arte argitaratutako 80 deialdien aurrekontua 8.600 milioi eurotik gorakoa da dagoeneko.
Aseguruen negozioa
Aseguruen negozioak 47,7 milioi euroko emaitzak izan ditu 2021ean, % 3,3ko hazkundea 2020arekin alderatuta. Ez-bizitza adarreko primak, guztira, 119,2 milioi eurokoak izan dira, hau da, aurreko ekitaldian baino % 0,9 handiagoak. Bestalde, bizi-aseguruen primak, guztira, 60,9 milioi eurokoak izan dira; beraz, urteko % 4,2ko hazkundea izan dute.
Produktu estrategikoen artean, honako hauek nabarmentzen dira: etxe-asegurua, 43,9 milioi euroko prima metatuekin eta urte arteko % 3,8ko hazkundearekin, eta bizitza arrisku indibidualeko asegurua, urtea 35,6 milioi euroko primekin amaitu duena eta, ondorioz, % 18,5eko igoera izan duena 2020ko ekitaldiarekin alderatuta.
Berrikuntzen atalean, 2021ean, LABORAL Kutxak Multiaseguru Kontua jarri zuen martxan. Horrek kontratatutako aseguru guztien primak zatitu eta hileko kuota bakar batean multzokatzeko aukera ematen du.
Bulego-eredua
2021ean, LABORAL Kutxa bere bulego jasangarriaren eredu berria ezartzen hasi zen pixkanaka-pixkanaka. Bulego-eredua azterketa-prozesu luze baten emaitza da eta bezeroen eta bulegoetan lan egiten duten pertsonen pertzepzioak entitatearen beraren erronka estrategikoekin uztartzen ditu.
Horren ondorioz, LABORAL Kutxaren jauzi kualitatibo digitala premisa honekin gauzatzen ari da: bulegoetako hurbiltasuneko tratua eta harreman pertsonala eskaintzen jarraitzea herri eta auzoetan bezeroekin dugun harremanean. Eredu hibrido berezia sortzen du horrek, digitala eta aurrez aurrekoa, merkaturako balio bereizgarriko proposamena irudikatzen duena.
Bulego-eredu irekia eta hurbila diseinatu da, LABORAL Kutxaren izaerarekin identifikatzen dena eta hainbat kontzeptu proiektatu nahi dituena, esaterako: aterpea (hurbiltasuna eta pribatutasuna), mendia (sendotasuna eta sustraiak) eta herria (konpromisoa, konexioa eta komunitatea).
LABORAL Kutxaren bulego berriak elkarlana errazten du eremu komunetan eta, horretarako, wifi konexioa eta azken belaunaldiko ekipamendua ditu, hala nola gailu eramangarriak eta funtzio anitzeko pantailak. Pertsonentzako pertsonek eskainitako eredu bat da, zeinetan LABORAL Kutxaren bulego guztiek kutxa-zerbitzua eskaintzen baitute. Kutxa-zerbitzu horrek, gainera, ezgaitasuna edo mugikortasun murriztua duten pertsonei laguntzeko gune berri bat ere badu.
Bulego berriak, bestalde, jasangarritasunean, energia-eraginkortasunean eta baliabideen optimizazioan oinarrituta daude. Horren adibide dira LED argien instalazioa, espazioan duten presentziaren eta kanpoko argi-fluxuaren arabera erregulatzen dena, eta beroa eta hotza berreskuratzeko unitateak dituen klimatizazio-instalazioa, behar den erosotasuna lortzeko energia-ekoizpena murrizten duena.
Zerbitzu digitalak
LABORAL Kutxak aurrerapausoak egiten jarraitzen du zerbitzu digitalen eskaintzaren garapenean. Urte-amaierako datu kuantitatibo nagusiei dagokienez, onlineko profil digitala duten entitatearen bezeroak bezero guztien % 56 dira dagoeneko, eta, banka elektronikoa erabiltzeko moduari dagokionez, % 86k bere gailu mugikorrak erabiltzen ditu sartzeko, horietako gehienek lehen aukera gisa.
2021ean, bost bezero digitaletik bat bulegoko bere gestorearekin kontaktuan izan da online bankako Hormaren bidez. Jarduera hori % 113 hazi da 2020arekiko. Urte osoan hainbat motatako 510.000 interakzio egin dira, batez beste 2,5 interakzio bezeroko.
Halaber, bezero digitalen % 50ek eragiketa edo kontratazioren bat egin du online bankaren bidez. Bestalde, 2021eko amaieran mugikor bidezko ordainketako BIZUM soluzioaren 298.000 erabiltzaile zeuden. % 22ko hazkundea izan du urtean. Eta berrikuntzari eta garapen digital berriei dagokienez, nabarmentzekoa da online hipotekaren merkaturatzea, bai bezeroei, bai bezero ez direnei bideratua. Horri esker, aurrerapauso handia egin da produktu konplexu baten digitalizazioan, hain zuzen ere hipoteka-maileguaren digitalizazioan. Bezeroak berak erabakiko du eragiketa osorik online egin nahi duen edo, aitzitik, kontratazio-prozeduraren uneren batean bulegora joan nahi duen.
2021ean, LABORAL Kutxak garapenak ezarri ditu bezeroen alta berriak oso-osorik webgune bidez egiteko. LABORAL Kutxaren bezero izatea erabakitzen duten pertsonek ezagutze biometrikoa erabiliz egin dezakete. Bulego fisikoen sarea iristen den eremu geografikoetako pertsonentzat bakarrik gaitu da prozesu hori, zerbitzu omnikanala eskaini ahal izateko eta ez soilik digitala, entitatearen estrategia hibridoarekin bat etorriz.
Iaz aurrerapausoak egin ziren bezeroaren eta bulegoko gestorearen arteko online interakzioan, hainbat hobekuntza abian jarriz, hala nola inbertsio-funtsen kontratua urrunetik sinatzeko aukera. Halaber, online elkarrizketen oinarrizko teknologia hobetu da, kudeaketa-talde osoa Meet sisteman sartuta, aseguruetako espezialistak barne.
Eta merkataritzara bideratutako zerbitzu berriei dagokienez, LABORAL Kutxaren bezeroek BIZUM metodoa erabil dezakete aukera hori eskaintzen duten saltoki digitaletan ordaintzeko. Entitatearekin ST digitala duten saltokietan ere dagoeneko kobra daiteke metodo hori erabiliz. Horrek asko errazten du erabiltzaile-esperientzia. Aipagarria da bereziki saltoki txikiak xede dituen azken berrikuntza; LABORAL Kutxa aitzindaria izan da TicketBAI araudi berria betetzeko soluzio bat ematen (EAEn bakarrik). ST terminalean instalatutako aplikazio soil baten bidez, saltokiak foru-ogasunekin konektatu ahal izango dira eta, hala, TicketBAIren eskakizunak bete ahal izango dituzte, garapen eta software gehigarririk gabe.
Urtean zehar garatutako aurrerapen digitalekin amaitzeko, LABORAL Kutxaren online bankaren finantza-gehitzailearen bidez, bezeroak ordainketak agindu ditzake gehituta dituen beste entitate batzuetako kontuetatik. Entitateko bezeroek lehen ere kontsulta zitzaketen online beste entitate batzuetako kontuak; orain, kontu horietatik transferentziak ere egin ditzakete, beste ingurune digital batera migratu beharrik gabe. Izan ere, entitatea funtzionalitateak erantsiz joan da open banking esparruan.
Eta, azkenik, zerbitzu digitalen eta bulegoko zerbitzuen osagarri eta alternatiba gisa, LABORAL Kutxaren Telebanka telefono-zerbitzuaren barruan, bezeroaren esperientzia hobetzeko aurrerapenak egin dira. 60 urtetik gorako bezeroentzako 900 linea esklusiboa indartu da. SUPER LK Lerroa kolektibo horren kontsultei erantzuteko, horien zalantzak argitzeko eta horien banku-eragiketetan laguntzeko da.
Jasangarritasuna
Jasangarritasuna lehentasunezko elementua da entitatearentzat, Nazio Batuen Banku-jarduera Arduratsuaren Printzipioen sinatzaile izateak erakusten duen bezala. Printzipio horietan etorkizun jasangarria izaten laguntzeko finantza-sistemaren konpromisoak eta erantzukizunak jasotzen dira, Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) eta klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioekin bat etorriz.
2021ean, LABORAL Kutxak Jasangarritasun Plan bat diseinatu du eta plan hori ezartzeko ibilbide-orri bat. Ibilbide-orri horrek datozen urteetan plana garatzeko abian jarri diren lan-ildoak biltzen ditu.
Arreta berezia jarri da etxebizitzen birgaitze energetikoa sustatzeko eta bideratzeko esparruan. Bezeroei etxebizitzen eraginkortasuna hobetzen laguntzea lagungarria izango da Parisko Akordioetan tenperaturen igoera mugatzeko ezarritako berotegi efektuko gasen isurketa murrizteko helburuak betetzeko. Alde horretatik, LABORAL Kutxa oso aktiboa izango da birgaitze energetikorako proiektu horiek bultzatzeko orduan eta, horretarako, lege-erreforma berrira egokitutako zuzeneko maileguaren formatu berri bat prestatu du jabekideen erkidegoentzat. Formatu berriak mailegua onartzea eta izapidetzea errazten du eta aukera ematen die bizilagun-erkidego horiei inbertsioei aurre egiteko behar duten finantzaketa erraz lortzeko.
Ingurumena zaintzea ez da gauza berria LABORAL Kutxarentzat. Azaroaren amaieran, ISO 45001 ingurumen-ziurtagiria berritzeko kanpo-auditoria gainditu zuen. Entitateak orain dela 20 urtetik du ziurtagiri hori, eta, bere garaian, finantza-sistemaren barruan, aitzindaria izan zen ziurtagiria lortzen.