Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Krean, Euskadiko azpiegitura handien ingeniaritza sustatzailea
Krean ingeniaritza bat da, MONDRAGON Taldean integratua, eta erreferentzia da Estatu-mailan era guztietako azpiegituren proiektuen diseinuan eta garapenean: museoak, kirol-instalazioak, eraikin bereziak, parke teknologikoak edo merkataritza-zentroak, plataforma fotovoltaikoak (Euskadin liderrak dira arlo horretan), garraio jasangarria eta uraren sektorerako zerbitzuak. Enpresak SPRI Taldearen Kloud programaren laguntza bat jaso du. Zerbitzu, datu eta aplikazio informatiko guztiak Cloud eremuetara migratzen laguntzen die programa horrek EAEko enpresei. SPRI Taldeak EAEko enpresei beren proiektuak ezagutarazteko aukera eskaintzen die “Zutaz mintzo gara” egitasmoaren bidez.
Krean 1975ean jaio zen, Euskadiko Kutxaren egituraren baitan, arkitektura- eta ingeniaritza- zerbitzuak eskaintzeko. 1991n kooperatiba gisa eratu zen (MONDRAGON Taldearen barruan, eta han jarraitzen du), LKS izenarekin. 2020an, izena aldatu eta Krean izena hartu zuen. Hala, eskaintza dibertsifikatu eta zerbitzu eta produktu berriak ematen hasi zen. “Eraikuntzarako urratsa ematen dugu, eta gero sustapenerakoa, baita jabe izan artekoa ere. Espazio horiek bilatzeko egin genuen jauzi hori “, azaldu du Jon Berbel konpainiako CEOak.
Negozio ezberdinak
Bi negozio nagusi ditu: arkitektura eta ingeniaritzako zerbitzu profesionalak eta eraikuntza eta sustapena. Horietan, arkitektura, industria, hiria eta lurraldea, eta produktuaren diseinua integratzen dira, eta 16 espezialitate eskaintzen dituzte, hala nola ekipamendu publikoa (museoak, unibertsitateak, kirol-estadioak), egoitzak, bulegoak eta parke teknologikoak, retail-a (merkataritza-zentroak), industria logistikoa, energia, nekazaritzako elikagaiak, industria-instalazioak, hiri-diseinua, ura, garraio jasangarria edo klima-aldaketa.
Enpresak multinazional handien proiektuak edo obrak egin ditu Euskadiko merkataritza-gune nagusietan. “Anoeta handitzeko lanak (Realaren futbol-estadioa), Athleticek Lezaman dituen kirol-instalazioak handitzeko lanak edo EHUk Bilbon duen Medikuntza Fakultate berria egin genituen”. Halaber, Madrilen Torre Europa eraberritzeko ardura hartu dute. Horren bidez, Europako birgaitze-sari bat jaso zuten. Bestalde, Madrilgo Generali enpresaren egoitza berritzeko lanak, Bilboko hirigintza-plan orokorraren aurrerapena edo Indonesiako Surabaya hirirako deskarbonizazio-plan bat ere egin dute.
Hasiera batean MONDRAGON Korporaziotik zetorren negozioa, baina bereziki dibertsifikatu egin da 90eko hamarkadatik aurrera. Orain, kooperatibak % 25 hartzen du, eta gainerako % 75 MONDRAGONetik kanpoko bezeroak dira. Bezero gehienak administrazioak eta sektore askotako enpresak dira, askotariko jarduerak eskaintzen baitituzte. “Azken aldian, inbertsio-funtsak ere indar handiz sartu dira”.
Energia berriztagarrien erreferentea
Azken urteotan, energia berriztagarrien erreferente bihurtu da, eta herritarren energia-komunitateak sustatzeko proiektuak bideratu izan ditu, hala nola eguzki-ekoizpeneko Ekiola kooperatibak edo energia eolikoa ekoizteko parkeak sustatzeko Haizean eredua. Kreanek orain arte 2.500 proiektu inguru egin ditu 14 herrialdetan. Bere bezeroen artean daude, besteak beste, Alcampo, Montepino edo Amazon, eta Euskadin, Biotech Food, EITB, Dikar edo Soraluce enpresak.
400 langile baino gehiago ditu, eta fakturazioa 57 milioi eurotik gorakoa izan zen iaz. Ekitaldi honetarako 60 milioira iristea aurreikusten dute. I+G arlora bideratzen du izandako diru-sarreren % 2,25
SPRI Taldearen Kloud programaren laguntza funtsezkoa izan da bere azpiegitura teknologikoa indartzeko. “Gure hodeiko sistema indartu dugu, haren edukiera eta segurtasuna hobetuz adimen artifizialarekin. Gainera, gure taldeen arteko denbora errealeko sinergia sustatzen duten elkarlanerako plataformak sortu ditugu BIM inguruneetan. Bereziki bulegoko eta obrako taldeen artean, guretzat erabakigarria den alderdia baita”. Aurten amaitzen da enpresaren plan estrategikoa, eta hausnarketa-aldi bati ekin diote, 2025etik 2028ra bitarteko indarraldia izango duen hurrengo plana egiteko. “13 mahai ditugu eratuta, eta horietan, pertsonei buruz hitz egiten dugu, produktuak birpentsatzeaz. Bestalde, eraikuntzarako eta sustapenerako berariazko mahaia dugu, eta alokairuko etxebizitza publikoetarako beste bat”.
Epe laburrerako proiektuen artean daude: Irunen 125 plaza baino gehiago dituen adinekoen egoitza bat eta EEEren eta Iberdrolaren eskutik, Arabako hegoaldean 130 gigawatteko energia fotovoltaikoko proiektu bat. Logistikaren arloan, HIG inbertsio-funts amerikar baten proiektu-zorro bat dute Araban, Cegasa eta Daewo izandakoen egoitzetan.
Iturria: Spri