Kooperatibismoaren sorreraz

Kooperatibismoaren sorreraz

Igor Ortega Sunsundegi. Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegia.
Kooperatibismoaren sorrerak badu halako misterio puntu bat. Kooperatibismoa noiz eta non hasi zen zehaztea ez da erraza. Izan ere, sozialismoa, anarkismoa edo liberalismoa gisako ideologia nagusien aldean, kooperatibismoaren sorrera ez da pentsalari zehatz bati lotu dakiokeen proposamen teorikoa. Lotura hori egiteko saiakeran edo, tentagarria izan ohi da kooperatibismoaren sorrera unea 1844an abiatu zen Rochdaleko esperientzia kooperatiboan kokatzea.
2022/03/28

Egun zabaldurik dagoen uste horren arabera, kooperatibak ehungintza industriako langile talde batek osatutako formulazioaren oinordekoak dira. Industria Iraultzaren aroan, langabe zeuden 28 ehulek Printzipio Kooperatiboen ernamuina izango diren estatutuak idatzi eta kontsumo kooperatiba arrakastaz abiatzean kokatuko litzateke kooperatibismoaren abiapuntuaren unea.

Rochdale?

Kooperatibismoaren bilakaeran, Rochdaleko aitzindarien esperientzia kooperatiboa mugarri garrantzitsua da ezbairik gabe. Baina sorrera unea esperientzia hartan jartzerakoan zalantzak urgaineratzen dira garaiko literatura aztertuz gero.

1833 urtean, -Rochdaleko esperientziaren hamaika urte aurretik beraz-, Philippe Buchez frantsesak langileen kooperatiben irizpideak argitaratu zituen eta, ezaugarri horien oinarrian, l’Association chretienne de bijoutiers en dorè langileen kooperatiba sustatu zuen. Lan elkartuko kooperatiben aitzindaria da ezbairik gabe Philippe Buchez. 1827. urtean William King medikuak The Cooperative Trading Association kontsumo kooperatiba sortu zuen Ingalaterrako Brightonen. The Co-operator hilabetekariaren bidez, gainera, kooperazioaren ideien zabalkundean aritu zen eta, aipatzen denez, 300 gora kooperatiba eratu ziren haren eraginpean. XIX. mendeko lehen hamarkadetako Britania Handiko langileen lehen oldarraldian, langileek grebak eta kooperatiben eratzeak erabili zituztela diosku G.D.H. Colek garaiko industria kapitalismoari aurre egiteko. Kooperatiben hainbat kongresu ospatu zituzten ere kooperazioan oinarrituriko gizarte antolamendu berria ezartzeko helburuan.

Kooperatiben aztarnak, halaber, XVIII. mendean aurkitzen dira. Adibidez, E.P. Thompson historialariak 1796an Birminghamen sortu zen Union Mill elkartearen berri ematen du. 1.360 bazkideek, langile girokoak gehienak, ogia ekoizpen salneurrian eskuratzen zuten kooperatiba eran kudeaturiko errota horren bidez. Rochdale aurretiko esperientzia hauek guztiak kooperatibismoaren sorreran zer arakatua badagoela adierazten dute.

Ekonomia moralaren katebegia

Thompsonek XVIII eta XIX mende hasierako kooperatiba saiakerak industria aurreko gizarteen “ekonomia moralaren” katebegi gisa aurkeztuko ditu. Usadioek, ohiturek, gizarte balioek eta komunitatearen espektatibek merkatuaren logika mugatu eta arautu egiten zutela adierazi nahi zuen kontzeptu horren bidez. Gure ustetan, zalantzarik ez dago kooperatibak komunitate logikatik eratorritako lankidetza, elkartasun eta elkarlaguntza ikuspegiak bereganatuz eta instituzionalizatuz garatu direla. Baina kontuan hartzekoa da, halaber, kooperatibismoak berezko ezaugarri bereizgarriak dituela eta, hauetako asko, industria kapitalismoaren gizarte baldintza berrietan aurkitzen dutela oinarria. Gizarte tradizionalaren usadioek zedarritzen zituzten arauen eraispenetik jaiotzen da kooperatiben eredua. Atxikimendu librea eta demokraziaren printzipioak esaterako, liberalismoak ekarritako aro berriaren oinarrietan errotzen dira. Kooperatibismoaren eraldaketa egitasmoak, urruneko komunitate idealizatuak berreraiki barik, kapitalismoa gaindituko duen etorkizuneko gizarte kooperatiboa du amets.

Gizarte tradizionalaren errautsetan, eta industria kapitalismoak onduriko gizarte baldintzetan, halaber, topatuko du bidea kooperatibismoak langile eta herri sektore zabaletan sustraiak zabaltzeko.  

Langileen lehen antolaketa praktikak

Sozialismoa eta liberalismoa bezala, modernitatearen alaba da kooperatibismoa. Hortaz,  XVIII eta XIX mendeetan zabalduriko aroan aurkitzen dira haren sorrera-iturriak. Kooperatibismoaren jatorria eta izate-arrazoia arakatzeko, beraz, zentzuzkoa dirudi industria kapitalismoaren garapenaren testuinguruan marrazten hasi ziren mugimenduetan eta ideietan arreta jartzea.

Zehatz esateko, kooperatibismoaren iturria langile eta herri sektoreen inguruneetan ernalduko diren antolaketa-praktika eta ideia sistemetan aurkitzen da. Praktika eta ideia hauek, industria kapitalismoaren aurrean, babes egiturak ez ezik, gizarte berri baten idealaren ernamuina izango dira. Bi bulkadez elikaturik agertuko da langileen eta herri sektoreen mugimendu hasiberri hori. Batetik, langile auzoetan elkar sostengatzeko, lantokietan borrokak garatzeko edota lana eta kontsumoa era kolektiboan antolatzeko eratzen joan ziren elkartegintza praktikez. Eta, bestetik, sozialista asoziazionista gisa ezagutuko diren erreformisten ideien eta esperimentazioen hedapenaren bidez. Hauek, industria kapitalismoak eta lehia librearen doktrinak eragiten zuten sarraski sozialaz ikaraturik, asoziazionismoaren bidetik, ordena liberal eta kapitalista gainditzeko hainbat alternatiba garatu zituzten. Bi horiek dira, ondorioz, kooperatibismoaren sorrera iturriak. Kaplan eta Drimerrek haien idazlan bikainean adierazi bezala:

“Kooperatibak, askotan, modu espontaneoan sortu ziren, kontsumitzaile, langile edo ekoizle txiki eta ertainen nukleo batzuen ahaleginari esker; kasu horietan, asoziazio eta elkarri laguntzeko tradizioetan inspiratu ziren, eta elkarren laguntza erakundeak, ‘erresistentzia’ elkarteak edo herri izaerako beste erakunde batzuk ere sortu ziren.

Baina, ekintza espontaneo horrekin batera, eta horrekin nahasturik edo nola halako loturan, ekimen horietako zenbait inspiratu edo gidatu zituzten erreformista eta doktrinario sozialen pentsamendua ere garatu zen; eta, halaber, hainbat pertsona praktiko, filantropo edo estatistaren jarduera ere ageri da, zeintzuek, gizarte maila sozial desberdinetakoak izanik ere, jendartearen zatirik handiena kolpatzen duten arazo larrietarako irtenbideak sustatzen baitituzte”.

Kooperatibismoaren sorreraz, hortaz, bada oraindik zer ikertu. Horretan ahaleginduko gara laster argitaratuko dugun Lanki koaderno berrian. Ale honetan, kooperatibismoaren sustraiak arakatzeko asmoan, iraultza industrialaren lehen aroan langile eta herri sektoreek garatu zituzten antolaketa eta elkartegintza moduetan jarriko dugu arreta. Ea gozagarria zaizuen.