Komunikazio adimenduna

Komunikazio adimenduna

Idurre Albizu, Garaia Parke Teknologikoa
Duela hilabete batzuetatik, Chat GPT merkaturatu zenetik, Adimen Artifizialaren (AA) kontzeptua gure bizitzetan txertatzeko prozesua azkartu da.
2024/04/10

1956an John McCarthyk Darmoutheko Konferentzian lehen aldiz terminoa azaldu zuenetik, pixkanaka aplikatzen eta zabaltzen joan da eremu pertsonalean eta profesionalean, ia konturatu gabe.

Hilabete hauetan ikasi dugu AAk jasotzen duen informazioari esker ikasten duela lehenik, eta, ondoren, arrazoibide logikoaren bidez, giza burmuina simulatuz, emaitzak ematen dituela.

Eta mekanismo hori bera komunikazioari aplikatuko bagenio? Komunikazio adimentsua lor genezake? Nola eragingo lieke horrek gure komunikazio-prozesuei eta emaitzei?

Une honetan, Pierre Arnauden esaldi bat datorkit burura: "Nik badakit uste duzula ulertzen duzula zer esan dudan, baina ez dakit konturatzen zaren entzun duzuna ez dela nik esan nahi nuena". Ahokorapiloa dirudi, baina komunikazioan antzekoa gertatzen da.

“Teknologia honen erabilerak galdetzeko modua aldatzera behartzen gaitu, erantzun zehatzagoak eta gure beharretara egokituagoak lortzeko”

Komunikazio eraginkorrerantz

Komunikazioa ahalik eta ondoen gauzatzen dela ziurtatzeko, ez litzateke gaizki etorriko pertsona edo erakunde gisa geure buruari galdetzea eta guri entzutea, lehenik eta behin ulertu eta gero benetan igorri nahi dugun mezua lantzen lagunduko digun beharrezko informazio guztia izateko.

Baina hau ez da nahikoa. Mezua igorri ondoren, berriro galdetu behar diogu inguruneari eta hartzaileari, eta arretaz entzun, zer iritsi den, nola jaso den, komunikazio horren helburua bete den ala ez identifikatzeko.

Eskema horrek, enpresa-prozeduretara eramanda, etengabeko hobekuntzako PDCA (Plan, Do, Check, Act) diagramaren antza izan dezake, eta bertan Galdera– Entzuketa–Lanketa–Igorpena aipatuko genituzke. Lehen 3 faseak lanaren % 99 izango lirateke, eta, normalean komunikazioa esaten dioguna, igorpeneko prozesuaren azken zatira mugatuko litzateke.

AA Generatiboarekin gertatzen dena da eskaintzen dizkigun erantzunen zehaztasuna zuzenki proportzionala dela egiten dizkiogun galderen. Chat GPTtik lortzen dugun erantzuna ez badator bat nahi dugunarekin, ez dugu AA aldatuko, galdera aldatuko dugu.

Teknologia honen erabilerak galdetzeko modua aldatzera behartzen gaitu, erantzun zehatzagoak eta gure beharretara egokituagoak lortzeko.

Duela 2.500 urte baino gehiago, Grezian, lehen filosofoak konturatu ziren galdera eta inguruaren behaketa zirela ezagutzaren atea irekitzen zuten giltzak. Gaur egun AA gure portaeren behaketan oinarritzen da, eta Caht GPT galderetan, gure beharretara egokitzen diren balio-proposamenak guri itzultzeko. Espero dut, era berean, gure bizitzan eta gure enpresetan, galdetzeko eta entzuteko gai izango garela, gure komunikazio- prozesuak komunikazio adimendun bihurtzeko.