Irakurriena
- 1. MONDRAGONeko Pertsonen Foroa egin zen ostiralean, Kursaalen
- 2. LagunArok 2024 ona itxi du eta sendotasunez begiratzen die etorkizuneko erronkei
- 3. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
- 4. LagunAroren etorkizuneko erronkak aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian
- 5. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 6. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
Korporazioaren Euskara Batzordea, etorkizun hurbilari begira

Korporazioaren Euskara Batzordea Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan elkartu da, abenduaren 2an. 2021 eta 2024 urte arteko euskararen plan estrategikoan lortutakoak izan dituzte hizpide dibisioetako ordezkariek, hala nola, dibisioetako kooperatibetako euskara plan eta dinamikak, dibisio arteko lanketak eta kooperatiba arteko komunikazioak, esaterako.
Datu horien artean, nabarmentzeko da egun MONDRAGONeko kooperatibetan lanean ari direnen 10etik 8k dituztela euskara planak edo dinamikak lantokian. Bikain kalitate ziurtagiriak eta Batzar Nagusietako eta foroetako erabilera datuak ere aztergai izan dituzte, besteak beste.
Bigarrenik, aurrera begirako lanketak izan dituzte hizpide. Horien artean, ondokoak nabarmentzen dira: talentuari begirako erronkak euskararen betaurrekoekin lantzea, euskara planak berariaz kooperatiben lehiakortasuna areagotzeko palanka gisara aztertzea eta euskarak berarentzako aitortuak izango dituen komunikazio funtzioak eta gune hegemonikoak izatearen garrantzia.
Azkenik, aurrera begira landu beharreko ildo horiek garatzeko nola antolatu eta komunikatu hausnartu dute bertaratutakoek.