Kooperatibagintzan Aditu Tituluaren hamargarren edizioa urriaren 20an hasiko da

Kooperatibagintzan Aditu Titulua 2008. urtean abiatu zen. Ordutik, 9 edizio egin dira eta, guztira, Mondragon Taldeko 41 kooperatibatako 184 kooperatibistak parte hartu dute gaur arte. Aurtengoa izango da hamargarrena.
Card image cap
2017/10/10

Kooperatibagintza Aditu Tituluaren edukiak bost modulutan banatuta daude. Lehenean, gaur egungo gizarte erronkak eta kooperatibagintza aztertzen da; bigarrenean, Arrasateko Kooperatiba Esperientzia: sorrera, bilakaera historikoa, ezaugarri nagusiak eta etorkizuneko erronkak; hirugarrenean, Kooperatibismoa, eraldaketa soziala eta garapen komunitarioa; laugarrenean demokrazia eta parte-hartzea aztertzen dute ikuspegi kooperatibotik; eta bosgarren moduluan aztertzen da pertsona erakunde kooperatiboaren baitan: antolakuntza eta kultura kooperatiboa, lidergoa eta motibazioak.

Kurtso bukaerako proiektua

Partaideen kooperatibaren Proiektu Sozio-Enpresariala indartzen lagundu nahi du formazio honek, dimentsio kooperatibo edo sozialaren garapenean begirada jarriz. Horretarako, ikasleari lan tresnak eta estrategiak eskaini nahi dizkio aditu titulu honek.

Gaur egungo errealitate konplexua eta bere erronkak kontuan izanik, ikastaroak kooperatibaren proiektuari ekarpena egin nahi dio begirada integral batetik, identitate eta praktika kooperatiboa aztertuz eta elikatuz.

Asmo nagusiak

Errealitate kooperatiboa ulertu eta aztertzeko ikasleari ezagutza teoriko-praktiko sendoa ematea. Kooperatiben Proiektu Sozio-Enpresarialaren garapenerako ezagutza eta erremintak eskaintzea. Kooperatiba ezberdinetako partaideen artean gogoeta bultzatzea eta praktiken elkartrukerako abagunea sortzea. Eta Kooperatibaren Proiektu Sozio-Enpresariala indartzeko proiektu praktiko bat garatzea dira Aditu Tituluaren asmo nagusiak. 

Hala, bideratuta dago Kooperatibako organo sozial eta exekutiboetako kideei. Proiektu kooperatiboa bultzatzeko potentziala eta sentsibilitatea duten pertsonei eta bere burua kooperatibismoan janzteko gogoa duen orori.

Metodologiari dagokionez, perspektiba hirukoitz batetik helduko dio kooperatibismoari: lehenik, teoria eta ezagutza sakonduz; bestetik, kooperatibismoan bizipen eta praktika metatua duten protagonisten zuzeneko lekukotzak trukatuz; eta hirugarrenik, kooperatibisten artean hausnarketa eta elkarrizketarako tarteak zabalduz.

Ikasleek proiektu bat landuko dute, ikasitakoa kooperatibetan modu praktikoan gauzatu dadin. Kurtso bukaerako lan horrek kooperatiba bakoitzaren Proiektu Sozio-Enpresarialak duen behar eta erronka zehatz batekin lotura izango du. Proiektu bakoitzak, Mondragon Unibertsitateko LANKI Ikertegiko irakasle baten tutoretza izango du.

Aurreko urteetako ikasleek esandakoak

“Adituko esperientziatik pasatzea norberaren erakundearen kultura nolakoa den hobeto identi katzen lagundu dit eta kultura kooperatibo batera hurbiltzeko pistak eman dizkit, beti pertsonaren gura erdian egonik eta ondo eginiko lanak duen garrantzia goraipatuz”.

“Kurtsotik pozik irten naiz, proiektu kooperatiboarekiko ezagutza eta konbentzimendua indartuta. Honek, nire kooperatibako beste pertsonei ikastaroan bizi eta ikasitakoa transmititzeko aukera ematen dit.”

“Testuinguru formal batean kooperatiba ezberdinetako pertsonak ezagutu eta esperientziak konpartitzeko aukera dudan lehen aldia da”.

“Kooperatibak bizi dugun egoera kontuan izanik behar beharrezkoak dira pertsona motibatuak, konprometituak eta kooperatibarentzako lan egiteko prest daudenak eta horrelako ikastaroak zentzu honetan laguntzen dute”.

“Kooperatibista izakeran kontzienteago egin nauela uste dut, eta gaur egungo erronkei aurre egiteko jarrera aldaketarako grina piztu dit.”

 

Irakaskuntza unibertsitate zentroa