Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
LABORAL Kutxak 134 milioi euroko irabaziak lortu ditu 2024ko lehen seihilekoan
2023an ere, euroguneko ekonomia indartsu aritu da inflazioaren aurka borrokan, inflazio-tasa % 2ko helburutik gora finka ez zedin. Hala, iaz sei aldiz egin zuten gora interes-tasek, eta horrek eragin handia izan zuen euroguneko jarduera ekonomikoan; izan ere, BPGd-aren hiruhilekoko batez besteko hazkunde-tasak hutsalak izan ziren urtean, eta 2023a ia-ia atzeraldi teknikoan bukatu zen.
2024. urtearen lehenbiziko erdia uste baino hobea izan da, baita hazkundearen bilakaera ere. Hala, Industria-sektorean hobekuntza igarri da
Aurrekari horiekin, 2024. urtearen lehenbiziko erdiak onerako harritu gaitu, eta hazkundearen bilakaera uste baino hobea izan da. Industria-sektorean ere hobekuntza igarri da. Banku zentralen politika murriztaileek inflazioa apalduz joatea lortu dute, eta, ondorioz, joan den ekainean Europako Banku Zentralak kudeaketa-etapa berri bati ekin zion interes-tasen % 0,25eko lehenengo jaitsierarekin.
Bankuen alorrean, berankortasuna gutxieneko mailetan dago 2008tik. Goi-marjinen hazkundeak bultzada nabarmena eman die finantza-erakundeen irabaziei, eta goranzko errentagarritasunak ari dira lortzen. Testuinguru horretan, LABORAL Kutxaren irabazi garbia % 22,44 hobetu da 2024ko lehen seihilekoan, iazko epe bereko datuekin alderatuta: 134,4 milioi eurora iritsi da, eta ROEa % 11,55ekoa da. Emaitza horiek lortzeko, interes-tasen kurbak eragin positiboa izan du; baina, aldi berean, entitateak jarduera komertzial handia gauzatu du. Ildo horretan, azpimarragarriak dira seihilekoaren azken tartean izandako merkataritza-finantzaketaren gorakada eta bezeroen aurrezkiaren dibertsifikazio egokia.
Era berean, adierazle finantzario nagusiek kreditu kooperatibaren sendotasuna erakusten dute. LTD likidezia-ratioa kopuru lasaietara iritsi da (% 64,67ra), berankortasuna % 2,41eraino jaitsi da eta entitatearen kaudimenak banku-sektoreko lehenengo tokietan egoten jarraitzen du, % 23,78ko CET1 kapital-ratioarekin.
Emaitza-kontua
Aktiboko diru-sarreren eta pasiboko kostuen bilakaerak nabarmen baldintzatu du seihilekoko emaitzen sorrera, orain arteko ildoari jarraikiz, banku zentralek ezarritako interes-tasen igoeren eraginez. Ondorioz, errentagarritasun-egoera horrek ohiko bankunegozioaren marjinak sustatzen jarraitu du.
Hala, LABORAL Kutxak 325,36 milioi euroko interes-marjina sortu du ekitaldiaren lehenengo sei hilabeteetan, hau da, iazko epe berean baino % 31,07 handiagoa. Komisioen sarrerak % 4,83 hazi dira guztira, 68,1 milioi euroraino.
Atalen arabera, aurrezki-inbertsioko produktuetara bideratutako dibertsifikazioari esker, ondaregestioagatiko ekarpenak % 13,32 egin du gora, eta horrek konpentsatu egiten du bezero guztiei aplikatutako komisioen berrikuspen globala. Horren harira, bada nabarmentzeko kontu bat: ekainaren 1etik aurrera, indarrean sartu dira bezero partikularrentzako komisioak salbuesteko programen baldintza eta eguneratze berriak. Horien arabera, helbideratutako diru-sarrerak edo aurrezki-saldoak dituzten bezeroek, 30 urtetik beherakoek eta bezero berri guztiek, azken hauen lotura edozein dela ere eta lehen urtean zehar, beste abantaila batzuen artean, mantentze-komisiorik gabeko kontuak, urteko kuotarik gabeko txartelak eta online transferentziak doan egiteko aukera dituzte.
Bestalde, dibidenduen eta beste finantza-eragiketa batzuen ondorioz 51,22 milioi euro gutxiago daude kontuan, batez ere seihilekoan egindako HTC zorroak saltzeko eta erosteko eragiketa lotuengatik kontabilizatutako minusbalioak direla eta. 2023an ekin zitzaion estrategia horri, hurrengo ekitaldietan diru sarreren fluxu handiagoa bermatzeko. Hala eta guztiz ere, marjina gordina % 24,17 hazi da, 342,25 milioi euroraino.
148 milioi euroko administrazio-gastuak eta amortizazioak kendu ondoren eta 34,68 milioi euroko zuzkidurak, saneamenduak eta narriadurak erregistratu eta gero, seihilekoko emaitza gordina 159,52 milioi eurokoa izan da; eta 25,15 milioi euro zergak ordaintzera bideratu ostean, 134,36 milioi eurokoa da gizarte ekintzarako funtsak zuzkitu aurreko irabazi garbi bateratua, hau da, 2023ko lehenengo seihilekokoa baino % 22,43 handiagoa.
Berankortasuna beherantz
LABORAL Kutxak negozioaren epe luzerako jasangarritasuna eta gestio zuhurra lehenesten jarraitzen du. Ildo horri jarraikiz, berankortasun-tasak behera egin du eta % 2,41ean geratu da. Horrek esan nahi du 6 hilabetean oinarrizko 29 puntuko murrizketa organikoa izan dela, zalantzazko zorroak saltzeko beharra aintzat hartu gabe.
Kreditu berankorren ehuneko apal hori Estatuko banku sektorearen batez besteko datua baino askoz hobea da —% 3,49koa da maiatzean, argitaratutako azken datuaren
arabera—.
Kaudimen- eta likidezia-maila nabarmenak
Entitatearen kaudimen-maila —lehenengo seihilekoan sortutako emaitzak kontuan hartu gabe ere— nabarmena da, CET1 kapital-ratioa % 23,78ra iritsi baita. Datu horrekin, LABORAL Kutxak azken urteetako lidergo posizioa sendotu du sektorean. Likidezia-metrikei dagokienez, gordailuen gaineko kredituen proportzioak % 64,67ko LTD (Loans to Deposits) kopuru lasaia erakusten du. Halaber, entitateak areagotu egin du epe laburreko konpromisoei aurre egiteko likidezia eta % 503,58ko LCR (Liquidity Coverage Ratio) ratio nabarmena lortu du, % 100eko arau-eskakizuna baino askoz handiagoa.
Aurrezkiaren bilakaera
LABORAL Kutxako bezeroen baliabideak, orotara, 30.502 milioi eurokoak dira ekainaren 30ean, 2024aren lehen erdian 1.296 milioi euroko gorakada izan ondoren. Horrek esan nahi du % 4,44ko hazkundea izan dela urteko lehenengo sei hilabeteotan. Entitateak aldaketak izaten jarraitzen du produktu-mixean, bezeroen eperako gordailuetan ordainsariak aktibatzeko eta normalizatzeko estrategiaren ondorioz.
LABORAL Kutxaren bezero digitalen ehunekoak goraka jarraitzen du. Kanal digitaletarako sarrerak % 60tik gorako hazkunde egonkorra du, eta % 40 baino gehiago handitu da
Horrenbestez, urteko lehen sei hilabeteotan % 43,37 hazi da eperako ezarpenen saldoa. Ildo beretik, familiek eutsi egin diote aurrezkia errentagarritasun-aurreikuspen handiagoko balantzetik kanpoko zenbait figuratara bideratzeko joerari. Horietan, inbertsio-funtsen bilakaera positiboa nabarmendu da, eta gestiopeko ondareak % 8,03 egin du gora.
Familien eta enpresen kreditu-inbertsioa
Kreditu-inbertsio osoa 15.229 milioi eurokoa izan da; hau da, % 1,60ko hazkundea izan du urtarriletik ekainera. Merkataritzaren alorrean, LABORAL Kutxak azken urteetako jarduera positiboa berretsi du, % 1,84 handituz finantzaketa-bolumen garbia. Batez ere enpresarik handienetan nabaritu da hori, non % 5eko hazkundea izan den kredituen saldo bizian. Familien finantzaketaren atalean, hipoteka-saldo garbia ez da ia aldatu urtarriletik.
Horretarako arrazoi nagusia amortizazio aurreratuen erritmo bizia da, urteko lehen seihilekoan ere jarraipena izan baitu. Kontsumorako kredituari dagokionez, saldoak hazi egin dira zertxobait, % 1,1, hain zuzen, baina formalizazioak % 3 txikitu.
Bezeroei zuzendutako zerbitzu digitala
LABORAL Kutxaren bezero digitalen ehunekoak goraka jarraitzen du. Kanal digitaletarako sarrerak % 60tik gorako hazkunde egonkorra du, eta % 40 baino gehiago handitu da bulegoetako gestoreekin harremanetan jartzeko tresnen erabilera. Gailu digitalen artean, mugikorra nabarmentzen da; izan ere, bezeroen % 90ek horixe darabil tresna digital gisa.
Entitateak kanal mugikorrean funtzionalitateak garatzeko aurrera daraman inbertsio estrategia berresten du horrek. Bezero gazteen artean, % 98koa da ehuneko hori; nolanahi ere, % 66 bulego fisikora joaten da urtean behin, gutxienez. Maila kualitatiboan, azpimarragarria da LK Payren bertsio berria kaleratu izana. Teknologiaren aldetik segurtasun askoz handiagoa eskaintzen du, eta baita erabiltzaileesperientzia hobea ere.