Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
"Koronabirusaren aurkako antidotoa norberaren erantzukizuna eta pertsonen arteko distantzia da"
Zer diozu modako gaiaz, Covid-19az?
Bada, gure esku dagoela. Egin beharrekoa denok egiten badugu, eustea lortuko dugu. Erantzukizun pertsonalaren garaia da: pertsonen arteko distantzia gordetzea, eskuak garbitzea eta maskara. Erraz-erraza da. Baina denok egin behar dugu. Nire ustez garrantzitsua da jakitea birusa pertsonatik pertsonara kutsatzen dela. Txertoa iritsi arte babesten bagara eta besteek ere babesten baditugu, ez gara kutsatuko. Baina, berriro diot, gure esku dago. Gure osasuna eta gure ekonomiaren etorkizuna daude jokoan. Eta gomendio bat: jendeak har dezala gripearen aurkako txertoa
Eta zu, jada, zure gauzak jasotzen, ezta?
Bada, bai. Gaur, uztailak 30 da nire azken eguna, 32 urteko lan ibilbidea egin ondoren. Ia hiru urte Fagorren "unibertsitatean", laneko medikuntza ikasten, non arlo horretan oso aurreratuta gindoazen. Talde handi batekin: Alfonso Tovar, Víctor Arana, Jon Astiz, Iñaki Bordes eta Carlos Beltrán (azken horren ordez sartu nintzen ni). Eta talde osoa Román Balanzategiren zuzendaritzapean, LagunArotik.
Eta gero…
LagunArora. Beste eskola handi bat –lankideak Eukeni Olabarrieta, Joaquin Bedia…– Beste 14 urte. Eta 2004ko martxoan ULMAra etorri nintzen, laneko mediku zereginetan. Oso gustura egin dut lan Oñatin Mirari, Anabel, Maite, Arantxi eta Mikelekin.
32 urteen balorazioa?
Oso balorazio ona, bai arlo pertsonalari zein profesionalari dagokienez. Zoriontsua izan naiz, ibilbideaz gozatu dut eta inguruan jende ona izan dut. Esperientzia polita, denetariko garaiak izan badira ere, oparoaldiak nahiz krisialdiek, egun bezala. Zorionez, sasoi onean hartu gaitu, defentsa onekin eta osasun egoera onean orokorrean.
“Uste dut partaide izatearen sentimendua desagertu egin dela. Kooperatiba proiektu kolektibo bat da, baina gutxitan erabiltzen da gu izenordaina”.
Kooperatiba osasuntsu dago?
Osasunaren ikuspegitik, alderdi osteomuskularrak nahiko patologia ohikoa izaten jarraitzen du -beraz, gainditu gabe dugun ikasgaia-, eta areagotzen ari dira arrisku psikosozialek eragindako patologiak eta kirol jardueren ondoriozko lesioak.
Prebentzioan eta segurtasunean aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina prebentzioaren kulturan hazteko beharra dugu. Egiten den guztia gutxi izango da zero istripura iristeko. Izan ere, prebentziorako ezinbestekoa da konpromisoa, lidergoa eta erantzukizun dosi handia norberaren aldetik.
Baita absentismoaren kudeaketan ere, edo?
Oso garrantzitsua. Are gehiago, gainera, kontuan hartuta gure absentismoa denon artean ordaintzen dugula kuotaren bidez. Sozietateak zahartuz doaz, pertsonen errotazio gutxiago izan da, eta patologiak handituz doaz gure kolektiboen batez besteko adina ere haziaz doan heinean. Zenbat eta zaharrago, orduan eta patologia gehiago. Irudimentsuak izan behar dugu, eta lanpostuak garatzen eta egokitzen jarraitu, patologiak saihesteko eta pertsonen egokitzapena errazteko.
Eta zer diozu beste "osasunaz"?
Kooperatibak, gizartea bezala, aldatu egiten dira, eta ez dira lehengoak. Orain indibidualistagoak gara, bai kooperatibetan bai gizartean. Lanaren balioa aldatu egin da, baita bizi-lehentasunak ere. Eta uste dut partaide izatearen sentimendua desagertu egin dela. Kooperatiba proiektu kolektibo bat da, baina gutxitan erabiltzen da "gu" izenordaina.
Hurrengo urteetarako Igarzabalen plan estrategikoa?
Bizi! Ez dut estresatu nahi. Golfean gehiago arituko naiz (egungo handicapa: 23,8) eta gehiago gozatuko dut familiaz, gastronomiaz —nahiz eta pisuz jaitsi nahi dudan— eta bidaiez —hurrengo geltokia: Menorca, irailaren 3a; Cavallseko Cami egingo duten beste erretiratu batzuentzako laguntza logistikoa—. A! eta Laneko Medikuntzaren Elkartean jarraituko dut eta ULMA Medical Imaging negozioa laguntzen arituko naiz.
Erretirobirusak on egin dagizula. Bejondeizula!
Eskerrik asko! Eta bestela, lanera itzuliko naiz eta kito.