Kontuak oker datoz!
Demografikoki, egoera ez da makala. Ikus dezagun: Ba al dakizu Euskadin 100 urtetik gorako ia 1.000 pertsona ditugula? Eta hori oso ondo dago, gero eta urte gehiago bizi garela adierazten baitu. Eta badakizu, Eustaten aurreikuspenen arabera, 2036an gora egiten jarraituko duela 65 urte edo gehiagoko biztanleriak, eta %29,3 izatera iritsiko dela? Edo Euskadiko biztanleriaren hazkundea, 2036ra arte, migrazio balantzari soilik zor zaiola (immigrazioak ken emigrazioak), 194.700 pertsona ekarrita? Eta balantza naturala (jaiotzak ken heriotzak) kontrakoa izango da denboraldi osoan, eta horrek eragingo luke 109.900 biztanle gutxiago izatea, heriotzak gehitzearen eta jaiotzak gutxitzearen ondorioz?
Horiek dira testuinguru konplexu baten itxura duten datuak. Izan ere, biztanleriaren piramide horrek erronka kritikoak planteatzen ditu pentsio-sistemen iraunkortasunari, osasun-arretari eta lan-indarrari dagokienez, besteak beste. Era berean, biztanleriaren zahartzeak biztanleria aktiboaren murrizketa dakar, hau da, langile gutxiago funtsezko industriei eusteko, gureetako batzuk bezala.
“Mugitu beharko dugu. Gobernuak, enpresak eta sozietate zibila inplikatu beharko ditugu, bilakaera horren ondorio negatiboak arintzeko, hazkunde iraunkorrari eta gizarte-kohesioari dagokienez”
Azken finean, erronka ikaragarri handia da, eta ez dakit horretaz oso kontziente garen. Izan ere, bilakaera demografikoak eragina izango du gure ikastetxeetan –matrikulazio kopuruak behera egingo du–, gure industria-enpresa gehienetan –talentua erakartzeko eta atxikitzeko borroka jada errealitate bat da–, baita gure kontsumo-ereduetan ere – bai elikaduran, eta baita aisialdian ere–. Mugitu beharko dugu. Gobernuak, enpresak eta sozietate zibila inplikatu beharko ditugu, bilakaera horren ondorio negatiboak arintzeko, hazkunde iraunkorrari eta gizarte-kohesioari dagokienez.
Zer egin daiteke?
Irtenbide batzuk ikuste aldera, adituek honako hauek aipatzen dituzte: jaiotza-tasa sustatzea (familiari laguntzeko politikekin eta, lana, eta familia bateragarri egiteko neurriekin); talentua erakarri eta atxikitzea (etorkin kualifikatuen etorrera eta integrazioa erraztea); edo berrikuntza eta digitalizazioa sustatzea (produktibitatea handitzeko eta lan-indarrarekiko mendekotasuna murrizteko). Nire ustez, erronka demografiko horren aurrean, hurrengo urteetan gizarte-kohesioan jarri behar dugu fokua. Etorkinen integrazioa, baliabideen birbanaketa eta politika inklusiboak sortzea funtsezkoak dira gizarte-harmoniari eta belaunaldien arteko elkartasunari eusteko. Hau da, egokitzapen-ariketa bat –60 eta 70eko hamarkadetako esperientzia dugu, Euskadira jende asko iritsi zenekoa–, gure nortasuna eta balioak ahaztu gabe, etorkizuneko belaunaldientzat etorkizun oparoa eta iraunkorra sortzeko.